‘Kantu eta hitza’ zikloa bueltan da: doako sei kontzertu eginen dituzte maiatzaren 15etik ekinaren 19ra arte O-ko Andre Maria plazan

‘Kantu eta hitza’ zikloa bueltan da: doako sei kontzertu eginen dituzte maiatzaren 15etik ekinaren 19ra arte O-ko Andre Maria plazan
Jon Maiak zikloaren hasiera-kontzertua emanen du apirilaren 24an, Baluarten
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi
Fitxategi

Iruñeko Udalak Kantu eta hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloa antolatu du aurten ere. Aurreko urteetan bezala, doako sei kontzertu eginen dira O-ko Andre Mariaren plazan. Berritasun gisa, Jon Maiak zikloaren hasiera-kontzertu berezi bat emanen du aurten, apirilaren 24an, Baluarten.

Maider Beloki Unzu Iruñeko lehen alkateorde eta Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak xehe-xehe azaldu du Iruñeko Udalak antolatutako zikloa; artista hauek arituko dira: Jon Maia, Anari, Frinkun, Ziztada eta Rlantz, Hiuzz, Mirua eta Xendra. Zikloa Niko Perret eta Xabi Leonekin batera aurkeztu du, Frikun taldeko abeslaria eta teklatu-jotzailea, hurrenez hurren. 

Jon Maiak Baluarten eskainiko du hasiera-kontzertua, eta sarrerek 15 euroko kostua izanen dute; gainerako kontzertu guztiak O-ko Andre Maria plazan eginen dituzte. Eguraldia txarra bada, Descalzos kaleko Erradoien Txokoan eginen dira kontzertuak (Descalzos kalea 72). Kasu horretan edukiera mugatua izanen da; doako sarrerak kontzertuak hasi baino ordubete lehenago jasotzen ahalko dira, eta bakoitzak bi sarrera erosten ahalko ditu, gehienez ere.

Zikloko lehen kontzertuak (Ziztada & Rlantz) bat egiten du Euskaraldiaren lehen egunarekin: maiatzaren 15ean eginen dute. Hori dela eta, bi programak koordinatzea egokia iruditu zaie antolatzaileei, Taupa Mugimenduaren proposamena integratu eta kontzertu-ziklo honekin Euskaraldiari ongi etorria emateko. Koordinazio horri esker programazioa arratsalde osora luzatuko da, euskarazko kultur jarduerak indartzeko. Gainera, erabaki horrek euskarazko kultur jarduerak sustatzeko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorraren konpromisoari erantzuten dio, Euskaraldiaren xedearekin –euskararen erabilera sustatzea– bat eginda.

Ziztada & Rlantz reggae dub taldea da, 2017an sortua. Honako hauek osatzen dute taldea: ahotsean Ziztada (Bilbo), Rlantz (Amurrio) base ekoizlea eta dub maker-a, eta Komadü (Sarria) saxofoi- eta melodika-jotzailea. Musika propioa sortzen dute eta letra alternatiboak eta aldarrikatzaileak dituzte oinarri. Hiru disko hauek argitaratu dituzte: Egun Hotzak (2018), Azken Argiak (2020), eta azkenengoa KSMS (2021). 2025ean, berriz, Ipar Haizea albuma argitaratu dute.

Bigarren kontzertua maiatzaren 22an izanen da, Anariren eskutik; Anarik oso berea den soinu bat garatu du, eta Euskal herriko ahots garrantzitsuenen artean dago, 1997an bere izena zeraman diskoa argitaratu zuenetik. Egun, bere banda indartsuarekin batera Giza zarata (Tristuraren industria, 2024) azken diskoaren aurkezpen-biran dihardu. Joaquín Pascualekin elkarlanean ekoiztua eta Paco Locoren estudioan grabatua da, eta aurtengo disko onenen artean aipatu du Rock de Lux aldizkariak, besteak beste.

Hirugarren kontzertua Frikun taldeak emanen du, maiatzaren 29an. Frikun Euskal Herriko lau musikarik eta afro-rock talde batek osatzen dute, hein handi batean Afrika Mendebaldeko musika elektrikoan inspiratuak baina nortasun musikal propioa sortu dutenak. 2022an kaleratu duten Ezerezko Herria autoekoiztutako azken diskoan doinu liluragarriak eta erritmo uhinak uztartzen dituzten konposizio originalak daude, baita kritika sozialaren, hausnarketa globalaren eta introspekzioaren artean dabiltzan euskarazko hitzak ere.

Hiuzz, Mirua eta Xendra, ekainean
Ekainean beste hiru kontzertu eginen dituzte. Lehenengoa, Hiuzz taldearen eskutik, ekinaren 5ean izanen da. Hiuzz 2021ean sortutako hirukotea dugu, aspaldiko lagunez osaturikoa. Pop/Rockaren bueltan sortzen dituzte abestiak, melodia argitsu eta soinu zikinak landuta. Duela gutxi kaleratu dute lehendabiziko lan luzea, Esperoan. 

