Juan Gorritik cromlechak, totemak, hainbat pertsonaia eta behi urdin bat dituen erakusketa handia aurkeztu du Ziudadelako Labean eta lorategietan

Juan Gorritik cromlechak, totemak, hainbat pertsonaia eta behi urdin bat dituen erakusketa handia aurkeztu du Ziudadelako Labean eta lorategietan
Lurrak, euriak, suak eta denborak ere parte hartu dute zurez eta bestelako materialez eginiko obren sorkuntzan
gorriti


Juan Gorriti artistak Ziudadelako lorategiak atari zabaleko erakusketa-areto bihurtu ditu 5 metrorainoko altuera hartzen duten pieza deigarri eta handiekin.  Izan ere, gaur ‘Araitz bailaratik Iruñeko Ziudadelara’ erakusketa aurkeztu du, Labean jarri duelarik ondoko lorategiraino hedatzen den  bere cromlech berezi horietako bat. Berdegunean honako hauek ikus daitezke: 100 bat pieza ezberdinez osatutako beste cromlech bat; tamaina handiko totem pare bat, sorgin eta pertsonaien taldea osatzen duten zortzi eskultura eta haren behi urdina, bost metro eta 2.000 kg diuena.

Egileak esan duenez, obren sorkuntzan lurrak, euriak, suak eta denborak ere esku hartu dute, berak “Art-Denbora” deitzen duenaren bidez. Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendaria egilearekin egon da aurkezpenean.  Erakusketa Ziudadelan izanen da ikusgai datorren martxoaren 29ra arte. Labea aretoan ikusi ahal  izanen da honako ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18:30etik 20.30era; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20.30era; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Kanpoaldea ikusteko, Ziudadelako parkea 9:00etatik 21:00etara egoten da zabalik. 

Erakusketa honek Juan Gorritik 2019ko ekainean Azkuen, Mallopen, ‘Gaztarri’ izenez aurkeztu zuen erakusketan du jatorria. Horregatik, hemen aurkeztuko diren piezak  “aireak, haizeak, zirimiriak, eguzkiak eta Araizko euriaren ondorengo  lurrinak laztandu dituzte”.  Bigarren aldiz izanen dugu Gorriti Ziudadelan; izan ere 2007an bere eskulturen bakarkako erakusketa bat egin zuen Ziudadelako Mistoen eraikinean. 

Cromlecharen piezak ukitu eta haien artean ibili

Labearen barruan 6 metroko diametroko cromlech bat paratu du, 50 eta 180 zentimetrora bitarte dituzten piezek osatua. Gunea zaindua, lasaia, bildua eta isila denez, obra ikustera bertaratzen direnei haien pentsamendurik barnekoenetara eramateko aukera eskainiko diela pentsatu du, eta horrek hartaratuta erabaki du obra hor kokatzea. Hala, nahi dutenek piezak ukitu eta zurei egin dizkien zuloetatik begiratu ahal izanen dute. Diseinuak 70 piezaz osatutako zirkuluaren inguruan ibiltzeko aukera ere ematen du, sorkuntza horri zein ikuspuntutatik begiratu nahi zaion erabakitzeko.

Bigarren cromlecha kanpoaldean instalatu da. Barrukoa baino handiagoa da, 10 metroko diametroa eta egur paregabe eta ezberdinetako ia ehun pieza ditu eta osotasunaren oreka ematen du aditzera. Bestea bezala “gure arbasoek duela milaka urte hasitako lanaren jarraipena da, guztiok elkartzen gaituen zirkulu bat’. Batean zein bestean egurrak kolore naturala du, denboraren joanak eta materialaren gorabeherek eman diotena.

Bi metrotik gorako pertsonaiak eta 2.000kg-ko behi bat

Lorategitik atera gabe, cromlecharen inguruan aurkituko ditugu sorginak eta pertsonaiak, duela milaka urteko gizakien itxurarekiko jakin-mina piztu zitzaionetik Gorritik sorkuntza prozesuan sortutakoak. 2 metrotik gorako altuera duten 8 irudi dira, teknika mistoa erabiliz landutakoak.

