Kondestablen ikusgai dagoen erakusketa baten bidez, etorkizuneko Euskal Pilotaren Interpretazio Zentrorako hautatutako bost proiektuen infografiak eta deskribapenak aurkezten dira

Kondestablen ikusgai dagoen erakusketa baten bidez, etorkizuneko Euskal Pilotaren Interpretazio Zentrorako hautatutako bost proiektuen infografiak eta deskribapenak aurkezten dira
Urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an zentroaren erabilerei eta beharrei buruzko parte hartzeko lantegi bana eginen dira, eta doakoak izanen dira

Kondestable jauregiaren bigarren solairuan otsailaren 16ra arte iraungo duen erakusketan Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko ideia-lehiaketan hautatutako bost proiektuak egonen dira ikusgai.  Hainbat panelen bidez, erakusketak bost proiektuen birsorkuntzak, infografiak, planoak eta azalpenak bilduko ditu, herritarrek proiektuak ezagutu eta ekarpenak egin ditzaten.

Iruñeko Udalak parte hartzeko prozesu bat ireki du, proiektuari buruzko iritziak eta iradokizunak biltzeko. Zentroa zezen-plazaren atzealdeko orubean egonen da, Aralar kalearen eta Hemingway eta Juan Moya Barnedo pasealekuen artean. Hauek dira erakusketan aurkezten diren proposamenak: ‘Pareten Mintzoa’, O Arquitectura SLPrena; ‘Plaza eta horma’, Pereda Pérez Arquitectos SCP, Íñigo Beguiristain Repáraz eta Jokin Lecumberri Larrearena; ‘Hangar’, Moest Soc. Microcooperativa Profesional eta Tadeo Ruiz Tabernarena; ‘Entremuros’ OM Arq SLP sozietatearena, eta ‘Trinketeka’ Jesús Leache Resano eta Fernando Tabuenca Gonzálezena.

Prozesu horretan parte hartzea errazteko, Iruñeko Udalak hautestontzi batzuk prestatu ditu erakusketaren gunean bertan, herritarrek proiektuei buruzko iradokizunak helarazteko.  Parte hartzeko prozesuari buruzko informazio guztia Erabaki iruña webgunean kontsultatzen ahal da, eta webgune horretan bertan ere egin daitezke hautatutako proiektuei buruzko iradokizunak. 

Parte hartzeko lantegiak urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an
Lantegiak datorren astean hasiko dira, eta etorkizuneko Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa eraikitzeko parte hartzeko prozesua osatuko dute.   Bi lantegiak Kondestablen eginen dira, urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an, 18.30ean. Doako lantegiak dira eta edozeinek parte har dezake bertan. Parte-hartzaileek aurrez eman behar dute izena Erabaki Iruña webgunean eskuragarri dagoen online inprimaki baten bidez. 

Lehenengo lantegiaren izenburua “Interpretazio zentroaren erabilerak eta euskal pilotari ekarpena” da, eta bertan alderdi hauek jorratuko dira: gehitzen ahal diren eta proiektuetan txertatuta ez dauden erabilerak, zerk egiten ahal dituen proposamenak turistikoki erakargarriago eta lehiakorrago, eta nola laguntzen ahal duen zentro honek euskal pilota suspertzen. Hau da bigarren lantegiaren izenburua: “Beharrei edo gune berriei proiektuek emandako erantzuna” Proposatzen diren guneetan eta diseinuan jarriko da arreta. Aztertuko da ea gune berriak beharrezkoak diren, ea gune horiek beharrei erantzuten dieten eta ea proiektuek erantzun egoki eta osoa ematen dioten inguruari.

Lantegi horien ondoren, martxoan amaituko da parte hartzeko prozesua, emaitzen berri emateko eztabaidagune baten bidez. Saio ireki bat eginen da, prozesuaren emaitzen berri emateko. Halaber, erakusketan eta parte hartzeko lantegietan jasotako ekarpenak aintzat hartuko dira, eta proiektuak idatzi dituzten taldeei ekarpen horien berri emanen zaie, proiektuan txertatu ditzaten.
 

¿Te ha sido útil esta página?