Josefinen komentuaren inguruan agertutako putzua Hego Txantreako parkean integratuko da

Josefinen komentuaren inguruan agertutako putzua Hego Txantreako parkean integratuko da
Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideen multzo txiki bat bertaratu da esku-hartzearen 1. fasearen aurrerapenak egiaztatzera
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udala Vianako Printzea Erakundeak harrizko putzuaren datazioaz eta ezaugarriez egin behar duen txosten baten zain dago; izan ere, Hego Txantreako parkean, Josefinen komentutik hurbil egin diren obrek agerian utzi dute putzua. Gaur goizean, Hirigintza Batzordearen eta Gerentziaren ordezkaritza murriztu batek teknikarien azalpenak aditu ditu. Putzua eta harekin batera mineta eta ur-tanga bat antzinako sistema hidrauliko baten elementuak izan litezke, eta, agian, komentuko komunitatearen beharrak (edatekoak eta ureztatzekoak) asetzeari loturik egon litezke.

Hego Txantreako parkearen obra-proiektuan, zeina ‘Begibistan’ deitu eta MID arkitektura- zein paisaia-estudioak, RUE arkitektoek, Pedro Mª Legarretak eta Montserrat Guillének sinatu baitute, bazegoen jasota bertan putzua zegoela. Izan ere, elementu honetarako hirigintza-proposamenak hura parkean integratzea dakar, putzua material gardeneko xafla batez estaliz. Horrela, hain zuzen, balioa emanen zaio ibiltarien aurrean.

Putzua agerian utzi duten obrak bi loteko urbanizazio-lanetan esku hartzeko lehen fasearen parte dira: 1. lotea S-1 eremuari dagokio, eta 2.a Hego Txantreako parkeari.  Lehen fase hori 9 milioi euroan (BEZa kanpo) esleitu zen, eta lanak abuztuaren 24an abiatu ziren.

2. loteak 24.000 m2-ko azaleraren gainean (amaierako azaleraren % 25 ia) jarduten du eta Arga ibaiaren zein Magdalena zubiaren ondoko eremua inguratzen du, bai eta hiriko erdigunetik parkera oinez sartzeko sarrera eta Txantreara joatekoa ere. Lote honetako lanek Irubide parkea –Done Jakue elizaraino– eta Josefina seroren komentua ere hartuko dute barne.

Lanen aurrerapena

Zortzi aste hauetan, lur-azaleko 58.000 m2 sasiez garbitu, zelaitu eta markatu dituzte, urbanizazio berriaren bide nagusia izanen den eremuan (km 1 luze). Horrez gain, Josefinen antzinako komentuaren baratzeko eremua ere sasiez garbitu dute eta esku hartu dute barruti hori Irubide parkearekin ixteko harrizko harresiaren gainean. Hirigintza-proposamenaren arabera, harresia geroko Hego parkean integratuta egonen da eta egitura horren ondoko lursailetan fruta-arbolak landatuko dira. Hori horrela, zolatu egin da, jadanik, komentuaren perimetro berria, eta, geroan, altzairuzko xaflako beste itxidura bat instalatuko da eraikinetik hurbilago.

Egun hauetan, neurri handiko kolektoreak (euri-urak eta drainatzea) paratzen ari dira ‘Gereziondoen bide’ inguruetan; kolektoreak lur azpian geratuko dira, eta, horiez gain, beste kolektore bat instalatuko dute bide berrian barna. 
Sasi-garbiketan, Udalak paisaia-baliorik gabeko zuhaitzak kendu ditu; baina proiektuan aurreikusita dagoenaren arabera, tamaina handiko gereziondoak eta magnolioak –historikoki hiriko gune honen bereizgarri– errespetatuko dira. Halaber, Parke, Lorategi eta Berdeguneetako Zerbitzua aztertzen ari da ea tamaina handiko bi haritz, erdiguneko bidea izanen den eremuan kokatuak, birlandatu daitezkeen.

100.000 m2-ko parke berria

Esku-hartze honen elkarren ondoko faseak amaituta, hiriak eta Txantreako auzotarrek bereziki 100.000 m2-ko parke berri bat edukiko dute (ia kilometro bat luze eta 100 metro zabal), bai eta eremu horretan integratutako urbanizazio berria ere, sarbidea errazteko.

Parkeak espazioaren naturalizazioaren eta mantentze-kostuak murriztearen alde egiten du bideen bitartez lotutako belardi funtzioanitzen sorta bat diseinatuz, Magdalena zubiaren eremutik ekialdean, Burlatako mugan, dagoen muino txikiraino. Muga horretan Iturriapuria erreka naturalizatuko da –egun jada bideraturik dago–, halako moduz non ibaiertz lehengoratua eta bertako landareez hornitua lortuko baita. Hegoaldean, ikastetxeen eta kudeaketa komunitarioko baratzeak, ureztapenerako uraskak eta konposta egiteko guneak jarriko dira. Parkearen trazaduraren arabera, pasealekuaren inguruan jolasguneak instalatuko dira, hala belaunaldien artekoak nola haurrenak, bai eta parkour egiteko gune bat ere, skatepark-ekin. Bi gune horietan egonlekuak egonen dira eta, parkearen barruan, zakurrendako bi eremu.

Iparraldean, belardiak jada finkatutako hiri-bilbeak mugatzen ditu, eta horko urbanizazioan aldaketa bat gehituko da: abiadura moteleko kale bat integratuko da parkean bertan, zeinak bidegorria edukiko baitu galtzadaren paraleloan eta bi metro zabal den zerrenda berde batez bereizita. Kale hori posible izateko, murriztu eginen da kalearen mendebaldean proposatutako biribilgunearen tamaina, eta iparrerago kokatuko, sarbideetako zirkulazioa moteltzeko eta Irubide parkeko eremuan eragina ahalik eta txikiena izateko. Era berean, trazaduraren bi alboetan esku hartuko da, zoladurak maila berean uzteko Done Jakue elizako plazan eta urbanizazio berriko plaza nagusian.
 

Hego Txantreako parkearen 1. fasea

Proiektua

  • Begibistan. MID arkitektura- eta paisaia-estudioak, RUE arkitektoek, Pedro Mª Legarretak eta Montserrat Guillének erredaktatua, partaidetzako prozesu baten ostean.

Obra-zuzendaritza

  • Cima Ingeniariak S.L.U eta Sergio Murillo

 

Obrak gauzatzea

  • S-1 unitatea (1.lotea): Aldi baterako enpresen batasuna, Excavaciones Fermín Osés SL-k eta Construcciones Mariezcurrena SL-k osatua, 6.935.385,00 euroan (BEZa kanpo).
  • Parkea (2. lotea): Lacunza Hermanos SL, 1.811.867,87 euroan (BEZa kanpo).
  • Hasiera-data: Abuztuak 24
  • Gauzatzeko epea: 12 hilabete
¿Te ha sido útil esta página?