Kaleko musikak eta haurrendako jarduerek sustatuko dute hurbileko merkataritza ostiral eta larunbatean, Alde Zaharrean, Txantrean eta Iturraman

Kaleko musikak eta haurrendako jarduerek sustatuko dute hurbileko merkataritza ostiral eta larunbatean, Alde Zaharrean, Txantrean eta Iturraman
‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ ekimenak, hirugarren astez jarraian, hiriko auzoetako merkataritza-guneak dinamizatzen jarraitzen du

 

Udalaren eta Iruñeko merkatarien elkarteen ‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ ekimenak ekainean antolatzen dituen dinamizazio-jarduerak aste honetan Iturramara, Txantreara eta Alde Zaharrera helduko dira. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean eremu horietan haurrak eta kaleko musika ardatz dituzten hainbat proposamen abiatuko dira. Gainera, bizilagunei proposatuko zaie sanferminetako kartel historikoekin lotutako ekimen batean parte hartzea.

‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ ekimenak musikaz beteko du ostiral arratsaldean Iruñeko Alde Zaharra. Sei eta erdietatik aurrera Eguzki txaranga hiriko erdiguneko kale nagusietan barna ibiliko da sanferminetarako egun batzuk besterik ez direla falta gogora ekarriko duen giroa sortzeko. Ordu erdi geroago, arratsaldeko zazpietan, San Nikolas plazan ‘Los Habituales’ taldearen emanaldia hasiko da, non taldeak azken hamarkadetako pop-rockaren arrakasta ezagunenetako batzuk gogora ekarriko baititu. Gehiengoak ezagutzen dituen abestiak eramanen ditu ere Mercaderes kalera, zortzi eta erdietatik aurrera, ‘Tres Navíos en un bar’ taldeak.

Halaber, sanferminen aurreko giroa ikusgai egonen da hiriko Alde Zaharrean XIX. mende amaieraren eta XX. mende amaieraren arteko festak iragartzen zituzten kartelen erakusketa baten bidez. Iruñeko Udal Artxiboaren lankidetzari esker, hiriko eremu horretako merkatariek kalera aterako dituzte irudi adierazgarri horiek, eta haiekin elkarreragitera animatuko dute.  Ekimen horretan parte hartu nahi dutenek aukeratutako kartelarekin argazki bat egin beharko dute, eta argazkia eta establezimendu elkarkide bateko erosketa-tiketa bidali beharko dituzte ekainaren 27a baino lehen Alde Zaharra elkarteko telefonora (633 435 276). Mezuan kartel hori zergatik aukeratu duten azaldu beharko dute. Parte-hartzaile guztiak hiru pertsonendako ordubeteko abioneta-hegaldi baten zozketan sartuko dira. Ekimen horren xehetasunak www.cascoantiguopamplona.com Alde Zaharreko merkatarien elkartearen webgunean kontsultatzen ahal dira.

Jolas-parkeak eta puzgarriak txikienendako

‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ ekimenak Iturrama auzoan familiei zuzendutako bi jardunaldi prestatu ditu jolas-parke eta puzgarriekin. Ostiralean, arratsaldeko bostetatik zortzietara, eta larunbatean, goizeko hamar eta erdietatik eguerdiko ordu bata eta erdira arte eginen dira López pilotalekuaren atzealdean, Iturrama kalearen eta Asenjo Pintorearen plazaren ondoan, Pio XII.aren etorbidearen atzealdean.

Txantreako jarduerak larunbat goizean (ekainak 18) eginen dira, 10:30etik 14:00ak arte, Orvina 2-ko haurrendako parkean. Bertan, halaber, puzgarri-parke bat egonen da, txikienei zuzenduta, eta, gainera, auzoko ekoizle eta artisauen feria eginen da.

Iruñeko auzoetan jarduerak egiten lau asteburuz egon ondoren, hurrengoa izanen da dinamizazio-jarduerak antolatuko diren azkena. Txantrean egun horietan, zehazki, larunbatean (ekainak 25), ‘Txantrea Dantzan’ taldearen emanaldia izanen da. Aisia-proposamenak eginen dira baita Mendillorrin eta Arrotxapean ere. Lehenengo kasuan, ekainaren 23an, ostegunarekin, izanen da eta apar-festa bat antolatuko da erraztatzailearekin eta puzgarriekin. Arratsaldeko bostetatik gaueko bederatzietara bitarte izanen da, aintziraren ondoan. Ekainaren 24an, ostiralarekin, tren turistiko bat Arrotxapeko puntu nagusietatik ibiliko da, eta biharamunean, auzo horretako Maiteminduen parkean haurrendako puzgarri-parkea egonen da 10:00etatik 14:00etara.

Merkataritza dinamizatzeko jarduerak duela 18 urtetik hona Iruñeko auzoetan

Iruñeko Udalak eta hiriko merkatarien elkarteek 2004tik daramate ‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ ekimena antolatzen, merkataritza txikia dinamizatzeko. Horren bidez, hiriko merkataritza-ardatz nagusietan establezimenduei ikusgaitasuna ematen dieten herritarrendako proposamen erakargarriak egiten dira, gertuko merkataritza sustatzeko.

Edizio honetan, jarduerak ekaineko asteburuetan dira. ‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ merkataritza animatu, dinamizatu eta sustatzeko programa Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago aurtengo edizioan, izan ere, planak dentsitate altuko merkataritza-guneetan sustapen-jarduketak egitea jasotzen du.

Logo

 

¿Te ha sido útil esta página?