
Gaur, asteartea, uztailak 9, festen programa ofizialak Jotari eskaintzen dion eguna da. Musika-genero horren omenez, arratsaldean Udalak aurreikusi du 18:30ean jota-erronda bat egitea, Navarjota elkartearen eskutik, Udaletxe plazatik abiatuta.
Ordu erdi geroago, Sarasate pasealekuko “Jota-soinuak” espazio egonkorraren barruan, AMUDISNA Desgaitasuna duten Emakumeen Nafarroako Elkartearen emanaldia izanen da. Emanaldi horrek, ekitaldi artistiko bat izateaz gain, dibertsitate funtzionala duten emakumeen egoera ikusarazteko eta sentsibilizatzeko espazio bat izan nahi du. Elkarte hori aurtengo Txupinazoa jaurtitzeko hautatutako entitateetako bat izan zen; gainera, erakundeak aktiboki parte hartzen du Udalaren Emakumeen Kontseiluan, Aniztasunaren Foroan, Sanferminetako Mahaian eta gizarteratze eta eskubideen defentsa hobea ahalbidetzen duen foro eta jarduera orotan.
Joan den uztailaren 4an, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak adierazpen bat onetsi zuen, zeinaren bidez Udalak konpromisoa hartzen baitu Nafarroako jota gure lurraldean ezagutzera ematen duen edozein jarduera zabaltzen, garatzen, zaintzen eta sustatzen jarraitzeko. Horri esker, hirugarren urtez, Jotak erreferentziazko toki bat du programa ofizialean eta hiriko erdialdean: Sarasate pasealekuan. Aurten, uztailaren 10etik 14ra, 12:00etan, ‘Jota-soinuak’ espazioan hainbat talde arituko dira agertokian: Zarrakazteluko Jota Eskola, Orgullo Navarro, Voces del Ebro eta Estampa Navarra taldeak eta Armonía eta Jus la Rocha errondailak. Emanaldi horiek argi erakutsiko dute Nafarroako jotaren genero tradizionalak duen aniztasuna eta izandako bilakaera.
Baina, horrez gain, kaleetan barna ibiliko diren ‘jota-errondak’ izenekoen emanaldiak programatu dira aurten: bat gaur arratsaldean abiatuko da Udaletxe plazatik; eta bigarrena, uztailaren 13an (larunbata), 13:00etan, Karlos III.aren etorbidetik.
Jota tradizio eta etorkizuneko balio gisa
Orain dela urtebete pasatxo, Ministroen Kontseiluak jota kultura-ondare immaterialaren adierazpen adierazgarri izendatu zuen, herrialdeko musika-genero tradizional hedatuena, anitzena, dinamizatuena eta berrinterpretatuena delako. Iruñeko Udalak onetsitako adierazpenean konpromisoa hartu zuen “Administrazio eskudunekin batera lan egiteko, jotaren irakaskuntza, interpretazioa, ikerketa eta zabalkundea sustatzeko”. Iruñeak 2018ko abenduan onetsi zuen jada jota Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasun Immaterial izateko hautagaitza babesteko adierazpen instituzional bat “haren berezitasunagatik eta gure folklore aberatsaren adierazpenik garbienetako bat izateagatik”.
Izan ere, aurreko asteko Osoko Bilkuran adierazitakoarekin bat, Jota babestuta “tradizio bat ospatzeaz gain, Iruñeko kulturaren, hezkuntzaren eta turismoaren garapena bultzatzeko gure konpromisoa ere sustatzen dugu. Jota nafarra sustatzeak gizarte-kohesioari lagunduko dio, adin eta jatorri guztietako pertsonei zuzendutako elkartzeko eta ospatzeko espazioak eskainiz”.
JOTA NAFARRA PROGRAMA OFIZIALEAN
Jota-soinuak
Uztailak 9, asteartea. 19:00. Sarasate pasealekua. AMUDISNA
12:00. Sarasate pasealekua
• Uztailak 10, asteazkena. Zarrakazteluko Jota Eskola
• Uztailak 11, osteguna. Orgullo Navarro
• Uztailak 12, ostirala. Armonía eta Jus la Rocha errondailak
• Uztailak 13, larunbata. Voces del Ebro
• Uztailak 14, igandea. Estampa Navarra
Jota-errondak
Uztailak 9, asteartea. Udaletxe plaza. 18:30. Navarjota
Uztailak 13, larunbata. Karlos III.aren etorbidea. 13:00. Irabia-Izaga Jota Eskola