Karlos III.a eta Orreaga etorbideetako berdeguneetan sortuko diren sei parterre berrik 200 metro koadro baino gehiagoan handituko dute landare loredunen azalera

Karlos III.a eta Orreaga etorbideetako berdeguneetan sortuko diren sei parterre berrik 200 metro koadro baino gehiagoan handituko dute landare loredunen azalera
Ekimenaren helburuak dira egoteko gune atseginak sortzea, merkataritza sustatzea, biodibertsitatea areagotzea eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea

Iruñeko Udalak hobetu eginen ditu Karlos III.a eta Orreaga etorbideetako berdeguneak. Asmoa da oinezkoen ardatz horren erdiko guneak eraldatzea, merkataritza erakartzeko ahalmen handia baitute, haren trazadura egoteko gunea izan dadin, eta ez joan-etorrirako bakarrik, eta, hala, bertan dauden saltokien ikusgarritasuna areagotzeko.

Baina, gainera, esku-hartze horri esker, zuhaixkak, landare bizikorrak, sasoiko loreak eta erraboilak landatuko dira "bulebar loredunak" sortu arte. Horrez gain, eremuko biodibertsitate-indizeak ere handitu eginen dira, eta udan bero-uharte efektua arintzen lagunduko dute, etorkizuneko Azpiegitura Berde eta Urdinen Udal Planaren ildoan.

Udaleko Merkataritzako Alorrak eta Berdeguneen Zerbitzuak modu koordinatuan landutako proiektu horrek Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren finantzaketa lortu du, Next Generation EU Europako funtsen bidez. Eulen Medioambiente enpresak, obren adjudikaziodunak, datorren hilabetearen hasieran hasiko ditu obrak, eta aurreikuspenen arabera, esku-hartzeak 48.274 euroko kostua izanen du. Kostu horren % 66 Europako funtsen kontu joanen da.

Iruñeko parterreen neurria eta kokapena aldian-aldian berrikusten dira, hiri-espazioa hobetzen laguntzeko; izan ere, eremu publikoa apaintzeko elementuak dira, eta hiriaren bizi-kalitatean eragiten baitute. Eginkizun generiko horretatik haratago, horien antolamenduak oinezkoen zirkulazioa erregulatzen laguntzen du, oinezkoendako igarobideak sortuz eta orientatuz, eta ibilgailuen zirkulazioan ere eragina du, biribilguneetako eta bide-sareko bestelako puntu batzuetako ikusgaitasunean eragina duelako. Gaur egun hiriak 2.500 m2 parterre ditu, eta horiei, urtea amaitu baino lehen Taconeran, Portale Berriaren parean, landatuko direnak gehituko zaizkie, baita Tokiko Gobernu Batzarrak gaur Karlos III.aren etorbiderako onetsi dituenak ere. Etorbide hori oinezkoendako kale nagusietako bat da hirian, eta Alde Zaharra eta Zabalguneak lotzen ditu.

Gune atsegin eta jasangarriak
Hiriko merkataritza-sektorearen dinamizazioaren ikuspegitik, birmoldaketa honen bidez planteatutako helburuak honako hauek dira: hiriko merkataritza-ardatz nagusietan irisgarritasun, mugikortasun eta estetika egokia bermatzea, erosleendaako espazio atsegin eta erakargarriak eskaintzea, eta herritarrek tokiko saltokietan kontsumitu dezaten sustatzea, negozio aktiboen kopuruari eustea eta enplegua babestea, batez ere emakumeena.

Udalaren Berdeguneen Zerbitzuari dagokionez, luzetarako bulebar loredun bat sortzea da asmoa, gaur egun soropilak hartzen duen azaleraren zati bat kendu eta landaketa-guneak sortzeko. "Lore-zerrenda" bakoitzak 15 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera har lezake, eta bandalismoari aurre egiteko Corten altzairuz egindako ertz-mugaz inguratuko litzateke, gune berri horiei kalterik ez zaiela eginen bermatzeko. Horien azken itxura Gayarre Antzokiaren fatxadaren aurrean dagoen parterre luzearen antzekoa izanen litzateke.

Asmoa da espazio mugatu horietan zuhaixkak, sasoiko loreak edo landare bizikorrak landatzea, urte osoan zehar loraldi jarraitu eta osagarriak lortzeko, eta hirian sasoiko landareak berritzeko dagoeneko ohikoak diren diseinu-sistemen barruan. Parterre horien diseinuak berdeguneen naturalizazioa ekarriko du, kontuan hartuko baita ekarpen hidrikoa eta zainketa-beharrak soropilak dituenak baino txikiagoak izatea.

 

logos next comercio

 

logos next economia y comercio
¿Te ha sido útil esta página?