20 urte beteko ditu asteazkenean Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoak: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei entzuteko, laguntzeko eta orientabidea emateko baliabidea da

20 urte beteko ditu asteazkenean Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoak: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei entzuteko, laguntzeko eta orientabidea emateko baliabidea da
Etxean, topaketa bat eginen da profesional eta entitateekin, baita #Kafehartzen berezi bat ere, ‘Hitz egin dezagun Aholkularitza Psikologikoaren 20. urteurrenari buruz’ izenburupean
Irudia
Irudia
Irudia

20 urte beteko ditu Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoak aurten. Baliabide hurbila da, konfidentziala eta doakoa, eta, haren bidez, 14 eta 30 urte bitarteko gazteek aukera dute elkarri entzuteko, laguntzeko eta orientabidea emateko; horrez gain, tresnak eskura jartzen zaizkie gaztaroan ohikoak diren zailtasun eta erronkei aurre egiteko. Azken urtean, 490 gaztek jaso dituzte aholkularitzak eskura jartzen dituen zerbitzuak.

Urteurrena ospatzeko, zerbitzuaren 20 urteko ibilbidean barnako bi jarduera eginen dira asteazkenean. Goizez, topaketa txiki bat eginen da profesionalen eta entitateen artean; eta arratsaldez, 19:00etan, #Kafehartzen berezia: Hitz egin dezagun...Aholkularitza Psikologikoaren 20. urteurrena izenburupean, gazteek aukera izanen dute baliabidea bertatik bertara ezagutzeko, eta dagoeneko zerbitzua jaso duten horiek ere gonbidatuta daude.

1995-1996ko ikasturtean sortu zen aholkularitza, Gaztediaren Etxean, ordu hartan jarri baitzen abian Orientabide Psikosozialeko Zerbitzua: teknikari kualifikatuek ematen zuten arreta bertan, baita Psikopedagogiako eta Gizarte Laneko graduetako praktiketako ikasleek ere. Orientabide Psikosozialeko Zerbitzuak eman zion bidea Aholkularitza Psikologikoari, eta oraindik ere abian da gazteei zuzendutako arreta psikologikoko zerbitzu espezializatu gisa.

Harrezkeroztik, bilakaera izan du aholkularitzak, eta, pixkanaka, esku hartzeko era gehiago jarri dira abian gazteen behar eta kezkei erantzute aldera. Hasiera batean, banakako arreta zuen ardatz, baina gaur egun baliabide zabal eta moldakorragoa da, eta askotariko modalitateak uztartzen ditu arreta emateko orduan. Gainera, Gizarte Laneko praktiketako ikasleekin lankidetzan ari da oraindik, eta, hala, proiektuaren prestakuntza- eta komunitate-dimentsioa indartzen da.

Gaur egun, banakako aholkularitza psikologiko pertsonalizatua eskaintzen du zerbitzuak, goizez eta arratsaldez: astelehenetan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; eta asteazkenetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara. Joan ahal izateko, aurrez hitzordua erreserbatu behar da Gaztediaren Etxean edo 948 233 512 telefono-zenbakian.

Gainera, hilero, lantegiak proposatzen ditu aholkularitzak, Gaztediaren Etxeak ematen dituen askotariko gaiei buruzko hiruhileko ikastaroen barruan; lantegiek xede dute gaitasun psikosozialak garatzea, betiere beste gai interesgarri batzuk alde batera utzi gabe. Astelehetan egiten dira lantegiak, 19:00etatik 20:25era. Udako hilabeteetan –uztailean eta abuztuan–, hainbat gai sakonki jorratzen dira ongizate-goizen barruan.

Era berean, Hitz egin dezagun... parte hartzeko saioak barne hartzen ditu zerbitzuak, Gaztediaren Etxeko kafetegia dinamizatzeko #Kafehartzen programaren barruan. Egitasmoa aukera paregabea da gazteekin modu informalean harremanetan jartzeko, baita zalantzak, iritziak, ideiak eta esperientziak partekatzeko ere. Hilero bat egiten da, asteazkenetan, eta sarrera librea da.

¿Te ha sido útil esta página?