Juan Carlos Unzué Nafarroako futbolari-ohi eta entrenatzaile-ohiak jaurtiko du datozen sanferminetako txupinazoa. 2020an, AEA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) zuela jakinarazi zuenetik, gaixotasun horren ikusgaitasunean eta horren aurkako borrokan erreferente bihurtu da, eta kanpainak, hitzaldiak, dokumentalak eta liburuak egin ditu, zeinetan lehen pertsonan kontatzen baitu nola bizi den alboko esklerosi amiotrofikoarekin.
Enrique Maya Iruñeko alkateak erabaki horren berri eman du gaur goizean Udaletxean egindako Bozeramaileen Batzarraren bilkuran. Izendapen horrekin, Iruñeak bat egiten du gaixotasun hori ikusaraztearekin, gaixotasun hori dutenei eta haien senideei laguntzearekin, eta Juan Carlos Unzue AEAri bizitza-ikasgai gisa aurre egiten ari zaion moduarekin; horrez gain, Nafarroako futbol-atezain onenetako baten ibilbide profesionala ere aitortzen du.
Iruñeko Udalak lanean jarraitzen du sanferminak ospatzeko, erabat sinetsita, gaur egungo osasun-egoeraren bilakaera ikusita, jaiak ospatzeko aukera izanen dela, bi urteko etenaldiaren ondoren. Oraingoan, Juan Carlos Unzué izanen da sanferminei hasiera emanen dien lehen ekitaldi horren protagonista, eta festak iragartzen dituen suziriaren metxa piztuko du uztailaren 6an, 12:00etan, Udaletxeko balkoian.
300 partida baino gehiago Lehen Mailan
Juan Carlos Unzué Labianok (Orkoien, 1967) 300 partida baino gehiago jokatu zituen Lehen Mailan. Osasunaren atean 1986 – 1987ko denboraldian egin zuen debuta Lehen Mailan. Ibilbide profesional baten hasiera izan zen, eta FC Barcelona, Sevilla FC, CD Tenerife eta Real Oviedo taldeetan ere jokatu zuen. Futbolari gisa, Europako Errekopa bat eta Errege Kopa bat ditu bere palmaresean, FC Bartzelonarekin 1989an eta 1990ean irabazitakoak, hurrenez hurren.
Eta aulkietan, CD Numancia eta Racing de Santander taldeak entrenatu zituen. 2013 eta 2017 urteen artean, tandema osatu zuen Luis Enriquerekin, eta bigarren entrenatzaile izan zen harekin batera RC Celta de Vigo eta FC Barcelona taldeetan, eta azken talde honekin Champions League bat, bi Liga, hiru Errege Kopa, Kluben Munduko Txapelketa bat eta Europako Superkopa bat irabazi zituen. Etapa horren ondoren, lehen entrenatzaile lanetan, RC Celta de Vigo eta Girona FC taldeak zuzendu zituen.