Jostailuak trukatzeko merkatua eta Habiak eta Txoriak erakusketa, aste honetan, Ingurumen Hezkuntzako Museoan

Jostailuak trukatzeko merkatua eta Habiak eta Txoriak erakusketa, aste honetan, Ingurumen Hezkuntzako Museoan
Ostegun eta ostiralerako antolatutako sormen-lantegietan leku guztiak bete dira

Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoak, aste honetarako, jostailuak trukatzeko merkatua eta Habiak eta Txoriak erakusketa (urtarrilaren 7a arte ikusgai) proposatzen ditu. Programazioak Eguberriko bi sormen-lantegi ere hartzen ditu barne, ostegun eta ostiralerako; izena eman behar zen, eta leku guztiak bete dira.

Eskolako opor-asteaz eta Eguberriak ekartzen duen erosketa-garaiaz baliatuta, Ingurumen Hezkuntzako Museoan, Errotazarko kalean, jostailuak trukatzeko merkatua jarriko dute ostegunean, urtarrilak 2, eta ostiralean, hilak 3, 10:00etatik 13:00etara. Haurrek erabiltzen ez dituzten baina ongi dauden jostailuak eramanen dituzte, hala nola  jolasak, liburuak, ipuinak, puzzleak... Jostailu horiek beste haur batzuek ekarritakoekin trukatu ahal izango dira. Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak gainbegiratuko du merkatu txikia, trukea era orekatuan eta ordenatuan egiten dela bermatzeko. Horren bidez trukea sustatu nahi da eta, horrela, berrerabilpenari bulkada eman, kontsumoaren aurrean bestelako aukerak eskaini eta jostailuen bizitza luzatu. Horrela ekonomia zirkularraren kontzeptua lantzen hasiko da, txikienen artean, era hurbilean zein praktikoan.

Habiak eta Txoriak erakusketak marrazkigintza eta modelatzea batzen ditu; izan ere, Ana Villamuzaren marrazkiak eta Daniel Lascuráinen habiak jasotzen ditu. Ana Villamuzak txorien ilustrazioak aurkezten ditu, haiek pizten dioten lilura eta jakin-minaren emaitza. Uste du misterioa eta edertasuna giza arrazionaltasunetik azaltzea zaila dela eta marrazkien bitartez bide laburragoa egiten dela emozioetara. Daniel Laskurainek birziklatutako materialez eraikitako habien sorta aurkezten du. Egunen batean bizileku izan zitezkeen hegaztiendako arkitektura ñimiño horiek hutsik daude orain, eta naturaren egoeraren metafora ankerra dira. Ingurumena zaintzeko lanetan aritzen direnendako omenaldi txikia ere egin nahi izan du egileak. Erakusketa urtarrilaren 7a arte bisitatzen ahalko da, 10:00etatik 13:00etara.