Energia-eraginkortasun handiko bi aurpegiko 228 panelek osatzen dute guztira Iruñeko Udalak martxan jarri duen azken instalazio fotovoltaikoa. José María Iribarren helduen oinarrizko hezkuntzarako zentro publikoaren eta Félix Urabayen Institutuaren estalkian dago eta 100 kWn-ko eta 122 kWp-ko potentzia dauka. Instalazioak urtean 129.5614 kW/h ekoizteko ahalmena du, hau da, 60 etxebizitza estandar ingururen kontsumoa.
Panelak eraikinaren lehen solairuaren estalkian jarri dira, eta hegoalderantz 15º-ko inklinazioa dute, eguzki-energia errazago hartzeko. Instalazioak ikastetxeko sarreran instalatutako monitorizazio sistema bat ere barne hartzen du, eta bertan instalazioaren ekoizpena eta autokontsumoa ikus daitezke denbora errealean. Aurrekontuak 119.669 euro jo du eta obrak Nafarroako Solarfarm enpresak egin ditu.
Gainera, proiektuak barne hartu du ibilgailu elektrikoen karga erdiazkarra egiteko zutoin baten instalazioa ikastetxearen inguruan, zehazki, Irunlarrea kaleko 25. zenbakian. Zutoinak aldi berean bi ibilgailu, bakoitza 22kW-tan, kargatzeko ahalmena dauka, 2 motako konektorearekin. Zutoina Ingeteam enpresa nafarrak eman du. Jarduketa horiek Go Green Iruña estrategiaren barruan kokatzen dira, Iruñeko Udalak jasangarritasunaren alde eta klima-aldaketari aurre egiteko egiten dituen jarduketak eta ekimenak batzen dituena.
Mendillorrin eta Arrotxapean bezala, instalazio hori Ermitagaña-Mendebaldea auzoan energia-komunitate bat eratzeko lehen urrats gisa egin da, hirian eratzen ari den sareari jarraipena emanen diona. Halaber, aurten Milagrosako Energia Komunitatea martxan jartzea espero da, Arrosadiko kiroldegian jarriko den instalazio fotovoltaiko bati lotuta abiatuko dena. Iruñeko Udalak sustatutako instalazio horiek, herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzea duten energia-komunitateak sortzeko hazia izan nahi dute, energia positiboko auzoetarantz urratsak ematen hasteko eta, ondorioz, hiria deskarbonizatzeko.