Kondestablearen jauregia Iruñeko zezen-plazen historiaren leiho bat izanen da Udal Artxiboko agiri sorta grafikoaren erakusketa batean

Kondestablearen jauregia Iruñeko zezen-plazen historiaren leiho bat izanen da Udal Artxiboko agiri sorta grafikoaren erakusketa batean
Erakusketa Kondestablearen jauregian ikusgai egonen da gaurtik aurrera, eta zentroaren ordutegian bisitatzen ahalko da abuztuaren 28ra bitarte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udalak gaur ireki du iruindar eta bisitari guztiendako “Iruñeko zezen-plazaren mendeurrena (1922 - 2022). Iruñeko Udal Artxiboko ebokazioak, irudiak eta agiriak” erakusketa. Erakusketa, Kondestable jauregian bisitatzen ahalko da abuztuaren 28ra arte eta Iruñeak izan dituen zezen-plazen historian barnako ibilbide bat egiten du XVIII. mendetik gaur arte, plano, dokumentu eta infografien bidez, eta, batez ere, Iruñeko Udal Artxiboko funtsetatik hautatutako ehundik gora argazkiren bidez. Gainera, hainbat argazki eman edo lagatu dituzte duela gutxi zendu zen Mikel Goñi argazkilariak, Javier Bergasa grafikoak eta Mercedes Unzu arkeologoak.

Gaur goizean Enrique Maya Iruñeko alkateak, Javier Marquinez Iruñeko Udal Artxiboko goi-mailako teknikari eta erakusketaren komisarioarekin batera, egungo plazaren mendeurrenarekin bat eginez prestatutako erakusketa hori inauguratu du. Ekitaldian izan dira Udalbatzako beste hainbat kide, Jesús Cía Erruki Etxearen Gobernu Batzarreko zuzendaria eta Udalaren ekimen horri laguntza eman dioten beste pertsona eta entitate batzuk, besteak beste, Ana Villanueva argazkilaria eta duela gutxi zendutako Mikel Goñi argazkilari iruindarraren alarguna.

Iruñeko Udalak erakusketa horren edukiak jasotzen dituen katalogo baten 1.000 ale argitaratu ditu 8 euroko prezioan.

Eduki grafikoak

Erakusketa eraikinaren atondoan eta patioan jarrita dago eta hiru atal nagusi ditu. Lehenengo biak egun dagoenaren aurretik egon ziren zezen-plazen segidari eta 2022an 100 urte bete dituen zezen-plazaren eraikuntzari lotuta daude, eta Iruñeko Udal Artxiboko mende bateko irudi-sorta bat barne hartzen dute.

Argazkiak plazaren uneko argazkiak eta entzierroko eszenak dira eta tauromakiaren uneak eta festaren irudiak islatzen dituzte. Erakusketak, halaber, hesietako eta tendiduetako ikusleak ere islatzen ditu, haien artean baitaude Espainia barruko zein kanpoko aurpegi oso ezagunak. Iruñeko zezen-plazan mende honetan egin diren ikuskizunentzako ere tokia badago, hala nola, majoretteak, ahari-talka, behin-behineko azokak, Espainiako Txirrindularitza itzuliaren irteera eta Operación Triunfo programaren agur-gala. Argazkiek 1903tik 2018ra doan garaia barne hartzen dute. Honako hauek dira, besteak beste, hautatutako argazkien egileak: Rouzaut, Zaragüeta, Beramendi, Altadill, Cía Úriz, Galle, Arazuri Bildumako irudiak eta Zubieta eta Reteguiren udal-bilduma.

Planoei dagokienez, erakusketan ikusgai daude Gazteluko plazan egiten ziren zezen-jaialdietarako egituraren planoak eta profilak, lursailen planoak eta 1840an diputazioarekin egindako trukea, 1840an zirriborratutako zezen-plaza ezberdinen proiektuak eta argitaratu ez ziren beste proposamen batzuk eta Zezen-etxea apaintzen zuen oihala edo Gayarre Antzokiko 1845eko planoa.

Iruñeko plazak (diseinatutakoak, imaginatutakoak eta eraikitakoak)

Erakusketak hiriak izan dituen zezen-plazen berrikusketa bat egiten du, Gazteluko plazan egiten ziren lehenengo zezen-jaialdietatik, gaur egun Iruña kafea denaren eta San Nikolaseko eskaileren artean zegoen eremuan, antzina Luis Hutinen gaztelua zen arma-plazan, XVIII. eta XIX. mendeetan ezerezean gelditu ziren proiektuetara. Badirudi lehenengo zezen-jaialdiak 1385ean egin zirela, eta 1616etik aurrera Zezen-etxean (Gazteluko plaza, 37) eskortak zeuden, bai eta agintariek gozatzeko balkoiak ere; eraikin hori horretarako erabili zen 1844ra arte, nahiz eta jasota dagoen Iruñean ohiko zezen-plaza bat eraikitzeko hainbat saiakera egin zirela 1777etik aurrera.

1844an zezenketak tokiz aldatu ziren: gaur egun Gayarre antzokiaren, Ahumada Dukearen kalearen eta Karlos III.aren etorbidearen arteko elkargunean José Nagusiak diseinatutako gunera. Hura oso egikera txarreko plaza zen, 8.500 ikuslerendako tokiarekin. Sei urteren buruan eraitsi egin behar izanzuten, eta zezen-plaza mugikor bat erabili, hurrengoa eraiki bitartean. Behin-behineko azpiegitura hori, Vínculo plazan paratu eta 1850. eta 1851. urteetan erabili zen.

1852ra arte itxaron behar izan zen Iruñeak zegokion zezen-plaza eraikia izateko, berria eta handiagoa, baina toki gutxirekin eta erosotasun gutxikoa. Hura hirian plaza zahar izenarekin ezagutzen dena da. Egungo zezen-plazatik 120 bat metrora zegoen, eta 1921eko abuztuaren 12an erre egin zen, hura eraitsi baino lehen. Izan ere, haren eraispena aurreikusita zegoen II. Zabalguneko proiektua gauzatu ahal izateko, hiriko harresien zati hori eraitsi ondoren. 1922ko uztailaren 7an, Udalak lagatutako 11.443 m2-ko orube batean, egun ezagutzen duguna inauguratu zen, Francisco Urcola arkitektoak egina. Plaza berria aurrekotik oso gertu zegoen, hein handi batean, entzierroaren ibilbidea eraldatu behar ez izateko –bihurgune bat salbu–.

 

 

Iruñean, 2022ko ekainaren 10ean

 

¿Te ha sido útil esta página?