
Iruñean, Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloa eginen da beste urte batez. Aurtengo edizioan zazpi kontzertu antolatu dira, maiatzetik ekainera bitarte. O-ko Andre Maria plaza izanen da kontzertuen agertokia, lehenengoa salbu, maiatzaren 8an Pompelo Civivoxean eginen baita. Anari artista, abeslari, gitarra-jotzaile eta konpositoreak irekiko du Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioa eta Sara Zozaya, Izaki Gardenak, Xak, Bisaiak, Kaskezur eta Erromintxelak taldeek ere parte hartuko dute.
Maider Beloki Unzu Kulturako, Festetako eta Kiroleko zinegotziak gaur goizean aurkeztu du zikloaren programazioa, Xabier Olano eta Imanol Burguete Bisaiak taldeko kideekin batera. Zikloa maiatzaren 8tik ekainaren 25era bitarte eginen da. Zikloa Pompelo Civivoxean hasiko da, Anarik emanen duen kontzertu batekin: ohiko taldearekin arituko da. Kontzertu horretarako sarrerak salgai daude jada, 10 euroan, pamplonaescultura.es/eu udal-webgunean.
Lehenengo kontzertua kenduta, beste guztiak doan izanen dira eta astero eginen dira maiatzaren 21etik ekainaren 25era bitarte, O-ko Andre Mariaren plazan. Soilik eguraldi txarra egiten badu, aire zabalean egin ordez, kontzertuak Erraldoien patioan eginen dira (Descalzos k. 72). Erraldoien patioan edukiera mugatua da, beraz kasu horretan gonbidapenak jasoko dira, doan, kontzertuak hasi baino ordubete lehenagotik.
Apustu horren bidez, Udalak euskarazko musika sorkuntza hedatzea eta sustatzea du xede, musika eta hitzen indarra uztartuz. Duela 25 urte baino gehiagoz geroztik aukeratutako formatua ikuskizun akustiko eta intimoak dira, askotariko estilo eta erritmoei bide emanez. Hala, egile-abestiak eta folka izanen dira nagusi, baina jazza, popa eta reggaea ere entzunen dira.
Hasiera, Pompelo Civivoxean
Inauguratu berri den Pompelo Civivoxean emanen diote ongietorria Kantu eta Hitza zikloaren edizio berriari, Anari artistaren eskutik. Abeslariak, ia 30 urteko ibilbidean, rocka eta folka uztartu ditu eta, ikerketa eta berrikuntza izan dira bere ezaugarri nagusiak. Hori guztia gainera, sakontasun poetiko handiko letra hunkigarri eta dotoreekin, zeinekin maitasuna, bakardadea, tristura, edertasuna, identitatea, introspekzioa, gizartea edo politika gaiak jorratzen baititu. Pompelo Civivoxean honako hauekin emanen du kontzertua: Mikel Txopeitia (bateria eta perkusioak), Xabier Olazabal “Drake” (baxua), Ander Mujika (gitarra eta ahotsak) Xabi Etcheverry (biola, gitarra, teklatua eta ahotsak) y Ruben Garatea (teklatuak).
1997an lehen diskoa argitaratu zuenetik, Anarik estudioko zazpi disko eta bi zuzeneko grabatu ditu. Gainera, artista hauen diskoetan ere parte hartu du, hala nola Fermin Muguruza, Eraso!, Lisabö, Tulsa, Kraussk eta Doctor Deseo. 2018an Adarra saria –Donostiako Udalak euskal musikaren esparruan egindako ibilbide artistikoa aitortzen dute– jaso zuen lehenengo emakumea izan zen. Azken urteotan, abestiak egiteaz gain, idazten ere aritu da eta bi liburu argitaratu ditu: Gari eta goroldiozko (2022) eta Demoliciones controladas (2023).
Maiatzaren 21etik aurrera, O-ko Andre Maria plazan
Hasiera-ekitaldiaren ondoren, zikloa ohiko agertokian eginen da, aire zabalean, O-ko Andre Maria plazan, maiatzeko eta ekaineko ostegunetan. Maiatzaren 21ean Sara Zozayaren ahotsa entzuteko aukera izanen da, euskarazko musika eszenako talentu gazteetako bat. Hainbat taldetan parte hartu ostean, 2018an kaleratu zuen bere lehen bakarkako lana. Egun, LP bat eta bi EP kaleratu ditu jada, eta, gainera, kolaborazioak egin ditu maila handiko artistekin, besteak beste, Benito Lertxundirekin eta Valdiviarekin. Bere estiloak ‘lo-fi’-a (soinu inperfektu, epel eta nostalgikoak ezaugarri dituen musika-estiloa), popa, euskal tradizioa eta minimalismoa ditu oinarri.
