Kondestablearen jauregiak abuztuaren 20ra arte mantenduko ditu sanferminekin lotuta uztailaren 4tik aurrera ikusgai izan dituen bi erakusketak. ‘Historia grafikoa. Sanferminetako kartelak XXI. mendean’ eta ‘Hemingway gogoan. 100 urte Iruñera etorri zenetik’ ikusgai daude ezkaratzean, patioan eta eraikineko lehen solairuan, eta sarrera doan da. Bisita-ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera,11:00etatik 13:30 arte eta 18:00etatik 22:00 arte, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:30 arte. Gunea itxita egonen da igandeetan eta jai-egunetan.
Lehen erakusketak, ‘Historia grafikoa. Sanferminetako kartelak XXI. mendean’ izenekoak, 2000. urtetik 2023. urtera bitarteko jaiak iragartzeko kartelak biltzen ditu. Enrique de Antonio Cebriánen ‘Itxaronaldia’ (2000) kartelak irekitzen du Raúl López Martínen ‘Unea’ (2023) lanarekin amaitzen den ibilbidea, eta mende honetako sanferminen inguruko kartelgintzaren historia gogoratu eta aztertzeko aukera ematen du.
22 kartel horietan, festaren muina transmititzea lortu duten hainbat inspirazio eta teknika antzematen dira. Tamaina handiko formatuak obretara hobeki hurbiltzeko aukera ematen du. Edizio guztietako kartelak daude, 2020. eta 2021. urteetakoak izan ezik, urte horietan COVID-19a zela eta sanferminak eten egin baitziren.
Handik 100 urtera
Kartelez gain, jaiaren inguruko beste elementu garrantzitsu bat bere nazioarteko kutsua da. Ernest Hemingway idazle estatubatuarra bezalako irudi entzutetsuek gure mugetatik haratago zabaldu dute sanferminen ospea hamarkada batzuetatik hona. ‘Hemingway gogoan. 100 urte Iruñera iritsi zenetik’ erakusketak Iruñeko Udalak 2016., 2017. eta 2018. urteetan landutako 'Recuperando a Hemingway – Hemingway Bidaide' zikloko erakusketak berreskuratu ditu.
Erakusketa honetan lehen urte haietako bisiten testuinguru kulturala biltzen da, eta idazleak lehen pertsonan ezagutu eta ondoren bere lanen bidez mundu osora transmititu zituen tradizioak. 1923 eta 1931 bitartean, idazleak zazpi aldiz gozatu zituen sanferminak. Festetan parte hartzen duten estatubatuarren ehunekoa esanguratsua da eta urtero mantentzen da, batez ere entzierroetan.
KONDESTABLEAREN JAUREGIKO ERAKUSKETAK
Abuztuaren 20ra bitarte
- ‘Historia grafikoa. Sanferminetako kartelak XXI. mendean’
- ‘‘Hemingway gogoan. 100 urte Iruñera iritsi zenetik’
‘Historia grafikoa. Sanferminetako kartelak XXI. mendean’
- 2000 Enrique de Antonio Cebrián: ‘La espera’ (Itxaronaldia)
- 2001 Pablo Errea Rodríguez: ‘Encierro’ (Entzierroa)
- 2002 Enrique Royo Romeo : ‘¡Scorre! que vienen fieras’ (‘Ziztuan! piztiak baitatoz’)
- 2003 Pablo Nanclares Ruiz : ‘Egon’
- 2004 Mikel Urmeneta Ochoa eta Marta Coronado Hernández: ‘Pop’
- 2005 Gorka Aizpurua Serrano: ‘Siete de julio San Fermín’ (Uztailak 7, San Fermin)
- 2006 Cristina Calvo Viñuela: ‘El encierro’ (Entzierroa)
- 2007 Javier Morón Belso: ‘Toro-Lija’ (Lixa-zezena)
- 2008 Miguel Ángel Antoñanzas Remón: ‘Con tacto’
- 2009 Ángel Blanco Egoskozabal: ‘Gora San Fermín, viva San Fermín’
- 2010 Koldo Villarreal Armendáriz: ‘El capote de San Fermín’ (Fermin Deunaren kapotea)
- 2011 Javier Ayerra Alfaro eta Kike Balenzategui Arbizu: ‘Sumérgete en la fiesta’ (Murgil zaitez festan)
- 2012 David Alegría: ‘Te quiero en San Fermín’ (Hemen nahi zaitut sanferminetan)
- 2013 Elixabete Bordonaba Amatrian: ‘Canan’
- 2014 Ignacio Doménech Payá: ‘Equipazo’ (Talde puska)
- 2015 Javier Erice Larumbe: ‘Kilikón'
- 2016 Buztintxuri Ikastetxe Publikoa: Eneko Huarte Gaita, Mikel Mendibil Ainzúa, Patricia Martiartu Fernández, Mikel Santos Martínez: ‘Sanmarrazkin’
- 2017 Maximiliano Ezequiel Cosatti: ‘Mañanas sanfermineras’ (Sanfermin goizak)
- 2018 Adriana Eransus Azpilicueta: ‘Pamplona, ciudad de luces’ (Iruña, argien hiria)
- 2019 Edurne Taínta Balda: ‘Ayer soñé con un 6 de julio’ (Atzo uztailaren 6 batekin amestu nuen)
- 2022 Olaia Merino Erviti: ‘Beti bezala’
- 2023 Raúl López Martín: ‘Instante’ (Unea)
Udako ordutegia
- Zabalik, astelehenetik ostiralera, 9:00 – 14:00 eta 17:00 – 22:00 Larunbatetan: 09:00 – 14:00
- Itxita: igandeetan eta jai-egunetan