‘Koloreak botilatzen’ arte-instalazioak 3.200 botila birziklatu ditu, eta plastikoaren erabilera arduratsuaren inguruko gogoeta egitera gonbit egiten du Iturramako Civivoxean

‘Koloreak botilatzen’ arte-instalazioak 3.200 botila birziklatu ditu, eta plastikoaren erabilera arduratsuaren inguruko gogoeta egitera gonbit egiten du Iturramako Civivoxean
Proiektua desgaitasuna duten TASUBINSA zentro okupazionaleko pertsonek sortu dute, Alicia Otaegui artistaren zuzendaritzapean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iturramako Civivoxaren fatxadan ikusgai dago ‘Koloreak botilatzen’ arte-instalazioa, desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten TASUBINSA zentro okupazionaleko pertsonek sortua, Alicia Otaegui Nafarroako artistaren zuzendaritzapean. Proiektu horretarako, plastikozko 3.200 botila lauskitu eta elikadura arloko plastikozko poltsa zatikatuak erabili dira, bi helbururekin, hots, plastikoaren erabilera arduratsuari buruz sentsibilizatzea eta desgaitasuna duten pertsonek egin ditzaketen lanak ikusaraztea.

Instalazioaren inaugurazioan parte hartu dute María García-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak, Roberto Pérez Jordán TASUBINSAko lehendakariak eta Alicia Otaegui proiektuaren sortzaileak, instalazioa egin duten bi parte-hartzailerekin batera: Xabier Santidrian eta Irati Aizagar.

‘Koloreak botilatzen’ proiektua urtarriletik ekainera bitarte egin da TASUBINSA zentro okupazionaleko sormenezko adierazpena eta birziklapen sortzailea jardueraren barruan, saio bakoitzean bi ordu eskainita. Hauek izan dira parte hartu dutenek egindako lanak: materiala hautatzea; hura garbitu, zatitu eta ebakitzea; botilen barruan sartzea; lauskitzea, eta estalkia baliatuz sokara lotzea. Behin elementu horiek amaituta, artelana, azkenik, Iturramako Civivoxeko fatxadan jartzen lagundu dute, Alicia Otaegui artistaren laguntzarekin.

Tamaina handiko koloretako plastikozko gortina bat da, eta bertikalean zintzilikatutako hiru metroko zerrendetan elkartuta dauden botila gardenek osatzen dute. Desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonek konpromisoa eta eskuzko trebetasuna erakutsi dute proiektu horretan, haien lanak gizartearentzat duen balioa aldarrikatuz. TASUBINSAko honako zentro hauetako erabiltzaileek parte hartu dute: Beriain, Burlata, Elizondo, Lakuntza, Orkoien, San Adrian, Zangoza, Tafalla eta Tutera.

Instalazioak, era berean, ingurumena zaintzeaz ohartarazi nahi du, pandemiaren osasun krisiak erabilera bakarreko ontzien erabilera eta plastikozko ur botilen ugaritzea areagotu baititu. Instalazioa iragankorra da eta, desmuntatzen denean, birziklatuko da. Material horiei beste erabilera bat emanen die, eta kontzientziatzeko gonbita egiten du, hondakinen ekoizpena murrizteko.

‘KOLOREAK BOTILATZEN’. INSTALAZIOA ITURRAMAKO CIVIVOXEAN

• 2022ko urriaren 19tik 2023ko urtarrilaren 31ra bitarte.
 

¿Te ha sido útil esta página?