Iruñeko auzo guztiek izanen dituzte, azaro honetatik aitzina, Komunitate-poliziako udaltzainak, 2017ko otsailean programa pilotu gisa abiatu zen Udaltzaingoaren hurbiltasun eta bitartekaritzako zerbitzuan ari direnak. Programa horren asmoa da auzo bakoitzak erreferentziako udaltzain bat edukitzea, auzotarrekin, merkatariekin, ikastetxeekin eta inguruko kolektibo zein elkarteekin etengabeko harremana izanen duena.
Ekimena 2017ko otsailean abiatu zen, Sanduzelain, Donibane-Ermitagaña-Mendebaldean eta Etxabakoitzen. Urte horren amaierarako, Arrotxapea ere lotu zitzaion ekimenari, eta Buztintxuri Sanduzeilako udaltzainak hartu zuen bere gain. 2018an Alde Zaharrean ere abiatu zen. Gainontzeko auzoetara zabaltzeko erabakia aho batez hartu zen 2019ko irailaren 10eko Lehendakaritza Batzordean, eta horrek berekin ekarri du zeregin horietan arituko diren udaltzainen berrantolaketa. Hori horrela, Herritarren Segurtasuneko Alorrak ahaleginak egin ditu udaltzain bakoitzak biztanle kopuru antzekoa har dezan bere gain. Horregatik, bada, nahiz eta auzo bakoitzak Komunitate-poliziako udaltzain bat esleiturik duen, udaltzain berak auzo bat edo bat baino gehiago izan ditzake ardurapean. Adibidez, dagoeneko Sanduzelai eta Buztintxurirekin gertatzen den bezala, Etxabakoitz eta Iturrama auzoek udaltzain bera izanen dute, eta gauza bera gertatuko da Txantrean eta Alde zaharrean, bai eta Milagrosan eta Azpilagañan ere.
Oro har, udaltzain batek 25.000 eta 31.000 bizilagun bitarteko multzoari eman beharko dio arta. Alabaina, auzo bakartzat jo da, Komunitate-poliziako zerbitzu honi begira, Lezkairu, Santamaría la Real, Mendillorri, Erripagaña, Beloso eta Bidezarrek osatutako eremua. Izan ere, 11.100 bizilagun inguru dituzte egun, baina datozen urteotan hazkunde handia izanen dela aurreikusten da.
Lotura auzotarren eta Udalaren artean
Auzoetan gertatzen diren arazoei irtenbide ematea, horra Komunitate-poliziako taldearen helburua; baina, ez hori bakarrik; izan ere, zeregin garrantzitsua dauka auzotarren eta Udalaren arteko lotura gisa elkarbizitzako eta herritarren segurtasuneko gaiei dagokienez, etengabean ari baita auzotarrekin eta auzoarekin engaiatuta dauden kolektiboekin harremanetan.
Orain arte egin bezala, Komunitate-poliziako udaltzain berri bakoitzak bisitak eginen dizkie merkatariei, auzo-elkarteei eta auzoetako bizitzan engaiaturik dauden bestelako erakundeei, haien arazoak eta beharrak zein diren jakiteko, eta horiei heltzen saiatzeko. Egitekoen artean dituzte auzo-gatazketan bitartekari-lanak egitea, horiei irtenbide ematea, ados jartzea, eta horrela, elkarren arteko etengabeko salaketak saihestea. Edonola ere, gogoratu beharra dago edozein larrialdi izanez gero eta poliziaren berehalako zerbitzua eskatu behar izanez gero, 092 dela erreferentziako zenbakia oraindik ere.