Iruñeko Udalak sanferminen inguruko arteak balioestea eta festen espirituari jarduera seguruen bidez bizirik eustea xede harturik, festak pandemiaren ondorioengatik bertan behera utzitako bigarren urte honetan, hiru erakusketa abiatu ditu Kondestablearen Jauregian, uztail osoan zehar bisitatu daitezkeenak. Eraikinaren ezkaratzean eta patioan, ‘Las mujeres en los carteles de San Fermín/ Emakumeak sanferminetako karteletan’ erakusketa dago. Eraikinaren lehen solairuko bi erakusketa-aretotan, bestalde, literatura unibertsaleko egileen 28 lan –sanferminetako mikronarrazio bihurtuta–, daude ikusgai, ‘50eko hamarkadako sanferminak’ erakusketaren festa-argazki historikoekin batera. Jarduera horiek osatzeko, literatur testu batzuk argitaratu dira egungo sanferminei buruzko ikuspegiak jasota, eta zenbait literatur ibilbide abiatu dira hirian.
Jauregiaren patioan bertan aurkeztu dute gaur goizean Kondestablearen gune ezberdinetan uztailean zehar gauzatuko den erakusketa-eskaintza eta hari lotutako kultur jarduerak; ekitaldian Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak parte hartu du. Erakusketetako biren komisario hauek ere hartu dute hitza: Javier Manzanos Iruñeko Udaleko arte plastikoetako eta ondareko arduraduna –‘Egurra tristurari’ komisariatu du–, eta Pedro Luis Lozano –Sanferminetako kartelei buruzkoan bete izan du zeregin hori–, bai eta Iñaki Arbilla ere Nafarroako Idazleen Elkartea ordezkatuz, elkarteak parte hartu baitu egungo sanferminei buruzko literatur testuen bildumaren argitalpenean.
Izan ere, sanferminen inguruko gogoetek, oroitzapenek, ametsek eta pentsamenduek Nafarroako Idazleen elkartekide batzuen literatur testu laburren bilduma bat osatzen dute, orain argitaratu dena festen eskuko programak gogora dakarren formatu batean. Bederatzi idazkik osatzen dute lana, bat sanferminetako egun bakoitzeko, denak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita. 3 euroan salgai jarriko da bai Kondestablen bai Ziudadelako erakusketa-aretoetan, eta hemendik gutxira liburu-dendetan ere.
Halaber, Iruñeko Udalak sanferminen eta Iruñearen inguruko literatura balioeste aldera, bi literatur ibilbideren proposamenak eskaintzen ditu. Hirian barnako ibilbide gidatuak dira, eta sanferminetako egunetan festak eta haien isla literatura unibertsalean hartuko dituzte hizpide. Horrez gain, udako gainerako egunetan, asteburu orotan ere eginen dira literatur ibilbideak Iruñean barna, kasu honetan literatura unibertsalean Iruñearen gaineko erreferenteak jomuga hartuta. Jarduerak gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dira, 2 €-an helduentzat eta prezio berezian adingabeentzat; izen-emateak bihartik aurrera egin daitezke, aurrez aurre turismo-bulegoan eta haren webgunean.
Cervantesen, Verneren edo Kafkaren testuak itxuraldatuta sanferminei buruz hitz egiteko
‘Egurra tristurari’ erakusketan, irakurleak sanferminetako hogeita zortzi mikronarrazio topatuko ditu Kondestablearen Jauregiko lehen solairuan, literatura unibertsaleko egileen beste hainbeste liburutatik ateraraziak. Hamalau gaztelaniaz, eta hamalau euskaraz. Cervantes, Goethe, Dostoievski, Tolstoi, Verne, Shelley, Kafka, Woolf edo Munroek ez dute zehazki Iruñeko festa internazionalenak hizpide hartu, baina haien testuetan irudimenaz esku hartuta zuri eta gorriko eszenatoki batera bidaiarazten dituzte ikusleak.