Behi urdina guztiaren lekuko ageri da, bi enbor handiren gainean atseden hartzen. Artistak infinituaren kolorez margotu du behia,  “haren haurtzaroko oroitzapenak jasotzen dituen urdinez, denboraren atzaparrei ihes eginez, maite duen askatasunarekin bat egiteko”. Obra honi buruz, honako hau dio egileak: “Gogoan dut soroan lan egiten nuenean idiek eta behiek zenbat sufritzen zuten. Orain, ordain modura, behi hau bi enborren gainean jarri dut, posizio noble batean”. Obra bost metrokoa eta 2.000 kg-koa da.

Erakusketa koloretsua

Berdeguneko erakusketan aurrekoez gain 2 totem handi daude; izan ere, batek 4 metroko altuera hartzen du eta besteak hirukoa.  Behi urdinean bezala, piezak koloretsuak dira, Gorritik zuraren gainean pintura akrilikoa erabiltzeko hautua egin baitu. Aurreko material berberekin (pintura akrilikoz margotutako zuraz) osatu du azken obra, Malatxa, erakusketa osatzen duen konposizio urdina.

Juan Gorriti Goldarazena Oderitzen jaio zen, Larraunen, 1942an. Sortzez zurgina eta unaia izanik ere “arteaz ezer ez dakien” eskultore eta pintore ere bada. Bere hitzetan, sentitzen duena egiten du. Naturari dion maitasunari eta Jorge Oteiza eta Remigio Mendiburu maisuei esker murgildu zen artearen munduan eta bere hizkuntza propioa sortu zuen. Zura lantzen du batik bat, bere obraren barruan grabatuak eta irudiak ere egin izan dituen arren.  ‘Lau dimentsio’ eta ‘Gorriti urdina’ dira bere ikur bereizgarrienak. 1975etik hona erakusketak egin ditu Nafarroa, Euskal Herria, Paris, Bartzelona, Madril, Alemania edo Galesko hainbat gunetan. Horien artean nabarmentzekoa da 2016ko udan Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu zuen ‘Aralar Itsasmiran’ erakusketa.

 

‘Araitz bailaratik Iruñeko Ziudadelara’ erakusketako piezak
  • 1. CROMLECHa  (Labea)
  • Teknika: Zura
  • Neurria: 6 metroko diametroko zirkulua, 50 cm eta 180 cm bitarteko piezez osatua
  • Pieza-kopurua: aldakorra
  • Urtea:Urtea 2019
  • 2. CROMLECHa (Kanpoaldean)
  • Teknika: Zura
  • Neurria: 10 metroko diametroko zirkulua, 50 cm eta 180 cm bitarteko piezez osatua
  • Pieza-kopurua: aldakorra
  • Urtea:Urtea 2019
  • SORGINAK ETA PERTSONAIAK (Kanpoaldean)
  • Teknika: Teknika mistoa
  • Neurria: 250 x 120 x 120 cm
  • Pieza-kopurua: 8 pertsonaia
  • Urtea:Urtea 2019
  • BEHI URDINA (Kanpoaldean)
  • Teknika: Corten altzairua, zura eta pintura
  • Neurria: 400 x 500 x 200 cm
  • Urtea:Urtea 2014
  • 1. TOTEMa (Kanpoaldean)
  • Teknika: Zura eta pintura akrilikoa
  • Neurria: 400 x 80 x 80 cm
  • Urtea:Urtea 2019
  • 2. TOTEMa (Kanpoaldean)
  • Teknika: Zura eta pintura akrilikoa
  • Neurria: 300 x 80 x 80 cm
  • Urtea:Urtea 2019
  • MALATXA  (Kanpoaldean)
  • Teknika: Zura eta pintura akrilikoa
  • Neurria: 500 x 350 cm
  • Urtea:Urtea 2019