Kondestablearen jauregiak hartuko du, maiatzaren 13tik (osteguna) ekainaren 20ra bitarte, Luis Garrido Iruñeko pintorearen sorkuntza-ibilbidearen atzera begirako erakusketa bat Kale Nagusiko 2. zenbakiko eraikineko 1. eta 2. solairuetan 150 obra baino gehiago daude une honetan hainbat teknikatan eginak eta bi alditan antolatuak: 1967-1968tik 80ko hamarkadara bitarte, Garrido Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolako ikaslea zenekoa, eta bigarren fase artistiko bat 80ko hamarkadako erdialdetik -5 urtez aldenduta egon ondoren pinturara itzuli zenetik- 2020. urtera bitarte luzatzen dena.
Gaur goizean Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta egileak berak aurkeztu dute erakusketa hau, non oleoak nagusi izaki, tenperaz eta gouachez egindako lanak, marrazkiak, akuarelak eta collageak ere badiren. Margolanak “Conversaciones con artistas navarros” (2008) liburuko testuez lagunduta daude. Bertan, ablo Jimenez Burillok Luis Garridoren bilakaera artistikoa aztertzen du. Erakusketa astelehenetik igandera bisitatzen ahalko da, goizeko 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara
Erakusketa artistaren eskutik doa, figuraziora itzultzeko mugimendu eklektikoetatik hurbil dagoen hasierako planteamendutik, mende hasierako abangoardiak zein kritika sozialeko mugimenduak barneratzen dituen pintura batean, Garrido paisaiak eta bodegoiak margotzera itzuli zen arte. Azken fase horretan sortzaileak monumentaltasuna eta esentzialitatearen zentzua islatzen du, mihiseetan barne konplexutasunez beteriko analitika hotz batera hurbilduz.
Egilearen bakarkako hirugarren erakusketa udal aretoetan
Luis Garridok Madrilen 1971. urtean egindako erakusketa kolektibo batean aurkeztu zituen lehen aldiz bere lanak. . Ordutik hona bitarteko 50 urteetan, dozenaka erakusketa egin ditu bakarka eta taldeka. Toki askotan egon dira bere lanak ikusgai, hala nola, Iruñea, Madril, Lizarra, Tafalla, Donostia, Bilbo, Bertizko Jaurerria, Gernika, Izaba, Olkotz, Tirapu, Gasteiz, Sevilla eta Santanderren.
Hainbat aintzatespen jaso ditu, besteak beste, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolako ‘Paulino Caballero’ saria 1967an; Leon Probintziako II. Pintura Bienalean eta Iruña Hiria Pintura Lehiaketan jasotakoak, biak 1973an; eta accesita, Lizarra Hiria I. Pintura Bienalean. Haren lanak zenbait instituzio eta entitateetako bildumetan jasota daude, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumatik hasita; horietako bi, hain zuzen, erakusketan ikusten ahal dira. Baina beste bilduma batzuetan ere baditu obrak, esaterako, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bilduman, Gustavo de Maeztu museoan, Nafarroako Museoan, Nafarroako Kutxaren funtsetan, Gernikako Euskal Herria Museoan, Astorgako Udalean eta Everest Argitaletxearen bilduman.
Garridok bakarka gutxienez hirutan jarri ditu bere lanak ikusgai Iruñeko Udalaren aretoetan: Bolborategian (2001 eta 2014) eta Ziudadelako Mistoen eraikinean (2010).