Testuak eraldatzeko prozesuan autoezarritako arau zorrotz-zorrotzak bete dira. Liburu bakoitzaren lehen paragrafoak baino ez dira erabili, hastapen horri eusteagatik, eta hortik aurrera gorriz marratu dira soberan zeuden hitzak, narrazio berri bat sortzeko sanferminetan girotuta. Hartara, eskailera, txupinazoa, entzierroa, tradizioa, gaua, parranda eta abar agertzen dira, egile unibertsal famatuen testuetan, metaliteraturako lan hau posible eginez. Izan ere, literatura plataforma ezin hobea da irudimenari ekiteko, eta, bidenabar, munduari jakinarazteko sanferminak direla batzuek ezagutzen duten topikoa baino askoz ere gehiago.
Begirada bat festen historiari, ‘50eko hamarkadako sanferminak’ erakusketarekin
Kondestablearen Jauregiko lehen solairuko aretoek toki hori partekatzen dute ‘50eko hamarkadako sanferminak’ argazki erakusketarekin; Inge Morath argazkilari austriarra eta iparramerikar nazionalizatua da argazkien egilea. Erakusketa hau Lola Garridok argitaratu zuen estreinako aldiz Espainian 1997an, eta jendaurrean aurkeztu zen bera komisario izan zen erakusketaren karietara, zeina Iruñeko Udalak ekoitzi baitzuen Zapatería 40ko aretoan, 1997ko sanferminetan. Ondoren, Udalak argazki-bilduma hori eskuratu zuen hiriko ondarea aberasteko.
Inge Morathek sanferminei buruzko sail honetan egindako lana eredugarria da laburtasun eta baliabide-ekonomiaren aldetik. Inge Morathek hiriari erreparatzen dio, ez bakarrik festak berezko duenari. Horrela, jarrerak, keinuak, enkoadraketetan banatzen dira kanpoko pozaren eta eguneroko soseguaren arteko lotura zoriontsu batean. Morathen argazkietan iragana beti agertzen da, joandako denboraren minez beterik baina nostalgian erori gabe, topikotik eta dramatismotik urrun, festaren une bakoitza harridura lotsatiaz baina hurbiltasunez jasoz. Ernest Hemingway idazleak berak kitzikatu zuen argazkilaria sanferminetako une horiek betikotzera.
Emakumeen gaineko ikuspegia sanferminetako karteletan
‘Las mujeres en los carteles de San Fermín/ Emakumeak sanferminetako karteletan’ erakusketak festen kartelen bilduma –Udal Artxibategian gordeta– berraztertzen du emakumearen presentzia eta hura irudikatzeko modua gailendu eta aztertzeko sorkuntza grafiko horietan historian zehar. Zeharka hautatutako sorta bat da eta bide ematen du festen ikonografiara hurbiltzeko oso gutxitan aztertutako ikuspegi bat erabilita, hau da, emakumeek sanferminetako karteletan irudi gisara edo egile izaki izan duten presentzia aintzat hartuta, zeina gizonena baino askoz ere txikiagoa baita. Izan ere, erakusketan ikus daitekeen bezala, emakumeak gutxitan agertzen dira eta agertuz gero haien presentzia hutsaren hurrengoa da edo irreala.
Erakusketak gaika biltzen ditu kartelak, eta hiru epigrafe nagusitan taldekatu. ‘Sinboloa’ kartel alegorikoei dagokie; ‘Ikuslea’ epigrafean bigarren mailako zeregina dute eta ‘Murriztua eta Protagonista’ izenekoan, hor bai ageri dira emakumeak festaren parte aktibo gisara, oroz gain gizonekin batera. Bukatzeko, ‘Egileak’ laugarren epigrafean, emakumeek egin eta sinatutako kartelak erakusten dira, zehazki, 1974, 2004, 2006, 2013, 2016, 2018 eta 2019ko festak iragartzekoak. Kasu honetan, proportzioa nabarmen murritza da; izan ere, bakarrik 7 ediziotan irabazi du emakume batek, eta horietatik zenbaitetan gizonezkoekin batera sinatuta. Esanguratsua da emakume batek, Francis Bartolozzik, sinatutako kartel bakarra dagoela XX. mendean, eta gainerakoak azken edizioetako sariei dagozkie. Horrek agerian uzten du gero eta handiagoa dela emakumeen papera artista-belaunaldi berrien artean, eta haien lanaren interesa.