Jolastea, partekatzea eta esperimentatzea dira Iruñeko Udalak, aurten ere, haurrei eta nerabeei zuzendutako Eguberrietako Karpa abian jartzeko helburuak. 250 metro koadroko espazio hori hiriaren erdi-erdian dago, Gazteluko plazan, eta sei aisia-gune desberdin eskaintzen ditu, adingabeen adin eta interesetara egokituak. Doako aisialdi-proposamen hori datorren igandera arte egonen da zabalik, urtarrilaren 5era arte, alegia. Atzora arte (igandea), 3.800 pertsona inguru igaro dira Gazteluko Plazako karpatik.
Atondu diren jolas-eremuen artean Ludoteka eta Hondar-eremua daude; txikienendako pentsatutakoa, zentzumenak esploratzeko eta garapen psikomotorrerako gune gisa. Familiarteko aurpegi-margoketako txokoa ere jarri da. Bertan, haurrek eta gurasoek eurek margotuko dituzte aurpegiak, koloreekin eta formekin esperimentatuz. Autonomoagoak diren haurrendako eraikuntza-espazio bat prestatu da, pieza bigunekin, minik har ez dezaten. Ganbara izeneko txoko horrek, haurren irudimenetik heldu den edozein gauza sortzeko askatasuna eskaintzen du. Espazio horrek, XL Jolasen eremuarekin batera, guztiak elkarrekin jolasean aritzera bideratzen ditu. Azken eremu horretan, Eguberrietako Karpak mahai-joko berritzaileak eskaintzen ditu, tamaina handikoak, esperientzia dibertigarria eskaintzeko asmoz.
Horri guztiari, Lego Jolasen eremua gehitu behar zaio, pieza txikiekin sortzen gozatzen duten haur eta nerabeendako pentsatua. Kasu honetan, jolasa ikaskuntza aktiborako tresna bihurtzen da, sormena, pentsamendu logikoa eta gizarte-trebetasunak sustatzeko asmoz. Horiez gainera Nolako herria halako Eguberria izeneko eremu bat instalatu da, euskarazko jarduerak eskaintzeko.
Karpa Legoz eginiko hiriko hainbat tokitako eraikinez apainduta dago, hala nola Gazteluko Plazako kioskoa, eta irekita egonen da urtarrilaren 5era arte, goizez eta arratsaldez (11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara), bihar, abenduak 31, eta urtarrilaren 5ean izan ezik, goizez bakarrik irekiko baita. Urtarrilaren 1ean itxita egonen da.
Gazteluko plazako Eguberrietako karpa
Tokia: Gazteluko plaza
Urtarrilaren 5a arte
Urtarrilaren 4ra bitarte, 11:00 – 13:30 eta 17:00 – 20:00
Abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean: goizez bakarrik, 11:00 – 13:30
Urtarrilaren 1ean: itxita.
Doakoa