Maiatzaren 28an, ostegunarekin, Izaki Gardenak taldearen txanda izanen da; taldea 2012an sortu zen, Jon Basagurenen abestiei itxura emateko. Beren lehenengo lana, Itsasargiak, urte horretan bertan argitaratu zen eta bost abestiz osatuta zegoen. Ondoren beste hiru disko kaleratu zituzten, rocka eta popa oinarri hartuta. Taldeak lau urte baino gehiagoko geldiunea egin zuen eta 2024an itzuli zen agertokietara Orube disko berriarekin. Sitsak da taldearen azken lana: azken urteetan argitaratu eta diskoetan ageri ez diren sei abesti eta, beste lau abesti berri barne hartzen ditu.
Ekainari hasiera emateko, Paxkal Irigoyen Xak Nafarroa Behereko abeslari eta musikari polifazetikoa igoko da taula gainera hilaren lauan. 2017an eman zuen argitara lehen diskoa, eta 2021ean, Bloñ taldea osatu eta Bañolet kantuz diskoa kaleratu zuen; azken disko horrek Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyenek berak zuzendutako Bañolet filmeko abestietako batzuk barne hartzen ditu. 2023an, “Piko” izen artistikoaz egin zituen emanaldiak. 2025eko maiatzean, Xak proiektu berria kaleratu zuen Paxkalek: sei abestiz osatutako album bat da, eta folk eta pop estiloak uztartzen ditu. Abestiak zuzenean aurkezte aldera, Irigoyenek boskote bat osatu du: Julen Etxeberri (bateria), Allande Etxeberri (baxua), Paul Covreur (gitarra eta mandolina) eta Uxue Olaziregi (gitarra akustikoa).
Ekainaren 11n Bisaiak talde nafarra arituko da; taldea 2023an abiatu zen eta reggaea du bere musika sorkuntzen ardatz. Honako hauek osatzen dute Iruñerrian sortutako taldea: Oier Alsua (baxua), Aitana Lakuntza (tronboia), Eneko Aguerri (bateria), Adriana Lorenz (saxofoia), Imanol Burguete (tronpeta), Arrate Bacaicoa (ahotsa), Xabier Olano (teklatuak) eta Irene Beltza (gitarra). 2025eko urrian Porlanezko lorea diskoa kaleratu zuten.
Bestalde, ekainaren 18an, Kaskezur laukoa igoko da taula gainera, Deus ez da ezer eta zerbait da disko berria aurkezteko; bost urte pasa dira azkeneko lanak kaleratu zutenetik. Instrumentuen soiltasuna eta soinuaren eraikuntza kolektiboa dira taldearen nortasunaren ikur 2008an sortu zenetik, hainbat lan kaleratu dituzte, Itzulera (2008) kasu, eta guztietan rock klasikoarekin eta musika psikodelikoarekin esperimentatu dute. 2013an Ilgora diskoa eman zuten argitara: taldearen soinua behin betiko aldatu zuen, eta, hari esker, euskarazko rock alternatiboko eszenaren ateak ireki zitzaizkien.
Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioari amaiera Erromintxelak Arrasateko gypsy swing taldeak emanen dio. Musikari hauek osatzen dute: Jon García (ahotsa eta gitarra), Iñigo Zubizarreta (manouche gitarra), Aitor Moreno (kontrabaxua), Jokin Vitoria (washboarda, bateria eta koruak), Daniel Apodaka (biolina) eta Andoni Aizpuru (saxo sopranoa). Swing eta gipsy estiloko musikan oinarrituta eta instrumentu akustikoak erabilita, publikoa dantzan jartzeko melodiak abesten dituzte euskaraz.
KANTU ETA HITZA 2026
Zikloaren hasiera-kontzertua. Pompelo Civivoxa 20:00etan.
Maiatzak 8: Anari
Sarrera: 10 euro. Sarrerak txarteldegian hartuko dira, edo Iruñeko Udalaren kulturako webgunearen bidez (www.pamplonaescultura.es/eu).
O-ko Andre Mariaren plazako kontzertuak: 20:00etan (euririk balitz, kontzertuak Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira)
Maiatzak 21: Sara Zozaya
Maiatzak 28: Izaki Gardenak
Ekainak 4: Xak
Ekainak 11: Bisaiak
Ekainak 18: Kaskezur
Ekainak 25: Erromintxelak
Sarrera librea