Joseba Asiron (EH Bildu), Iruñeko alkate berria

Joseba Asiron (EH Bildu), Iruñeko alkate berria
Asiron alkate karguaz jabetu da berriz ere –2015etik 2019ra kargu horretan aritu zen jada–, Cristina Ibarrola alkatearen aurkako zentsura-mozioak aurrera egin ondoren
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Joseba Asiron, Iruñeko Udaleko EH Bilduko hautagaia hiriko alkate berria da, Cristina Ibarrola (UPN) alkatearen aurkako zentsura-mozioak aurrera egin ondoren. Ibarrolak ekainaren 17tik betetzen zuen alkate kargua, zerrenda bozkatuenaren hautagaia zelako, ez baitzegoen botoen gehiengoa zuen hautagairik.

Gaur bozkatu den zentsura-mozioa abenduaren 13an aurkeztu zuten EH Bildu, Iruñeko Udaleko Sozialistak, Geroa Bai eta Talde Mistoa udal-taldeek. Talde proposatzaileek mozioaren alde bozkatu dute (guztira, 15 boto) eta UPN-k eta PP-k aurka (11 boto). Hala, Asironek bere taldeko 8 zinegotzien babesa izan du, baita Iruñeko Udaleko Sozialistak taldeko 4 zinegotzien, Geroa Baiko 2en eta Talde Mistoko zinegotzi bakarrarena ere. Berez, Iruñeko Udaleko Sozialistak taldeak aurreko hauteskundeetan bost zinegotzi lortu bazituen ere, zentsura-mozioa eztabaidatu eta bozkatzeko Osoko Bilkuran lau besterik ez dira izan, oraindik ez baitute Elma Saiz ordezkatuko duen pertsona izendatu, hura Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministro izendatu ondoren. Hasiera batean horretarako izendatutako Tomás Rodríguezek aste honetan uko egin dio zinegotzi-aktaz jabetzeari eta ezin izan dute garaiz ordeztu.

Zentsura-mozioa eztabaidatzeko eta bozkatzeko Osoko Bilkura gaur goizean egin da Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan eta zinegotzi zaharrenak eta gazteenak, Koldo Martínezek eta Aitor Silgadok, hurrenez hurren, osatutako Adin Mahaiak zuzendu du. Koldo Martínezek Adin Mahaiaren kide gisa zentsura-mozioa osorik irakurri ondoren, Joseba Asiron alkategaiak eta Cristina Ibarrola kargua uzten duen alkateak hartu dute hitza. Halaber, udal-taldeetako bozeramaileek parte hartu dute, mozioa ozenki bozkatu aurretik. 

Botoak zenbatu ondoren alkate berriak kargua hitzeman du eta Koldo Martínezen eskutik hiriko aginte-makila, intsignia eta domina jaso ditu. Behin zeremoniala beteta, Udalbatza-aretoan lekuak trukatu dituzte. Dagoeneko lehendakaritza-aulkian eserita, Joseba Asironek amaitutzat eman du Osoko Bilkura.  

Joseba Asironen biografia
Joseba Asiron Saezek (1962), zentsura-mozioaren ondoren, bigarren agintaldiari ekinen dio Iruñeko Udaleko buru gisa, 2015-2019ko legealdian jada alkate kargua bete baitzuen. Orduan, Enrique Maya alkate izendatu ondoren, Udalean jarraitu zuen EH Bildu udal-taldeko zinegotzi eta bozeramaile gisa. Legealdi honetan ere kargu horiek betetzen zituen.

Artearen Historian lizentziaduna Zaragozako Unibertsitatean eta doktorea Nafarroako Unibertsitatean, Artearen Historiako irakaslea da San Fermin Ikastolan eta ikastetxeko zuzendariordea izan zen 1995 eta 1998 artean, eta ikasketa zuzendaria 1999 eta 2002 artean. Gainera, ia hogei liburu eta argitalpen idatzi ditu, bakarka zein beste egile batzuekin elkarlanean, ia beti Nafarroako eta Iruñeko historiari lotuak. 

Artearekiko eta historiarekiko duen interesak 2010 eta 2012 artean Nabarraldek antolatutako Nafarroako Historialarien hiru kongresuetako zuzendari akademikoa eta Auñamendi Euskal Herriko Entziklopedia Orokor Ilustratuko kolaboratzailea (2006-2017) izatera eraman du. Hitzaldi eta ikastaro ugari ere eman ditu, horietako batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), UHUNek, UEUk eta EHUk babestuak. 
 


 

¿Te ha sido útil esta página?