Iruñeko Udalak Fernando Iriarte margolariaren lana eta ibilbidea omentzeko atzera begirako erakusketa bat aurkeztu du gaur goizean; margolaria 2023ko maiatzean hil baitzen. Erakusketa bere familiaren laguntzarekin egin da, eta bere sorkuntzen ibilbidea biltzen du. Erakusketa urtarrilaren 30etik martxoaren 23ra egonen da ikusgai Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoetan, eta ederki islatuko dira artistaren nortasun indartsua eta abstrakzioaren unibertsoaren barruan zerabilen estilo propioa.
Hauek aurkeztu dute erakusketa gaur goizean: Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Darío Iriarte Forcada hildako sortzailearen semeak eta Pedro Salaberri Zunzarren margolari eta erakusketaren komisarioak. Erakusketak Fernando Iriarte (Iruña, 1958-2023) omentzen du, eta bertan artelan argitaragabeak egonen dira ikusgai, baita bildumazale pribatuen beste artelan asko ere. Erakusketa honako hauen lanari esker egin ahal izan da: Lola Aldave, Rafael Escalada, Jorge Elizalde, Mikel Larramendi eta Tako Pezonaga. Teknika desberdinekin egindako sorkuntzak daude ikusgai, horietako asko formatu handikoak.
Salaberrik katalagoaren hitzaurrean adierazten duen moduan, Iriarte ibilbide luzeko margolaria da, 40 urte baino gehiagokoa. Artistak bere ukitu pertsonal eta artistiko nabaria ematen zien artelanei, eta horregatik dute hain ospe ona. Izan ere, abstrakziorako joera zuen eta bere nortasun bereziagatik enfant terrible-aren ospea eramanen zuen arrastaka bizitza osoan zehar. Sortzaile autodidakta, emankorra eta jakin-minez betea zen; pinturarekiko interes handia izan zuen txikitatik, familiakoen irizpideen aurka. 80ko hamarkadaren bukaeran, ikasketa artistikoak egin zituen Berlinen (AEF), Nafarroako Gobernuak emandako beka bati esker. 1972ko Iruñeko Topaketen ondorengo belaunaldiko artistetako bat da: topaketa haien ondotik loratu zen artisten lehen belaunaldia izan zen hori, eta demokrazian hasi zuten haien ibilbide artistikoa. Iriarteren artelanek hedapen handia izan dute, hala bilduma publikoetan nola pribatuetan.
1983an egin zuen lehen banakako erakusketa, orduko Nafarroako Aurrezki Kutxaren aretoan, eta hiru urte geroago Ziudadelan egin zuen debuta, Mistoen Eraikinean. 2002an Ziudadelan izan zen berriz ere, Abstrakzioak erakusketari esker: paper gaineko olio-pinturan egindako 36 marrazki. Bere lana beste batzuetan egon izan da ikusgai udal-aretoetan, baita erakusketa kolektiboen parte gisa ere. Kondestablearen jauregian lehen aldiz egonen da ikusgai. Bere erakusketa gehienak Nafarroan ardaztu baziren ere, Sevillan, Madrilen eta Zaragozan ere egin izan zituen erakusketak.
Fernando Iriarte (1958-2023) erakusketa astelehenetik igandera bisitatzen ahalko da, 09:00etatik 14.00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta sarrera librea izanen da.