“Orube honetan egon zen, 1885etik aurrera, Salvador Pinaquy Ducasse jaunaren galdategia (aurrerago Casa Sancena izena hartu zuen): hor egin zituzten Iruñeko hiri-altzari tradizional gehienak”. Hori da, 1874tik 1875ra bitartean tropa karlistek hainbat hilabetez hiria blokeatu zutenean Pinaquyk Iruñera ura igo zueneko 150. urteurrena dela-eta gaur goizean Kale Nagusiko 14. zenbakian desestalitako oroitzapenezko plakaren testua.
“Orube honetan egon zen, 1885etik aurrera, Salvador Pinaquy Ducasse jaunaren galdategia (aurrerago Casa Sancena izena hartu zuen): hor egin zituzten Iruñeko hiri-altzari tradizional gehienak”. Hori da, 1874tik 1875ra bitartean tropa karlistek hainbat hilabetez hiria blokeatu zutenean Pinaquyk Iruñera ura igo zueneko 150. urteurrena dela-eta gaur goizean Kale Nagusiko 14. zenbakian desestalitako oroitzapenezko plakaren testua.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Hirigintza Batzordeak parte hartu dute Udalak haren figuraren eta utzi zuen legatuaren garrantzia aitortzeko prestatu duen ekitaldian; izan ere, hiriko altzarien elementu tradizional asko sortu ziren fundizio horretan, hala nola lehoiaren iturriak, Zarautz motako eserlekuak eta armarridun barandak. Mahai-inguru batek, photocall batek eta adierazpen instituzional batek osatuko dituzte gaurko aurreikusitako jarduerak, eta photocalla igandera arte egongo da.
1874ko karlisten blokeoko une kritikoan, Pinaquy bere buru-argitasun eta ausardiagatik nabarmendu zen, larrialdiko proiektu bat egin baitzuen Iruñea setiatzen zutenek eten zuten hiriko ur-hornidura berrezartzeko. Konponbide azkar eta eraginkor baten bidez, ura ponpatzea lortu zuen Caparrosoren errotatik hurbil dagoen iturburu batetik biltegi bateraino, eta horri esker eutsi ahal izan zion Iruñeak blokeoari, 1875ean altxatu zuten arte. 1874ko azaroaren 6a zen, eta ingeniaritza-lan hari esker, Iruñeko iturriei ura zerien berriz ere. Lorpen hori mugarri bat izan zen hiriaren historian, eta Salvador Pinaquyri aitortza egin zioten duela 150 urte, Udalak oroitzapenezko urrezko domina eman baitzion.
Pinaquy omentzeko adierazpen instituzionala
Gaur goizean eginen den Hirigintza Batzordean adierazpen instituzional bat onetsiko dute “Salvador Pinaquy Ducasse omentzeko, hiriaren hazkundeari egindako ekarpen garrantzitsuagatik, haren lana eta legatua oraindik ere Iruñeko hiri-altzarietan nabariak direla aitortuz”. Udalak konpromisoa hartu du, halaber, “espazio publiko bat eskaintzeko Salvador Pinaquy Ducasseri, hiriak bere legatuarekiko duen esker onaren sinbolo gisa”.
Adierazpenak Salvador Pinaquy Ducasseren figura iruzkintzen du. 1817an jaio zen, Baionan, eta 1890ean hil zen, Kale Nagusiko 14. zenbakiko Iruñeko bere etxean. 31 urte zituela, bere sorterritik Iruñera etorri zen José Sarvirekin batera, eta 1850. urtean Salvador Pinaquy y Compañía elkartea sortu zuten bien artean. Elkartea galdaketan eta errementaritzan aritzen zen, eta nekazaritza-makinak egin eta muntatzen espezializatu zen. Lantegia Caparrosoren errotaren inguruan jarri zuten. Beste lan batzuen artean, lantegi horretan sortuak dira San Domingoko aldapako (gaur egungo SanFermIN! Espazioa) guardia-gorputzeko burdinazko zutabeak eta Frantziako portaleko igotze-sistemak. Gainera, lantegi horretan diseinatu eta egin ziren XIX. mendeko industrializazioko lehen urteetan hiria apaindu zuten ondare txikiko elementuak.
Karlisten blokeoa gertatu eta urte batzuetara, Pinaquyk eraikin bat erosi zuen Kale Nagusian (orduan 40. zenbakia, gaur egun 14. zenbakia). Etxebizitza bertara eraman zuen, eta patioan negoziorako nabe bat muntatu zuen. Antonia Sancena Vergararekin ezkondu zen, eta seme bat izan zuten, Salvador: bera baino geroxeago hil zen. Negozioa koinatuaren esku geratu zen orduan, eta hark Sucesores de Pinaquy y Cía elkartea eratu zuen 1894an. XX. mendeko 40ko hamarkadan SL Casa Sancena sortu zen, Pinaquyren oinordekoa, eta jarduerari eutsi zion, hiri-altzariak ekoizten. Casa Sancenak, esate baterako, badu zerikusirik hiriko lehoi itxurako barandekin eta lehoi aurpegia duten iturri berdeekin.
Industrializazioari buruzko hitzaldia eta photocalla Udaletxeko ezkaratzean
Arratsaldean, 19:30ean, Iruñeko alkateak Nuevo Casinon eginen den mahai-inguru bat moderatuko du “Salvador Pinaquy eta Iruñeko lehen industrializazioaren bultzada” izenburupean. Mahai-inguruan, Victor Manuel Egia eta Pedro del Guayo hizlari izanen dira, eta Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak moderatuko du saioa. Saiorako sarrera librea da, aretoa bete arte.
Omenaldi hori osatzeko, Iruñeko Udalak photocall bat prestatu du Udaletxeko ezkaratzean. Gazteluko Plazaren irudi bat atzean dela, hiriko hainbat elementu bereizgarri jarriko dira ezkaratzean, hala nola lehoiaren iturri bat, baranda bat eta Zarautz motako bi eserleku, nahi duten guztiek argazki bat atera dezaten oroigarri gisa. Photocalla herritarrei irekita egonen da asteazken honetatik azaroaren 8ra arte, ostirala, 08:00etatik 20:00etara, eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 20:00etara.
SALVADOR PINAQUYK URA IRUÑERA IGO ZUENEKO 150. URTEURRENA
- Azaroak 6, asteazkena
- 19:30. Nuevo Casino-Iruña. Mahai-ingurua. Salvador Pinaquy eta Iruñeko lehen industrializazioari emandako bultzada. Hizlariak: Víctor Manuel Egia eta Pedro del Guayo. Moderatzailea: Joseba Asiron Saez
- 19:30. Nuevo Casino-Iruña. Mahai-ingurua. Salvador Pinaquy eta Iruñeko lehen industrializazioari emandako bultzada. Hizlariak: Víctor Manuel Egia eta Pedro del Guayo. Moderatzailea: Joseba Asiron Saez
- Azaroaren 6tik (asteazkena) azaroaren 10era (igandea)
- Pinaquyren ondarea ardatz izanen duen photocalla. Udaletxeko ezkaratza
- Ordutegiak: azaroaren 6tik (asteazkena), azaroaren 8ra (ostirala), 08:00etatik 20:00etara; larunbatean eta igandean, 10:00etatik 20:00etara
- Pinaquyren ondarea ardatz izanen duen photocalla. Udaletxeko ezkaratza