Konpartsako irudiak Ziudadelako Arma Aretoan ikusgai egonen dira uztailaren 14ra arte, asteazkenarekin

Konpartsako irudiak Ziudadelako Arma Aretoan ikusgai egonen dira uztailaren 14ra arte, asteazkenarekin
Ziudadelako erakusketa-aretoak astelehenetan itxita egon ohi dira, baina gaur goizez eta arratsaldez zabalik egonen dira

 

Iruñeko erraldoien eta buruhandien konpartsaren 25 irudiak Ziudadelako Arma Aretoan ikusgai daude datorren uztailaren 14ra arte (asteazkena), 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era. Pandemiaren murrizketen ondorioz aurten bigarren urtez ezin direnez hiriko kaleetan barna ibili uztailaren 6tik 14ra, Iruñeko Udalak ekimen hau abiatu du jaien egunak izan beharko luketen hauetan txikienek aukera izan dezaten konpartsa gertutik ikusteko eta irudiekin argazkiak ateratzeko, betiere indarrean diren osasun-neurriak bermatzen dituen ingurune batean.

Uztailaren 6az geroztik ikusgai daude, doan, Ziudadelako Arma Aretoaren beheko solairuan konpartsa osatzen duten zortzi erraldoi, bost buruhandi, sei kiliki eta sei zaldikoak. Aretoa segurua izateko behar diren neurriak hartu dira. Sarbide-kontrola ezarri da, eta 30 lagun baino ezin dira egon aldi berean barruan. Horrez gain, irudiak babesteko zinta-hesiak paratu dira jendeak ukitu ez ditzan. Hala ere, nahi duenak irudiekin argazkiak ateratzeko aukera du.

Lehen egunetan Ziudadelan bisitari gehien izan dituen erakusketetako bat izan da, eta une batzuetan, noizean behin, kanpoan jende asko pilatzearen ondorioz sarbide-kontrolean itxaron beharreko denbora handitu da. Erakusketak ikusmin handia sortuko zuela aintzat hartuta, Iruñeko Udalak aldez aurretik Ziudadelako aretoen ohiko ordutegia aldatu zuen, eta igande arratsaldean eta jaiegunean zabalik egon zen, baita gaur (astelehena) ere, normalean Ziudadelako erakusketa-guneak astelehenetan itxita egon ohi badira ere.

Konpartsa, uda honetan Ziudadelan ere arituko da

Egun hauetan Arma Aretoan dagoen erakusketaz gain, konpartsak udarako antolatu dituen lau erakustaldi-jardunaldietan ‘Erraldoien dantza’ ikuskizuna ikusteko aukera egonen da. Aurreneko bi egunetan gonbidapen guztiak agortu ziren, baina beste bi aukera gehiago egonen dira erraldoi, buruhandi, zaldiko eta kilikiekin gozatzeko: uztailaren 28an eta irailaren 4an. Uztailaren 28ko (asteazkena) hiru emanaldiak 18:30, 19:30 eta 20:30ean izanen dira. Gonbidapenak www.pamplonaescultura.es webgunean lortzen ahalko dira, uztailaren 15eko (ostirala) 12:00etatik aurrera. Irailaren 4an (igandea), ‘Erraldoien dantza’ ikuskizunaren zazpi emanaldi izanen dira, 10:00, 11:00, 12:00 eta 13:00etan, eta 18:30, 19:30 eta 20:30ean. Emanaldi horietarako gonbidapenak abuztuaren 20ko 12:00etatik aurrera hartzen ahalko dira.

‘Erraldoien dantza’ ikuskizunean pakete misteriotsu bat iristen da Xabierren eskuetara. Aitonak bidali dio, irudi bitxi batzuk eta gutun bat erantsita. Gutunean, Xabierren aitonak konpartsari lotutako bizipenak eta esperientziak kontatzen dizkio bilobari. Oholtza gainean, dantza koloretsuak ikusita, Xabierrek bere eginen du Iruñeko Udalaren Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak sortzen duen ilusioa.

Ziudadelak sanferminak gogoratzen jarraituko du uda osoan

Ziudadelako erakusketa-aretoak udan sanferminei buruzko erakusketa-gune handi bilakatuko dira, lau erakusketarekin, zeinetan ikusgai egonen baitira Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumako 27 egileren obrak, tokiko 57 artistek apropos sortutako 57 obra, Nafarroako hainbat diseinatzailek ospatu ezin diren festa batzuetarako pentsatutako 44 kartel eta ikus-entzunezkoen 3 proiekzio. Horrela, uztailaren 2tik irailaren 12ra bitarte, Mistoen eraikinean ‘Imajinatutako sanferminak’ egonen da ikusgai, Bolborategian, ‘2020-2021 Dantzatu ez genuen urteak. Ospatu ezin izan zen festa baterako kartelak’, Labean, ‘Begiradak… Irudipenak… Zirrarak…’ erakusketa, eta amaitzeko, Arma Aretoko lehen solairuan ‘Egurra tristurari. Parerik gabeko festa baten oroigarriak’ izanen dugu ikusgai.

Sanferminen inguruko erakusketa-proposamen hau Iruñeko Udalak antolatutako ‘Biba Iruña bizirik!’ programaren barruan dago, eta 400 kultur-jardueratik gora eskaintzen ditu, udako egun guztietarako proposamenekin. Ziudadelako aretoen bisita-ordutegia uztailaren 14tik aurrera honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

 

¿Te ha sido útil esta página?