Katalina Foixkoa etorbideak berriz hartuko du aurreko izena: Armada etorbidea

Katalina Foixkoa etorbideak berriz hartuko du aurreko izena: Armada etorbidea
Katalina Foixkoa erreginaren izena berriro erabiliko da 2016an Nafarroako Artxibo Nagusiaren inguruko gunea izendatzeko

Iruñeak Armada etorbidea izango du ostera ere. Oraingo izendapena –Katalina Foixkoa etorbidea– aurretik zuen izenaz ordeztuko da –Armada etorbidea– behin administrazio-izapideak egindakoan. Enrique Maya Iruñeko alkateak erabaki horren berri eman du goizean egindako Bozeramaileen Batzordean. Hori horrela, Katalina Foixkoa erreginaren izena berriro erabiliko da 2016ko urrian Nafarroako Artxibo Nagusiaren inguruko gunea izendatzeko.

Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko erregelamenduaren 15. artikuluarekin bat, alkatearen eskumen esklusiboa da kale, plaza, parke, pasealeku, eraikin, monumentu eta beste gune publiko batzuk izendatzeko eskumena. Erregelamendu horretan ere aditzera ematen da espedientearen berri emanen zaiola Bozeramaileen Batzordeari, izendapen-ebazpena eman aurretik. Behin erabakia jakinarazita, hiriko bide horren izena aldatzeko behar den espedientearen izapideak abiatuko dira. Egiazko aldaketa gauzatuko da behin erabakia alkatearen ebazpen bidez onetsi, hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta legez behar den epea igarotzen denean. 

Bake plaza eta Pío XII.aren etorbidea lotzen dituen bidea sortu zenetik deitu zen Armada etorbidea, hots, 60ko hamarkadan eraiki zenetik, erakunde horri esker ona adierazteko, hiriari Ziudadela ondoko lursailak lagatzeagatik. Ziudadelak erabilera militarrari eutsi zion 1964ra bitarte, eta 1966ko uztailean, Iruñeko Udalari eman zitzaion. Joan den apirilaren 29an, Katalina Foixkoa etorbidearen izenak ofizialki ordeztu zuen Armada etorbidearena. 

2016ko urrian, alkatearen ebazpen bidez, Katalina Foixkoa erreginaren ingurabidearen izena jarri zitzaion Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren iparraldean dagoen gune bati, Nafarroako Erresumaren Lorategietako plazatik Carmen kaleraino doanari. 2017ko apirilean izendapen hori berretsi egin zen. Gaur egun Errege Kantzelaritzaren erronda da gune horren izena. 

¿Te ha sido útil esta página?