Kolektiboek gune propioa dute jaietan gozatzeko, Basotxoan, Taconeran, Antoniuttin eta O plazan

Kolektiboek gune propioa dute jaietan gozatzeko, Basotxoan, Taconeran, Antoniuttin eta O plazan
Eskualde Etxeek, Ikastolen Elkarteak, Kultur Aniztasunaren Txirikordak eta Herri Sanferminek kudeatzen dituzte lau eremuak



Sanferminetan hamarnaka kolektibok eramaten dituzte haien ikuspegiak hiriko espazio publikora. Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioak (FCRN) eta Nafarroa Oinez Fundazioak Basotxoan eta Taconeran dituzten ohiko guneez gain, aurten, Antoniutti eta Oko Andre Maria plazan Kultur Aniztasunaren Txirikorda osatzen dituzten kolektiboak eta Herri Sanferminak daude.

Halaber, guztiek eskaintzen dituzte jarduerak: dantzak, jolasak, piñatak, lantegiak, dastaketak, haurrendako jarduerak eta folklorea, hainbat ordutegitan. Lau talde-proposamen horiek egokitzat jo ziren sanferminetan kolektiboen presentzia aztertzen zuen berariazko partaidetza-foroan. Aurten, Errekoleten plazako espazioan Gurutze Gorriaren 24 orduko larrialdi dispositiboa dago.

Lau eremu horietan, Udalak, espazioaren erabilera kolektiboen eskura jartzeaz gain, oinarrizko azpiegituretarako (ura, potentzia elektrikoa eta saneamendua) hartuneak jartzea bideratu du, eta ahal izan denean, agertoki eta bainu kimikoak, edo sarera konektatuko komunak. Instalazio guztiek Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako, eta Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrek ezarritako baldintzak betetzen dituztela ikuskatzeaz ere arduratu da. Lau erakundeak jarduera bakoitzaren antolaketaren, segurtasunaren, ekoizpen integralaren eta sustapenaren arduradunak dira, eta jarduera bakoitzetik eratortzen diren gastu guztiak beren gain hartzen dituzte. Halaber, osasunari, elikagaien higieneari, soinu-igorpenaren mugaketari eta ezartzekoak diren gainerako arauei buruz indarrean dagoen araudia bete beharko dute.

Berreskuratutako espazioak
Herri Sanferminak kolektiboendako berreskuratu den Oko Andre Mariaren plazan du kokalekua. Bertan, herri olinpiadak, dantzak, piñatak, jantoki ekologikoa, txoko ekologikoa eta haurrendako jarduerak eskaintzen dira. Eta uztailaren 14ra arte, 20:00etan kontzertuak eta DJ saioak daude programatuta.

Gainera, kultur aniztasunaren esparruan lan egiten duten erakundeak Antoniutti parkean ohikoak diren atrakzioekin batera daude. Uztailaren 14ra arte, goizez eta arratsaldez, egunero kulturen arteko topaketa bat egiten da haurrendako jarduerekin, eta baita musika, dantza, folklore eta munduko gastronomiarekin hitzorduak ere. Espazio horretan Iruñeko 45 kolektiboren ordezkariak daude “Aniztasunaren Txirikorda” izenpean eta bost etxola kudeatzen dituzte La FAIN, Renacer Andino. Iruñeko Asociación Folklórica Cultural Poderos Morenada Los Andes, Personas Refugiados en Acción eta Rumiñahui Asociación taldeek. Etxola bakoitzean talde horiek egiten duten lan sozialaren erakusketa txiki bat dago.

Finkatutako espazioak
Jaietan Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioa (FCRN) Basotxoan bertan dago, beti bezala. Terrazan eskualde bakoitzeko gastronomia tipikoa dastatzeaz gain, Aragoiko, Kantabriako, Gaztela eta Leongo, Extremadurako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko, Andaluziako eta Nafarroako Eskualde Etxeetako musikaz eta dantzez gozatzen ahal da. Kontzertuak, dantza tradizionalak eta beste hainbat emanaldi daude egunero, 12:00etan eta 19:00etan. Gainera, hilaren 11n eta 12an kontzertua 23:30ean, eta 14an Gaixoa Ni eginen dute, 23:55ean.

Aurten, berriz ere, euskararen aldeko festa antolatzen duen fundazioak, Nafarroa Oinezek, gune bat du Takonera parkean. Nafarroa Oinez Fundazioak, uztailaren 14ra arte, haurrendako jarduerak, bertsolariak, dantzak eta askotariko musika-estiloko kontzertuak eskainiko ditu. Ikuskizunak egunero eskaintzen dituzte, eta Triki Traukik joko du uztailaren 12an, 19:30ean.
 

¿Te ha sido útil esta página?