Katedralaren atzealdeko indusketa arkeologikoak Kalonjeen Atearen Goi Erdi Aroko jatorria ikertuko du; ate hori erromatar garai berantiarreko estratu baten gainean dago

Katedralaren atzealdeko indusketa arkeologikoak Kalonjeen Atearen Goi Erdi Aroko jatorria ikertuko du; ate hori erromatar garai berantiarreko estratu baten gainean dago
Irailaren 29an, astelehenarekin, aurkitutakoaren inguruan azalpenak emateko saio bat eginen da Kondestablen, eta ondoren, berriz ere lurperatuko da aurkikuntza segurtasun arrazoiengatik
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Datorren astelehenean, 19:00etan, indusketa arkeologikoan aurkitutakoa azaltzeko saio bat eginen da Kondestableko ekitaldi-aretoan: Barbazán Apezpikuaren Dorrean egin da indusketa, Iruñeko Udalak sustatuta. Azken aurkikuntzei esker, herritarrek hiriaren historiari buruz gehiago jakiteko aukera izanen dute saio horretan; hain zuzen ere, informazio hori bertatik bertara jaso dute gaur goizean Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Hirigintza Gerentzia eta Batzordeko kideek, Iñaki Sagredo Garde indusketaren arduradun eta Larrate Kultur Kudeaketarako enpresako langilearen eskutik.

Laginketak irailaren 15etik 23ra bitarte egin ziren, ‘Kalonjeen Atea’ delakoa aurkitzeko xedez; izan ere, atea Navarrería hiriko Erdi Aroko harresiko hondakinen artean aurkitutako osagai bereizgarria da. Itxita aurkitu dute atea, katedralaren iparraldeko aldean, Barbazán Apezpikuaren kaperaren ondoan. Atea bat dator Erdi Aroko gotorlekuaren tipologiarekin, eta arku eskartzano bat du ateburuan; halaber, pixka bat estua da (1,3 metro zabal), baina oso altua, ate-zangoek ia hiru metroko garaiera baitute. Vianako Printzeak esku-hartzea egiteko eman zuen baimenari jarraikiz, induskatutako eremua hasiera batean erauzitako lurrarekin estaliko dute berriro, oinezkoen segurtasun arrazoiengatik eta aurkikuntzarekin lotutako kontserbazio-irizpideei jarraikiz.

Horrez gain, Batzordearen kide direnek bertatik bertara ikusi dute Pompelo garaiko estratua. Zeramika erromatarra aurkitu da indusketan, hala nola terra sigillata hispanikoa eta zeramika erromatar arrunta. Material horien eta belztutako estratuaren ondorioz, adituek K.o III. mendekotzat jotzen dute aurkikuntza. Hauxe da adituen hipotesia: sute handi baten ondorioz dago belztuta estratu hori, eta, hain zuzen ere, katedralean egin ziren hurrengo indusketetan antzeman egin zituzten sute horrek eragindako kalteak. Hala, oraindik % 100ean ziurtatu ezin den arren, dorrearen beheko estratuak eta atea erromatar garaikoak direla ematen du. 

Azterlan sakon bat egin beharra dagoen arren, zantzuek iradokitzen dute erromatar garai berantiarreko Goi Erdi Aroko ate bat dela eta ondorengo mendeetan berrerabilia izan zela. Datuak baieztatuz gero, atea Goi Erdi Aroko gertakari historikoen parte izan zela uste da, hala nola Karlomagnoren etorrera 778. urtean eta Abderraman III.aren etorrera 924. urtean. Araudiak ezartzen duen moduan, esku-hartzean aurkitutako guztia Nafarroako Gobernuko Gordailu Arkeologikoari entregatuko zaio, bertan erregistratu eta gorde dadin. Udalak eremu horrekin zer egin aztertuko du orain.

Barbazán Apezpikuaren Dorreko esku-hartze arkeologikoa Iruñeko historia ezagutu eta zabaltzea helburua duen lehenengoa da, eta ez du zerikusirik obra zibilekin eta beste eraikuntza batzuen eraberritze-lanekin. Aurkitutako guztia fitxa normalizatu, plano topografiko, argazki, marrazki eta bideoen bidez jasoko da. Hasierako datuak baieztatuz gero, indusketaren emaitzek bat eginen lukete Iruña erromatarraren sorreraren 2.100 urteurrenaren omenez eta Karlos III.a Noblearen heriotzaren 600. urteurrenaren omenez antolatutako egitasmoekin; hain zuzen ere, errege horrek hiriaren sorrera-gutuna eman zuen Erdi Aroan (1423. urtean), eta burguak inguratzen zituzten Erdi Aroko harresiak eraisteko exijitu zuen.

¿Te ha sido útil esta página?