Kondestablearen Jauregian egonen da ikusgai, martxoaren 26ra arte, ‘Le Piazze (In)visibili’ erakusketa, konfinamendu garaian 21 plaza italiar hutsik agertzen dituzten argazkiekin, beste hainbeste idazleren gogoetek lagunduta. Irudiak 19 argazkilari italiarrek hartu dituzte. Erakusketa ibiltaria Madrilgo Kultur Institutu Italiarrak sustatu du, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolarekin batera eta Italiaren Espainiako enbaxadaren laguntza jasota.
Iruña izanen da erakusketa ibiltari honen lehenbiziko hiria eta abiapuntua, gero beste hiri espainiar batzuetara joanen baita. Erakusketaren aurkezpenean parte hartu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak, María Luisa Pappalardo Kultur Institutu Italiarreko zuzendariak eta Miguel Ángel Alonso del Val Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendariak. Hona bisita-ordutegia: astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.
Bidaia eskuarki jendetsu eta orain hutsik dauden Italiako plazen edertasunean barna
Erakusketa Marco Deloguk sortu du, ezberdin diren bi osagai, irudiak eta hitzak, elkartuta, konfinamenduan bizi izandako une historikoa atzematen duen multzoa osatzeko, noiz eta eskuarki oso jendetsuak izaten diren gune historiko hauek hutsik geratu baitziren.
Bidaia iradokitzailea proposatzen du plaza italiarren edertasunean barna, gogoetak eraginez historikoa izan den “etendura” unea eta historian zehar “plaza” kontzeptuaren inguruan garatu diren balio identitarioak abiapuntu hartuta. Iruñeko alkatearen hitzetan, erakusketan “hala argazkiek nola testuek gogoetara eta behaketara gonbidatzen dute”.
Besteak beste honako plaza hauek ikus daitezke: Popolo edo Navona plaza, Erroman; San Marko, Venezian; Piazza Santa Croce, Florentzian eta Piazza del Duomo, Milanen.
Erakusketaren protagonistak
Honako egile hauen irudiek deskribatu dituzte plaza italiarrak: Olivo Barbieri, Jacopo Benassi, Luca Campigotto, Michele Cera, Giovanni Cocco, Alessandro Dandini, Eva Frapiccini, Claudia Gori, Alice Grassi, Stefano Graziani, Raffaela Mariniello, Daniele Molajoli, Luca Nostri, Margherita Nuti, Francesca Pompei, Flavio Scollo, Luca Spano, George Tatge eta Paolo Ventura.
Eta idazkiak egile hauenak dira: Edoardo Albinati, Carlo Carabba, Francesco Cataluccio, Liliana Cavani, Benedetta Cibrario, Marcello Fois, Giovanni Grasso, Helena Janeczek, Nicola Lagioia, Jhumpa Lahiri, Margherita Loy, Maurizio Maggiani, Valerio Magrelli, Salvatore Silvano Nigro, Clio Pizzingrilli, Elisabetta Rasy, Eduardo Savarese, Caterina Serra, Giorgio van Straten, Sandro Veronesi eta Francesco Zanot.