Ekainaren 12an, 2019an sortutako Mirua talde gipuzkoarraren txanda izanen da. 2021ean Harrobia Saria irabazi zuen Gaztea Euskadi Irratiaren maketa lehiaketan, eta horrek hasiera eman zion taldearen gorako ibilbideari. Sendotze horren mugarri izan zen 2022an argitaratutako izen bereko EPa, zeinean pop klasikoa, elektronikoa eta indie esperimentala uztartu baitzituen; halaber, Egunak uzten ez didanetan, Txin Txin eta Eskurik Gabe singleak ditu. 2023an, elektronika arakatzen jarraitu zuten Goizean Oskorri abestiarekin eta Malakias taldearekin batera Goiz Hiltzen Dira Ametsak abestian. 2024an, Mugaz gaindi aurkeztu zuten, beren hurrengo albumaren lehen aurrerapena. Gai horrekin hirukotearen sormen-etapa berri bat hasi zen, soinu tradizionalak eta elektronika esperimentala uztartu zituzten, eta beren bilakaera artistikoaren adierazgarri izan zen. 2025eko hasieran Salda badago argitaratu zuten, esperotako lehen LParen bigarren aurrerapena eta sare sozialetan birala.

Azkenik, Xendra taldeak emanen dio amaiera zikloari; Xendra taldea Uharten sortutako egitasmoa da, eta egunerokotasunean musika konposatu eta elkarrekin jotzea gustuko duten sei gaztek osatzen dute. Hauek osatzen dute taldea: Leire Diges Izco (ahotsa eta gitarra), Iratxo Gorostiza Etxeberria (gitarra eta ahotsa), Leire Gorostiza Etxeberria (biolina), Iker Andueza Gil (baxua), Laida Beltzunegi Landa (teklatua) eta Ion Galbete Labiano (bateria eta koroak). Taldeak euskal hitzez osatutako kantak proposatzen ditu, eta gai unibertsalak jorratzen ditu. 2024ko uztailean grabatu zuten lehen diskoa, Bihia, SIMA estudioan Ibai Osinagak lagunduta.

Hasiera-kontzertua, Jon Maiaren eskutik
Jon Maiak apirilaren 24an eskainiko du Kantu eta hitza zikloaren hasiera-kontzertua. Kantu bat gara Jon Maiak letragile modura azken 30 urteotan idatzi dituen kantuen antologia da. Lan horretan jauzi bat egin du Maiak: orain kantu berriak dira nagusi, eta badaude bertsio batzuk ere. Maila handiko kolaboratzaileak izan ditu lagun proiektu berrian: hala nola Itziar Ituño, Olaia Intziarte, Maddalen Arzallus eta Luis Pastor. Baina bat nabarmendu behar bada, hori Silvio Rodriguez kantautore kubatarraren parte hartzea da, Nostalgia izeneko kantua euskaraz abesten baitu.

Jon Maiak nortasuna eta transmisioa izan ditu ardatz ‘Kantu berri bat gara’ lanean, azken urteetan garrantzi berezia izan baitute artistaren bizitzan, eta edertasuna eta emozioak oinarri hartuta heldu die bi gai horiei. Bertsolari zumaiarraren ikuskizunak ez dira ohiko kontzertuak bezalakoak: proiekzioak, gonbidatu bereziak, bat-bateko jarduna eta sorpresa ugari izan ohi dira haren kontzertuetan. Maia bere ohiko musikariekin dator oraingoan ere, denak aski ezagunak: Gorka Hermoso (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Natxo Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa).


KANTU ETA HITZA 2025

•    Zikloaren hasiera-kontzertua. Baluarte. 19:30ean.
o    Apirilaren 24an, 19:30ean. Jon Maia, Kantu berri bat gara
o    Sarrera: 15 euro. 15 euro. Sarrerak txarteldegian hartuko dira, edo Baluarteren webgunearen bidez (www.baluarte.com/eu).

•    O-ko Andre Mariaren plazako kontzertuak: 20:00etan (euririk balitz, kontzertuak Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira)
o    Maiatzak 15: Ziztada eta Rlantz 
o    Maiatzak 22: Anari 
o    Maiatzak 29: Frikun 
o    Ekainak 5: Hiuzz 
o    Ekainak 12: Mirua 
o    Ekainak 19: Xendra
o    Sarrerak doan izanen dira eta toki berean jasoko dira, kontzertuak hasi baino ordubete lehenago. Bi sarrera hartzen ahalko ditu, gehienez, pertsona bakoitzak.

 

¿Te ha sido útil esta página?