
Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatutako Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sarien irabazleak ezagutu dira dagoeneko: Gaztelaniazko modalitatean, Juan Marqués Martínek irabazi du saria, El mar y los demás lanagatik; euskaraz, berriz, Iñigo Satrústegi Andrések irabazi du, Hondarreko berorik geratzen bada lanagatik.
Lehiaketara 342 olerki-bilduma aurkeztu dira, 324 gaztelaniaz eta 18 euskaraz, 109 emakumezkok eta 233 gizonezkok sortuak. Saria eskuratu duten bi egileen poema-bildumak argitaratuko dituzte, eta gainera, 3.000 euro eskuratuko ditu bakoitzak. Sariak banatzeko ekitaldi ofiziala Kondestablearen jauregian eginen da, eta bertan izanen dira Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea eta Pedro Salaberri Zunzarren Nafar Ateneoko presidentea.
Aipatu moduan, Juan Marqués Martínek (Zaragoza, 1980) irabazi du gaztelaniazko modalitateko saria: argitaletxeen nobedadeen kritikaria da hainbat komunikabidetan (La Lectura de El Mundo, Letras libres, The Objetive, Revista de Occidente...); halaber, bost poema-libururen egilea da, eta 2024an De qué vas a vivir poema-bilduman argitaratu zituen. Horrez gain, El hombre que ordenaba bibliotecas (Pre-textos argitaletxea, 2021) eleberria argitaratu zuen, eta Max Aub eta Pilar de Valderramari buruzko erakusketen komisarioa izan da Cervantes Institutuan.
Bestalde, Iñigo Satrustegi Andrések (Iruña, 1997) irabazi du euskarazko modalitateko lehen saria: Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua da, eta hizkuntzekin eta kulturarekin lotutako askotariko lanetan aritu da, bai profesionalki, bai bere ekimenez: besteak beste, itzultzaile gisa aritu da, hainbat komunikabiderekin kolaboratu du, eta kultur ekimen herrikoietan parte hartu du. Gaur egun argitalpenaren munduan dago murgilduta.
Honako hauek osatu dute gaztelaniazko modalitateko epaimahaia: Jesús Munárriz Peralta editore, itzultzaile eta poetak; Javier Asiáin Urtasun poeta eta epaimahaiaren idazkariak; Regina Salcedo Irurzun poeta eta Nafar Ateneoko Literatura eta Hizkuntzalaritzako batzordekideak eta Nadia Fabo Andrés poetak, iazko lehiaketaren irabazleak, hain zuzen ere. Euskarazko modalitatean, berriz, honako hauek osatu dute epaimahaia: Joseba Esparza Gorraiz aurreko edizioaren irabazleak; Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editoreak eta Inés Castilla Imaz Nafar Ateneoko Euskara-batzordeko kide eta epaimahaiaren idazkariak. Pedro Salaberri Zunzarren Nafar Ateneoko presidentea bi epaimahaien parte izan da.
Nazioarteko bozketa
Gaztelaniazko modalitatean, 25 herrialdetako egileek parte hartu dute, eta 325 poema-bilduma aurkeztu dituzte 2025eko Iruña Hiria Nazioarteko Sarira. Lehiaketak erreferente izaten jarraitzen du nazioarteko poesiaren esparruan: estatu osoko egile ugarik parte hartu dute (18 autonomia-erkidegotako egileek), baita Latinoamerikako, Europako eta beste kontinente batzuetakoek ere.
14 eta 88 urte bitarteko 224 gizonek eta 100 emakumek hartu dute parte, eta batez besteko adina 54 urtekoa izan da. Belaunaldiaren aldetik aniztasun handia dagoela erakusten dute datuek, baita gaztelaniazko poesiaren egoeraren bizitasuna ere. Estatu mailan, hainbat autonomia-erkidegotako 184 egilek hartu dute parte, gehienak Madrilgoak, Andaluziakoak, Valentziako Erkidegokoak, Kataluniakoak, Gaztela eta Leóngoak eta Nafarroakoak.
Halaber, herrialde hauek izan dituzte parte-hartzaile gehien: Argentina (29), Mexiko (26), Kuba (21), Kolonbia (20), Txile (8), Peru (7), Venezuela (5) eta Uruguai (4). Italiatik, Ekuadorretik, Guatemalatik eta Israeletik ere poema-bildumak jaso dituzte. Hala, lehiaketaren nazioartekotasuna berresten da, baita poesia garaikidearen sustapenaren aldeko konpromisoa ere.
Euskarazko modalitatean, 18 poema-bilduma aurkeztu dira guztira (9 emakume eta 9 gizon): EAE (13), Nafarroa (3), Iparralde (1) eta Galizia (1). 22 eta 70 urte bitarteko egileek bidali dituzte lanak, eta batez besteko adina 42 urtekoa izan da. Poema-bilduma guztiak posta elektroniko bidez jaso dira.
IRUÑA HIRIA XIX. NAZIOARTEKO POESIA SARIA
Parte-hartzea: 342 poema-bilduma, 324 gaztelaniaz eta 18 euskaraz
Sariak: poema-bilduma argitaratzea eta 3.000 euro
Lehen saria gaztelaniaz: Juan Marqués Martín, El mar y lo demás lanagatik
Lehen saria euskaraz: Iñigo Satrustegi Andrés, Hondarreko berorik geratzen bada lanagatik