Bihar abiatuko da 2018ko Kantu eta Hitza udal-zikloa, Erraldoien Txokoan (Descalzos k. 72), Miren Narbaizaren MICE kontzertuarekin, eibartarrak sortu duen proiektu berria Napoka Iria bikotean hainbat urtez aritu ostean. Emanaldia, zikloko guztiak bezala, 20:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da, gonbidapena eraikinean bertan hartuta kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik.
Narbaizak bakarka egin duen lehen lana aurkeztuko du, Buelteri eusten, zortzi kantaz osatutako diskoa, azken urte hauetan ikasitakoaren isla. Giro ilunek, distortsioek eta tempo gozoek bat egiten dute bizitasun handiagoko uneekin, betiere ahots bereizgarri askoa ardatz dutela. Lana Joseba Baleztena beratarrak (Sexty sexers, Joseba B Lenoir) ekoitzi du, eta teklatuan, gitarretan eta baxuan ere aritu da. Ilargi Agirre aritu da baterian eta Iñigo Irazoki izan da soinu-arduraduna. Osteguneko kontzertuan, Ibai Gogortzak (Borrokoan, Joseba Irazoki eta Lagunak) lagunduko du gitarran, eta Fernando Neirak (Ruper Ordorika), baxuan.
Musikari polifazetikoak bakarkako ibilbideari ekin dio hainbat proiektu musikaletan parte hartu ostean. Ander Mujikarekin batera Napoka Iria bikotea osatu zuen, eta bost disko argitaratu zituen, 2017an taldea desegin zen arte. Beste talde batzuekin ere aritu izan da, besteak beste Perlak, Joseb B. Lenoir eta Dual Splitha taldeekin, ahotsa jarrita, teklatuetan eta gitarra jotzen.
Kantu eta Hitza zikloak badu bere tokia euskarazko jardueren udal-agendan, eta formatu txikiko ikuskizunak eskaini ohi ditu hainbat musika-estiloren inguruan, folka, musika elektronikoa eta rocka, besteak beste. Hurrengo emanaldian, maiatzaren 24an, Don Inorrez izango dugu taula gainean. Imanol Ubeda (Bide Ertzeanen taldekide ohia) abeslari eta gitarra-jotzaileak bere proiektu berria eta bakarka egiten duen lehen diskoa aurkeztuko du: Mugiro Bila.