Juslarrocha Civivoxean ikusgai dago ‘Bizituz zahartu’ erakusketa, adinekoak bizitzako hainbat egoeratan deskribatzen dituen argazki-bilduma

Juslarrocha Civivoxean ikusgai dago ‘Bizituz zahartu’ erakusketa, adinekoak bizitzako hainbat egoeratan deskribatzen dituen argazki-bilduma
Erakusketa Donibaneko Adinekoaren Aldeko Akordioak sustatu du eta hiriko Civivoxetan barna ibiliko da datozen hilabeteetan

Expo Envejecer viviendo

Hemezortzi argazkik osatzen dute Donibaneko Adinekoaren Aldeko Akordioak antolatu eta martxoaren 26a arte Juslarrocha Civivoxean ikusten ahalko den ‘Bizituz zahartu’ erakusketa. Erakusketan izen bereko sariketara aurkeztu ziren argazkiak daude; sariketa horren bidez Akordioak adinekoak eguneroko egoeretan ikusarazi nahi zituen, egunez egunekoan, adinekoek gizartearendako duten balioa eta garrantzia erakusteko.

Adinekoak gaixotasunaren aurrean, adinekoak bikotean, adinekoak lanean, adinekoak gizarte-, jolas- eta ezagutza-jardueretan parte hartzen, horiek dira erakusketan ageri diren egoeretako batzuk. Azken finean, norbanakoaren bizitzako eta gizarte-bizitzako hainbat eremutan duten papera nabarmendu nahi da, inguru adiskidetsu eta parte hartzaileak jasoz, eta adineko emakumeei ere protagonismo berezia emanez.. Irudiek ekintzak ez ezik, sentimenduak ere jasotzen dituzte, argazkietako protagonistenak eta ikuslearengan sortzen direnak. 

Erakusketa osatzen duten argazkien artean daude ‘Bizituz zahartu’ lehiaketako finalistak. Horrela, Elena Irigoy Sarratearen ‘Maitaleak’ argazkia ikusten ahalko da; adineko bikote bat etxeko egongelan dantzan erakusten duena eta sariketako lehen saria erdietsi zuena. Baita Javier Arcenillasen ‘Emakume langilea’, adineko emakume bat soro batean islatzen duen argazkiat, edo Paúl Arciniega Benavidesen ‘Ohiturak iraun dezala’ irudia ere; bertan dantza tradizionaletako talde bateko  emakume bat akordeoia jotzen ageri da. Bi lan horiek bigarren eta hirugarren saria jaso dute, hurrenez hurren. 
Erakusketa Juslarrocha Civivoxean ikusten ahal da martxoaren 26ra bitartean, astelehenetik larunbatera, goizez, 09:00etatik 14:00etara. Hala ere, erakusketa ibiltaria da eta datozen hilabeteetan hiriko  hainbat auzotan barna ibiliko da,

Civivox sarearen eskutik
Honelako jarduerak baliatuta, Donibaneko Adinekoaren Aldeko Akordioak adinekoak fokuratu nahi ditu, batez ere herritarren gero eta ehuneko handiagoa hartzen duten gizarte batean. Adinekoaren Aldeko Akordioa izan ere, Donibane auzoan jaio zen, eta ez alferrik, hiriko auzo zahartuena baita. Ekimen horrek adineko horien osasuna eta bizi-kalitatea hobetu nahi ditu  auzotar- eta gizarte-sare baten bidez, eta haien beharretara egokitutako azpiegituren bidez. Funtsean, auzokide guztiez arduratuko den ingurune adiskidetsu eta seguru bat sortuz. 

Adinekoei laguntzeko ahots bakarra eratzeko konpromiso eta inplikazio horretatik sortu da Adinekoaren Akordioa, eta auzoko hainbat erakundek eta taldek bat egin dute akordio horrekin, hala nola udal zerbitzuek, osasun-zentroak berak, kirol-entitateek, auzo elkarteek eta erretiratuen elkarteek. Denen artean zahartzaroaren hiru zutabeak (osasuna, parte hartzea, segurtasuna) batera lantzeko proposamenak diseinatu nahi dituzte. Xedea, gainera, akordio hori Iruñeko beste auzoetara zabaltzea da, fokua beti adinekoen ongizate fisikoan eta psikologikoan jarrita.


DONIBANEKO ADINEKOARENDAKO AKORDIOA

  • ‘Bizituz zahartu’ argazki-erakusketa
  • Tokia: Juslarrocha Civivoxa
  • Data: martxoak 26 arte
  • Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara

Donibaneko Adinekoaren Akordioko partaideak

  • S.C.D.R Anaitasuna
  • Donibane Kirol Elkartea
  • Gizarte-aktibisten elkartea
  • Martin Azpilcuetako Merkatarien Elkartea
  • Donibane/Ermitagaña/Mendebaldeako Merkatarien Elkartea
  • Yamaguchiko liburutegia
  • Donibaneko Caritas
  • Donibaneko Osasun-zentroa
  • Oskia Erretiratuen Kluba
  • Donibaneko auzo-zinegotzia
  • NAFARROAKO DYA
  • Donibaneko farmaziak
  • Nafarroako Kutxa fundazioa
  • Nafarroako Psikologoen Elkargoko Zahartzearen Lantaldea
  • Udaltzaingoa (Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorra)
  • San Juan Xar
  • Solera Asistencial
  • Donibaneko auzo-unitatea
¿Te ha sido útil esta página?