Irla bat, musika eta mugimendu handiko zurrunbilo baten erdian. Baretasunaz, lasaitasunaz eta bestelako aisialdi xaloago batez gozatzeko gunea. Jende-pilaketarik gabe, bultzadarik gabe, zaratarik gabe. Hori da ‘Zentzumenen babeslekua’: proposamen ludiko bat, bereziki diseinatua desgaitasuna edo jendetzekiko eta soinu karrankariekiko sentsibilitate berezia duten haurrendako. Kondestablearen jauregian dagoen babesleku horrek leku baketsu bat eskaintzen du uztailaren 12ra arte, goizez eta arratsaldez. Sarrera librea da interesa duten guztientzat, eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalik dago.
Anfas (Desgaitasun Intelektuala edo Garapen-nahasmendua duten Pertsonen eta Horien Senideen aldeko Nafarroako elkartea) eta Traza Espacio Creativo elkarteekin elkarlanean sortutako ‘Zentzumenen babeslekuak’ espazioarekin eta sormen-materialekin elkarreragiteko esperientzia irekia eskaintzen du. Bost eremu desberdinetan antolatuta dago, eta horietako bakoitzak xede du gizakion zentzumen bat probatzea. Hauek dira bost eremuak: Ukitu / Kontaktatu; Usaindu / Usnatu; Begiratu / Ikusi; Ahogozatu / Hitzez jariatu; eta Entzun / Gelditu Guztiak Kondestableko patio nagusian daude, Entzun / Gelditu izenekoa salbu, zeina bodegan baitago, beheko solairuan.
Helburua da leku bat sortzea non gelditu, zer egin aukeratu eta gozatzeko aukera izanen dugun. Azken batean, espazio inklusiboa da, bereziki zuzendua lasai egoteko eta gozatzeko babesleku bat –soinu-intentsitate apalekoa eta material egokituekin– behar dutenei. Bertaratzen diren pertsonak edozein norabidetan ibil daitezke gunean, beren interes eta beharren arabera. Irisgarriago egiteko, eremu bakoitza kolore batekin identifikatuta dago. Zentzumenei lotutako eremu bakoitzak esperientzia desberdinak eskaintzen ditu sormen-materialen bitartez.
Proposamen horren bidez, sanferminak inklusiboagoak izatea lortu nahi da, pertsona guztiek, beren gaitasunak eta sentsibilitateak edozein direla ere, festak beren moduan gozatzeko eta bizitzeko aukera izan dezaten. ‘Zentzumenen babeslekuan’ dauden monitore espezializatuek haurren jolasa gainbegiratu eta bertaratzen diren pertsonen beharrei erantzuten diete.
ZENTZUMENEN BABESLEKUA
- Tokia: Kondestable Civivoxa
- Noiz: 2024ko uztailaren 12ra arte
- Ordutegia: 12:00 - 14:00 eta 18:00 - 20:00
- Eremuak:
- UKITU / KONTAKTATU. Kondestableko patio nagusia
- USAINDU / USNATU. Kondestableko patio nagusia
- BEGIRATU / IKUSI. Kondestableko patio nagusia
- AHOGOZATU / HITZEZ JARIATU. Kondestableko patio nagusia
- ENTZUN / GELDITU. Bodega. Beheko solairua
- UKITU / KONTAKTATU. Kondestableko patio nagusia