Karlos III.aren etorbidean instalatutako eskultura-konposizio batek aitortzen du Iruñeak mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustua

Karlos III.aren etorbidean instalatutako eskultura-konposizio batek aitortzen du Iruñeak mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustua
Enrique Maya alkateak Jesús Sukuntza eskultoreak Iruñeari doan lagatutako obra inauguratu du
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

‘Hamar bizikleta’ eskultura-konposizioak gaurtik aurrera Iruñeko erdigunean bertan, Karlos III.aren etorbidean, Arrieta eta Orreaga kaleen artean, erakusten du hiria mugikortasun jasangarriaren alde egiten ari den apustua. Eta ‘Go Green Iruña’ energia-trantsiziorako eta klima-aldaketarako estrategiaren bidez egiten du, zeinak besteak beste, bizikletaren erabilera sustatzen baitu hirian barnako eguneroko joan-etorrietan. Jesús Sukuntzasortzaileak lagatu dio obra Udalari, eta artistak gaur goizean Enrique Maya alkatearekin batera parte hartu du inaugurazio-ekitaldian.

‘Hamar bizikleta’ eskultura-konposizioa altzairu herdoilgaitzezko beste hainbeste elementuren irudikapena da, eskala naturalean, eta bertan, garraiobide horren edertasuna ez ezik, haren aniztasuna ere transmititu nahi du artistak. Eta Jesús Sukuntza eskultoreak –hiri-ziklista ere bada– hori lortu du aukeratutako modeloei esker: nagusiki irudi urbanoa duten hamar bizikleta mota ezberdin. Horrek ikusleari garraiobide horren irudi bat ematen dio, ez bakarrik elementu erabilgarri, ingurumenaren aldeko eta sozialki jasangarri gisa, baizik eta, gainera, objektu eder gisa eta hura erabiltzen duten pertsonei balioa ematen diena. Hala, bizikleta egungo garraiobide gisa aurkezten da, garaiarekin bat datorrena eta hiriarekin eta bertako biztanleekin guztiz errespetuzkoa.

Ekintza horrekin, espazio publikoan jarritako artearen bidez, sustatzen da klima-aldaketaren aurkako borrokaren beharraren ideia helaraztea, instituzioek gidatua. Horretarako, Iruñeko Udalak ‘Go Green’ estrategia egiten ari da, eta helburu horretaz gain, hiriaren egokitzapena bultzatzea eta pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzea du xede. Eta hori guztia hiriak klima-aldaketari egiten dion ekarpena murriztuz, hiriak klima-arriskuei ematen dien erantzuna hobetuz eta pertsonen osasuna eta ongizatea bermatuz.

‘Hamar bizikleta’ Iruñeko Udalak hiriko funtsezko toki batean bizikletari eman nahi dion balioaren irudikapena da, hiriko garraiobide gisa, eta osasunaren, ingurumen-kalitatearen, gizarteratzearen, askatasunaren eta hiri-ingurunean begirunez gozatzearen balioak irudikatzen ditu.

Artelan batean irudikatzea bizikleta jada Iruñeko irudiaren parte dela

Eskultura-multzoa eratzen duten bizikleten lehenengoa duela 20 urte egin zen, 2002an, eta azkena bederatzi urte igaro arte ez zen egin, 2011n. Horrek ez du aldatu instalazioan bizikletak batera jartzeko ideia, inolako elementurik sakabanatu gabe, eta horrek, bisualki, aniztasunaren balioa hobeto hautematea ahalbidetzen du, bai bizikleta-modeloena, bai erabiltzaileena.

Obra altzairu herdoilgaitzez egina dago, 25 eta 40 m/m arteko diametroa duten hagaxken, 3 m/m-ko xaflen eta pletinen bidez. Lana egiteko, hainbat teknika erabili dira, hala nola altzairu herdoilgaitzaren elektrodoen bidezko soldadura, zizailaz moztea, torneaketa, matrizegintza, eskuz prentsatzea, lixatzea, leuntzea eta distiraraztea. Bide publikora egokitzeko, leuntzeko akabera bat egiten da, ia ispiluzkoa, korrosioarekiko erresistentzia handia duena eta ingurumen-elementuengatik aldaketarik jasaten ez duena.

Eskultura-multzoaren kokapen zehatza Karlos III.a Prestuaren etorbidea da, Arrieta kalearen eta Orreaga etorbidearen artean dagoen lurpeko aparkalekura sartzeko edikuluaren alboan. Eskultore-egilearen eta Udaleko lantalde teknikoaren artean adostutako lekua da, eta bigarren esku-hartze batean, antolaketa artistikoa osatzeko aukera emanen du, edikuluaren beraren hormetan horretarako jarritako sormen-lan batekin.

¿Te ha sido útil esta página?