Joseba Apaolazak eta Sara Cozarrek euskarazko Ergela antzezlana taularatuko dute larunbatean

Joseba Apaolazak eta Sara Cozarrek euskarazko Ergela antzezlana taularatuko dute larunbatean
Ikuskizuna 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 6 euroan eskura daitezke.

Euskarazko Ergela antzezlanaren estreinaldia izango da Nafarroan, larunbatean, Sanduzelaiko Civivoxean. Joseba Apaolaza eta Sara Cozar dira protagonistak, taula gainean eskarmentu handia duten bi aktore. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 6 euroan daude salgai, Civivoxean bertan, eta www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es webguneetan. Antzezlana Civivox sareko lauhilekoko programazioko Eszenatokiak zikloaren barruan dago.

Antzezlanak ordaindutako proba psikologiko batzuk egitera aurkezten den gizon baten istorioa kontatzen du. Haren arazo ekonomikoak konpontzeko adina diru lortzeko modu ustez erraz eta samurra benetako tranpa bat bihurtuko zaio. Psikologo batek galderak eta igarkizunak egingo dizkio. Horiek urdurituko dute eta bere onena atera beharko du zoritzarreko amaiera saiheste aldera. Ergela Jordi Casanovasen testu bat da, Martin Agirrek euskaratua, Begoña Bilbao Lejarzegi izan da zuzendaria, eta Txalo Produkzioak konpainiak ekoiztu du.

Joseba Apaolaza eskarmentu handiko aktorea da. 1983an hasi zen lanean, Orain antzerki-taldearekin. Besteak beste, José Antonio Plaza, Fernando Bernués eta Mario Gasen zuzendaritzapean aritu izan da, hainbat antzezlanetan. Hainbat telesailetan parte hartu izan du baita ere, euskaraz zein gaztelaniaz: Bi eta bat, Beny ta Martín, Duplex, A ze parea, Jaun eta Jabe, Maité, Ertzainak, Goenkale, Teilatupean, eta estatu mailako kateetakoetan, hala nola Periodistas, El comisario eta Aquí no hay quien viva. Zinemaren arloan 27 horas, Ander eta Yul, Días contados, El portero, La voz de su amo eta Silencio roto filmetan parte hartu izan du, besteak beste, Montxo Armendáriz, Gonzalo Suárez eta Emilio Martínez Lázaroren zuzendaritzapean.

Sara Cozar gipuzkoarra ere antzerki, zinema zein telebistan aritu da aktore. EITBko Goenkale, Ero eta bero, Euskolegas eta Mi querido Klikowski telesailetan lan egin du. Baita Lasa eta Zabala, Bypass, Izarren argia eta Kutxidazu bidea Ixabel film luzeetan ere. Antzerkiaren arloan Uda gau bateko ametsa, El hijo de la novia, El amor después del amor, Hil arte bizi eta Las mujeres de verdad tienen curvas antzezlanekin izan da taula gainean.

¿Te ha sido útil esta página?