Udaleko Lehendakaritza Batzordeak Kale Nagusiko 14. zenbakian dagoen udal lokala bisitatu du gaur goizean. Lokal hori hiria bisitatzeko bizikleta erabiltzen duten turistendako edo bisita erosoago egiteko motxila gorde nahi duten ibiltariendako aparkaleku – kontsigna gisa prestatu da, besteak beste, Done Jakue bidea egiten ari direnendako. Lokalak 158,60 metro karratu, sarbiderako kontrola eta bideozaintza ditu, eta honela banatuta dago: 20 bizikletendako aparkalekua, 30 armairu eta konponketa-gune bat.
Aparkaleku hori datorren astean irekitzea aurreikusi da, Aste Santua hasi baino lehen. Guneak 20 bizikleta gordetzeko aukera ematen du eta bizikleta elektrikoak kargatzeko entxufeak eskaintzen ditu, nahiz eta kargagailua ez dagoen sartuta. 30 armairuak domotizatuta daude, eta, beraz, NBici-Biziz aplikazioaren bidez irekitzen dira. App horrek aparkalekura eta udal-sareko beste batzuetara sartzeko aukera ematen du. Erabiltzaileei aparkaleku-zerbitzua, leihatila-zerbitzua edo biak erabiltzeko aukera ematen zaie.
Erabiltzaileak NBici-Bizizerako zein Androiderako eskuragarri dagoen NBici-Biziz app-an alta hartu behar du eta, instalaziora sartzeko kode bat jasoko du automatikoki. Telefono bidez ere sartzen ahal da, doako dei bat eginez alta hartzeko erabili den telefono mugikorretik aparkalekuan inprimatuta dagoen zenbakira; baita online ere, NBici-Biziz aplikaziora sartuz eta aparkalekuko “atea” sakatuz.
Zerbitzuaren tarifa euro bat da 48 orduko erabilera bakoitzeko, eta kostu erantsirik gabe bizikleta elektrikoak kargatzeko aukera ematen du Gainera, tarifaren barruan sartzen da armairu bat doan erabiltzea bizikleta esparruaren barruan dagoen bitartean. 48 ordu horietatik gorako gehiegizko denborak euro bateko kostu gehigarria izanen du 24 orduz, eta aparkalekutik ateratzen denetik berriz ere bertara sartu bitartean gutxienez 10 minutuko tartea utzi behar da; bestela, ez da kontabilizatuko lehen irteera. Alta puntualki eginen da eta ez da hilero automatikoki berritzen, beste udal zerbitzu batzuetan gertatzen den moduan.
Kale Nagusiko lokalak erromesendako harrera-zentrotik eta Ultreia – Donejakue Bidearen Interpretazio Zentrotik gertu dagoen ate batetik du sarbidea, eta bilera-gela bat ere badu, Santa Ana plazatik sartzeko aukera ere baduena. Gela horrek bilera-gela erabiltzen dutenek soilik erabiltzeko komuna du. Lehen, Apesteguía altzari-denda zegoen lokal horretan.
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak joan den urtean lokala egokitzeko lanak UG Estudio Pamplona SL enpresari adjudikatzea onetsi zuen, 127.425,83 euroan eta hiru hilabeteko gauzatze epea emanda. Proiektuak Europako Next Generation EU funtsen finantzaketa du, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) bidez.
BIZIKLETEN APARKALEKU – KONTSIGNA KALE NAGUSIA 14
Zerbitzuaren tarifak:
- Prezioa: 1 euro
- Kale Nagusiko 14. zenbakiko lokaleko aparkalekuan 48 orduz aparkatzeko
- Kostu erantsirik gabe aparkatzen ahal da bizikleta elektrikoa aparkatzea kargatzeko entxufea duten tokietan
- Bizikleta aparkalekuan dagoen bitartean armairu bat doan erabiltzeko aukera
Erabilera-arauak:
- 48 orduko aparkaldi jarraitua gaindituz gero, 1 euro gehiago ordaindu beharko da 24 ordurako
- Aparkalekutik irten eta berriz ere bertara sartu bitartean gutxienez 10 minutuko tartea utzi behar da; bestela, ez da kontabilizatuko lehen irteera
- Alta puntualki eginen da eta ez da hilero automatikoki berritzen