Kontzertuak, ipuin musikalak eta haurrendako lantegiak, Pablo Sarasateren ondarea bizirik mantentzeko

Kontzertuak, ipuin musikalak eta haurrendako lantegiak, Pablo Sarasateren ondarea bizirik mantentzeko
Aste honetan, Kondestable Civivoxean programazio anitza izanen da, musikari ospetsuaren heriotzaren 111. urteurrenaren kariaz

Irailaren 20an, 1908koan baina, hil zen Pablo Sarasate, Biarritzen. Biolin-jotzaile iruindarrak, orduan 64 urte zituelarik, nazioartean jasoa zuen aintzatespena. Haren konposizioak eta biolina jotzeko modua mundu zabalean ziren ezagun. Orain, 111 urteren buruan, Iruña jaioterria beti bihotzean izaten zuen musikari ospetsu honen lana aldarrikatzen jarraitu nahi da Kondestable Civivoxean. Horregatik, aste osorako jarduera-sorta antolatu da Sarasateren ondarea zikloaren barruan. Ekitaldiek, haurrei zein helduei zuzenduta, Sarasateren figura eta utzi duen musika-ondarea nabarmentzea dute helburu.

Lehen proposamena Ipuin-kontzertua da, biolinerako eta orkestrarako. Ostegunean izanen da, irailak 19. Sergio de Andrések izanen du ahozko eszena-narrazioa moldatzeko ardura, bertan musika eta ipuina uztartuta, biolin-jotzailearen bizitzaren inguruan. Jarduera, bereziki lau eta bederatzi urte bitarteko haurrei zuzendua, 18:00etan hasiko da. Sarrera doan da (leku guztiak bete arte).


Musika-argazkiak
Urteurrenaren egunean, irailaren 20an, Zura Quartet txirula- eta hari-laukoteak eta Beatriz Pomések emanen dute kontzertua Kondestable Civivoxean. Hor, Pablo Sarasateren errepertorio zabalaren musika-mugarri nagusiak jarriko dituzte entzungai, hain zuzen, 1880 eta 1890eko hamarkadetakoak, aipatzen dutenez, bereziki emankorrak izan baitziren, hainbat musika-estetikak bat egiten zutelako. Kontzertuak, Pablo Sarasate (1880-1890). Argazki musikal bat izenburupean, urte horien argazki bat izan nahi du, hain zuzen ere, eta Sarasateren sormen-lanak horren garaikideenarekin lotu. Emanaldia 20:00etan hasiko da, Kondestable Civivoxeko patioan. Sarrera doan da. Leku guztiak bete arte utziko da sartzen.

Haurrentzako lantegi bat izanen da Sarasateren ondarea zikloaren barruan antolatutako azken jarduera, larunbat goizean, irailak 21. Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrentzat pentsatuta, Sarasate ezagutzeko saioa: biolin baten abenturak du izenburua. Parte-hartzaileak musika-munduan barneratuko dira biolin-jotzaile iruindarraren bitartez, eta paperezko biolin bat, agertoki bat eta pertsonaia bat sortuko dituzte. Sormen-jarduera horren helburua haurrek nork bere musika-kontakizuna asmatzea da. Lantegia Kondestable Civivoxean bertan izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Guztira hamabost leku aurreikusi dira; hortaz, interesdunek jarduera hasi baino 48 ordu lehenago arte eman beharko dute izena. Lantegiak bi euroko kostua dauka.


JARDUERAK

 

Ipuin-kontzertua biolinerako eta orkestrarako

  • Irailak 19, osteguna. 18:00.
  • 4 eta 9 urte bitarteko haurrentzat.
  • Sarrera doan, leku guztiak bete arte.

Pablo Sarasate 1880-1890. Argazki musikal bat

  • Irailak 20, ostirala. 20:00.
  • Adin guztietarako
  • Sarrera doan, leku guztiak bete arte.

Sarasate ezagutzeko saioa: biolin baten abenturak

  • Irailak 21, larunbata. 10:00 – 13:00.
  • 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
  • Sarrera: 2 euro. Izena jarduera hasi baino 48 ordu lehenago arte eman daiteke.
¿Te ha sido útil esta página?