Iruñeko Udalak diru-laguntzetarako deialdia egin du, Iruñeko kirol-entitateei zuzenduta, 2018 - 2019ko denboraldian, nazioko elite-lehiaketa ofizial ez-profesionaletan maila absolutuan parte-hartzeagatik laguntzak emateko. 436.000 euroko zuzkidura dago diru-laguntzetarako. Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan, “Diru-laguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat” izapidearen bidez. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.
Diru-laguntzen helburu nagusia Iruñeko taldeek eta kirolariek nazioko elite-lehiaketa ofizial ez-profesionaletan, maila absolutuan, parte hartzen laguntzea da, honako zio hauengatik: Iruñeko izena eta irudia Nafarroatik haratago eramatea; maila goreneko lehiaketa-kirol ofizialetan gizon- zein emakume-erreferenteak ikusaraztea, kirola sustatze aldera; eta hirian eragin ekonomiko eta turistikoa izatea. Lehiaketak 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra arteko kirol-denboraldian garatu behar dira. Urteko kirol-denboraldia duten kiroletarako diruz lagunduko dira 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitarteko aldian egindakoak.
Iazkoaren aldean, deialdi honek dituen berritasunetako bat da bigarren ordainketa egin ondoren soberan dagoen dirua ere entitateei banatzen ahalko zaiela, gastu-aurreikuspen doituagoa eta deialdiko gizarte-irizpide berariazkoekin bat lan handiagoa egin dutenei. Halaber, beharrezkoa izango da herritarrendako argibide-etiketa jakin batzuk sartzea jardueren berri ematean, aurrez egindako udal-ebaluazioarekin bat, kiroltasunaz, berdintasunaz, kirolera bideratzeaz eta integrazioaz bezainbatean, besteak beste.
Kontzeptuen definizioak
Izaera ez-profesionaleko nazioko elite-lehiaketa ofizialtzat hartuko dira estatuko ohiko liga ofizialak, betiere Kirol Kontseilu Gorenak profesionaltzat hartzen ez baditu, kirol-federazioek dagokien kiroleko hiru lehen maila absolutuetan antolatuak. Salbuespenez, hauek ere hartuko dira aintzat: Espainiako Txapelketa, Kopa eta Superkopa ofizial ez-profesionalak eta maila absolutukoak, betiere aurreko puntuko ohiko ligetako egutegi ofizialaren atal batean txertatuta badaude. Azkenik, izaera ez-profesionaleko nazioko elite-lehiaketa ofizialtzat hartuko dira diruz lagundutako taldeek denboraldian egindako beste parte-hartze batzuk ere, betiere ohiko liga ofizialen batean parte hartu badute, lehiaketak estatuko esparruan egiten badira eta Espainiako Kirol-federazioari dagokion egutegi ofizialak barne hartzen baditu.
Maila absolututzat hauek joko dira: senior mailako adin-tartea; eta senior mailaren azpiko edo gaineko mailetatik etorrita, eta kirol bakoitzari dagokion federazio-araudi ofizialarekin bat, denboraldi jakin batean senior mailako taldeak osatzeko parte hartzen ahal duten kirolari-kopuru mugatu eta murriztua.
Zenbatekoa, balorazio-irizpideak eta diruz lagun daitezkeen gastuak
Deialdiak bi lerrotan banatzen ditu aurrekontuko 436.000 euroak. Alde batetik, kirol batean nazioko maila gorenean jardun eta 650.000 eurotik gorako aurrekontua duten taldeen artean 180.000 euro banatuko dira; eta, bestetik, deialdian diruz lagunduko diren gainontzeko taldeen artean, 256.000 euro. Entitate onuradunek ezin izango dute, inolaz ere, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren % 20 baino gehiago jaso, lehian ari den nazioko mailaren araberako mugekin bat.
Lagun daitezkeen gastuak hauek izango dira: lehiaketan izena ematea, lizentziak, Federazioko hainbat kuota eta arbitrajeak; kirol-instalazioen alokairua; joan-etorrietan ostatu hartzeak eta mantenuak eta joan-etorriek beraiek eragindako gastuak; kirolari dagozkion kirol-material suntsigarriak, kirol-jantzia eta botikina; kirol-entitatearen kudeaketa eta administrazioa; eta teknikari (entrenatzaile, ordezkari eta fisioterapeuta –halakorik balitz–) zein jokalariendako ordainsariak.
Entitate bakoitzari emandako diru-laguntzak deialdiaren oinarrietan ezarritako balorazio-irizpide objektiboak izango ditu oinarri. Taldearen maila, sexu eta diruz lagun daitekeen gastuaren mota aintzat hartuz ezarri dira ehunekoak; jardueraren eragin soziala indartzen duten ekintzak ere aintzat hartuko zaizkie entitateei (berdintasunaren ingurukoak zein balio sozialen ingurukoak). Azkenik, diru-laguntzan murrizketa zehaztu da, kirol-esparruan administrazio-ebazpen irmoaren bidez ezarritako oso zehapen larriengatik.