
Karrikan mugaz gaindiko plataformak hainbat kultur jaialdi eta udal, Iruñekoa kasurako, elkartzen ditu, eta Karrikan Etorkizuna 2026-2028 deialdian izena emateko epea ireki du. Deialdia urriaren 1era arte egonen da irekita, eta kaleko arteetan hasi berri diren talde, artista eta konpainiei dago zuzenduta, haien sorkuntza artistikoa eta hedapena sustatzeko. Eskabideak inprimaki baten bidez aurkeztu behar dira, Karrikan plataformaren webgunean eskuragarri.
Deialdiak sorkuntzarako, prestakuntzarako, komunikaziorako eta erakusketetarako laguntzak barne hartzen ditu, 25.000 euro baino gehiagoan. Hautagaitza bat aukeratuko da, eta sorkuntza-prozesua 2026ko azarotik 2028ko maiatzera bitarte garatuko du. Prozesuari amaiera emateko, sorkuntza 2028ko Umore Azokan estreinatuko da, eta ondoren, hamar eguneko bira bat antolatuko da, maiatzetik urrira, Karrikan plataformaren bazkide eta bazkide elkartuen jaialdietan.
Egitasmoak lehentasuna ematen die jatorrizko, euskarazko eta testurik gabeko ikuskizunei, eta formatu txiki eta ertainekoak izan behar dute emanaldiek. Zuzeneko ikuskizunen diziplina guztiak dira ongietorriak: antzerkia, dantza, diziplina arteko ikuskizunak etab. Aurretiko hautaketa urriaren 23an (ostirala) jakinaraziko da, eta konpainia finalistak Gipuzkoako Dantzagunean (Errenteria) arituko dira urriaren 29an (osteguna): egun horretan bertan irabazlea hautatuko da.
Hauek dira hautatzeko irizpideak: originaltasuna, ikuskizunaren planteamendu artistikoaren eskakizuna, euskararen presentzia eta proposamenaren izaera euskalduna. Era berean, honako hauek baloratuko dira: proiektuaren bideragarritasuna, laguntzen deialdiaren egutegia errespetatzea, artisten edo konpainiaren bizilekua, zuzendari profesional baten laguntza edo “kanpo-ikuspegia” eta kaleak proposamen eszenikorako espazio gisa duen garrantzia.
Hautatutako proiektuak sorkuntzarako laguntza jasoko du: doako bi prestakuntza-saio, hiru sorkuntza-egoitza (gastuetarako 2.000 euro barne), “kanpo-begirada” profesional hori ordaintzeko 1.800 euroko diru-poltsa eta beste 5.300 euro sorkuntzarako laguntza gisa. Erakusketetarako laguntzak ere barne hartzen ditu deialdiak: 2028ko ikuskizuna kontratatuko da, 1.800 euroan (zergak eta gastuak barne), Leioan, Hendaian, Bilbo, Gasteizen, Antsoainen, Iruñean, Zarautzen, Lezon, Errenterian eta Arrigorriagan. Halaber, komunikaziorako eta proiektuaren hedapena egiteko laguntzak barne hartzen ditu deialdiak.
Karrikan, kaleko arteetan hasi berri diren artisten sorkuntza eta hedapena sustatzeko plataforma, honako hauek osatzen dute: Kalealdia jaialdia (Bilbo), Kaldearte jaialdia (Gasteiz), Le Mai du Théâtre jaialdia (Hendaia), Leioako Umore-Azoka, Iruñeko Udala, Antsoaingo Udala, TOPADA Fabrika elkartea (Lapurdi) eta Karrikan Elkartea, proiektuaren buru gisa. Halaber, honako hauek plataformaren bazkide elkartuak dira: Arrigorriaga, Errenteria eta Lezo udalerriak, Kalerki jaialdia (Zarautz) eta Dantzagunea (Errenteria) eta Garaion-Sorgingunea (Otaza, Araba) egoitzak.
KARRIKAN ETORKIZUNA (2026-2028)
• Izena emateko epea irailaren 1era arte dago zabalik
o Izen-emateak Karrikan plataformaren webgunean
o Informazio gehiago jasotzeko, karrikan.kudeaketa@gmail.com helbidera idazten ahal da edo Idazkaritza teknikoko telefono-zenbaki hauetara deitu: Jemima Cano (+34) 622 790 220 y Uribarri Atxotegi (+34) 624 982 493