Kondestablen Asisko Urmenetaren ‘Sorgina, banaiz’ dokumentala proiektatuko da asteartean, Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatutako euskarazko kultur programazioaren barruan

Kondestablen Asisko Urmenetaren ‘Sorgina, banaiz’ dokumentala proiektatuko da asteartean, Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatutako euskarazko kultur programazioaren barruan
Dokumentalak sorgin-ehiza ulertzeko perspektiba historiko eta kritikoa eskaintzen du, 1525ean Auritzen hasitako jazarpena abiapuntu hartuta
Sorgina, banaiz

 

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin lankidetzan antolatzen duen kultur programaren barruan, asteartean, Asisko Urmeneta zuzendari iruindarraren Sorgina, banaiz dokumentala proiektatuko da, eta ondoren, solasaldia izanen da egilearekin. Dokumentala (70 minutu) Kondestablearen Jauregiko ekitaldi-aretoan proiektatuko da, 19:30ean, eta sarrera doakoa izanen da leku guztiak bete arte.

Sorgina, banaiz dokumentalak Pirinioen inguruko lurretan sorgin-ehiza ulertzeko ikuspegi historiko eta kritikoa eskaintzen du, 1525ean Auritzen hasitako jazarpen sistematikoa abiapuntu hartuta. Jazarpen horren barruan, milaka pertsona sorginkeriaz akusatu eta zigortu zituzten. Asisko Urmenetak irudiak, ilustrazioak eta adituen azalpenak uztartu ditu mitoaren eta errealitatearen arteko desberdintasuna argitzeko. 

Lanak ederki islatzen du nola egin zuten bat beldurrak eta botereak. Dokumentalak gizarte-kontrolerako mekanismo horiek egungo egoerarekin lotzen ditu, memoria historikoa berrikusteko eta komunitatearen identitatean duen eragina ulertzeko tresna bihurtuta. Gainera, ekitaldia historia, arte bisuala eta kritika soziala uztartzen dituen espazio irekia da, eta iraganeko kontakizun isilduak orainera hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Asisko Urmeneta (Iruña, 1965) ilustratzaile eta komikigileak umorea eta Nafarroaren historia ditu ardatz bere lanetan. 80ko hamarkadan hasi zen komiki-marrazkilari eta -gidoilari gisa, Korrok eta Napartheid fanzineetan. 2009an Munduaren bira 80 egunetan, doan filma zuzendu zuen Juanjo Elordirekin batera. 2011n lankidetzan aritu ziren berriz, Gartxot, konkista aitzineko konkista lanean. 2017an eta 2018an Asisko Urmenetak bi komiki sortu zituen: Eusklabo Alaiak eta AztiHitza: Xahoren Biografikoa; azken honi esker, Euskadi Literatura Saria jaso zuen Urmenetak Literatura lanaren ilustrazioa modalitatean.

Neguko kultur zikloak martxoaren 10ean (asteartea) jarraituko du: Inge Mendioroz Ibañezen eta Idoia Garzes Aldazabalen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filma proiektatuko da Kondestablen, 19:30ean. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat eginen da Inge Mendioroz zuzendariarekin.
 

NEGUKO KULTUR ZIKLOA. IRUÑEKO UDALA ETA NAFAR ATENEOA

  • Otsailak 10, asteartea. 19:30
    • Sorgina, banaiz. Zuzendaria: Asisko Urmeneta. Ondoren eginen den solasaldian Asisko Urmeneta arituko da hizlari
  • Martxoak 10, asteartea. 19:30
    • Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako. Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez; gidoilaria:Idoia Garzes Aldazabal. Ondoren eginen den solasaldian Inge Mendioroz Ibañez arituko da hizlari
¿Te ha sido útil esta página?