Joaquín Maya Musika Eskolako ikasleek on line prestakuntzan jarraitzen dute, eta konfinamenduaren soinu-bandari ekarpena egin diote, ‘Resistiré’ kantari egin dizkioten bertsioez

Joaquín Maya Musika Eskolako ikasleek on line prestakuntzan jarraitzen dute, eta konfinamenduaren soinu-bandari ekarpena egin diote, ‘Resistiré’ kantari egin dizkioten bertsioez
Bideoa www.pamplona.es/escuelademusica-n dago ikusgai, eta konfinamendurako abiatutako Plan Pedagogiko bereziaren emaitza da
Resistiremos

 

Joaquín Maya Musika Eskolako ikasleek on line-eko prestakuntzaz jarraitzen dute, koronabirusaren osasun-krisiaren ondorioz eskola itxi zenetik, eta Dúo Dinámicoaren ‘Resistiré’ kantaren bertsioak egin dituzte, nork bereak, kanta hori konfinamenduaren soinu-banda bihurtzen ari baita. Bideoak www.pamplona.es/escuelademusica webgunean ikus daitezke, baita esteka hauetan ere: https://youtu.be/hR_-0cFbZmA eta https://youtu.be/UdqvVkqpPTI. Lehena Álvaro Díaz tuba eta bonbardino irakasleak sustatu du. Bigarrena "Consort 1616” ganbera-musikako taldeak egin du, María José Ros irakaslearekin batera jotzen. Ez dira eskolan egindako bideo bakarrak. Izan ere, hainbat irakaslek ikasleek musika jotzen eta abesten grabatutako bideoak bidali dizkiete Nafarroako Ospitaleguneko gaixo eta osasun-langileei, animatzeko.
 

Eskolan 1.200 ikasle inguru daude, eta irakasleek bere jarduerarekin jarraitu dute hainbat baliabide erabilita, familia bakoitzaren behar eta aukera teknikoetara egokituta. Hala, inor ez da eskolarik gabe geratzen ari. Ikastaro monografikoetara joan ohi direnak ere astero audio bat jasotzen ari dira, Xabier Armendáriz irakasleak prestatuta. Ikasleek irakasleen lanari emandako erantzun ona nabarmentzen du eskolak.
 

Plan Pedagogiko berezia, taldeko irakasgaiak eta eskola partikularrak lantzeko

Aurrez aurreko eskolak eten zirenez koronabirusaren osasun-krisiaren ondorioz, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziak Plan Pedagogiko bat abiarazi zuen martxoaren 16an, astelehenarekin. Hala, eskola-jarduera mantendu izan da, egunero baliabide berriak txertatuta, esaterako, teknikako on line eskolak taldeka edota “playalong” bideoen argitalpena, non akonpainamendua eta partitura agertuta, gailu mugikor bat eskura izanda besterik ez jo daitezkeen.
 

Material gordailuak ere gaitu dira eta ikasleekin partekatu, taldeko irakasgaietako batzuk etxetik landu ditzaten, hala nola musika-hizkuntza eta korua. Eskoletarako aplikazio ugari erabiltzen dira. Irakasle batzuek egun hauetan ikasi dute horiek erabiltzen klaustroaren laguntzarekin, zeinak tutorialak, ideiak eta esperientziak partekatu baititu, grabatutako bideoetako batean azaldu bezala (https://youtu.be/a9jLPerX1-Q).
 

Sare sozialak ere funtsezko tresna izaten ari dira materiala hedatu eta ekintzak proposatzeko, eta aldi berean egiten ari diren lana erakusteko aukera eskaintzen dute, bai hezkuntza-komunitateari bai gizarteari, oro har. Adibidez, Eskolaren blogean (https://jmayablog.blogspot.com/) irakasleek sortutako zenbait baliabide dituzten sarrerak argitaratu dira, mota guztietako on line baliabideak, etxetik musika praktikatzeko lagungarriak direnak, eta entretenitzeko hainbat proposamen, musika-kultura, eta abar. Bideoak ikusi eta entzun daitezke, hala nola Philarmonic Orchestrarenak , New Yorkeko Met Operaren operak, eta San Francisco Symphonyren Keeping Score proposamena.
 

Facebook (https://www.facebook.com/escuelademusicajoaquinmaya/), Twitter (https://twitter.com/escuelajmaya) eta Instagram (https://www.instagram.com/escuelamusicajmaya/) profiletan eta Eskolaren Youtube kanalean, baliabideak partekatu eta hedatzeaz gain, irakasleen lana ere erakusten ari dira, betiere aste hauetan zehar hezkuntza-komunitate osoari lagun egitea eta animatzea xede hartuta.
 

23 musika-tresna irakasten dira

Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko irakaskuntza-egitura bi ikasketa-ziklok osatzen dute: lehen zikloak hastapen-mailatik 4. mailaraino hartzen du, eta bigarrenak, 5. mailatik 8.eraino. Musika Hizkuntza zein Koru Taldeko irakasgaiez gain, 23 musika-tresna irakasten dira bertan: pianoa, akordeoia, gitarra, tronpeta, tronboia, tronpa, tuba, bonbardinoa, flauta, saxofoia, klarinetea, fagota, oboea, biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, kantua, perkusioa, txistua, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta bateria.
 

Udal musika-ikastetxe ez-arautua da, ikasleak 7 urtetik gorako haurrak zein helduak dira, Iruñean erroldatuak, eta aurrez musika ezagutzarik izandakoak eta izan gabekoak. Horretaz gain, eskolak Kontserbatorioko Erdi Mailara sartzeko probarako prestakuntza ematen du, bai eta musika-prestakuntza espezializatua instrumentuen irakaskuntzako zaleentzat. Covid-19ak eragindako osasun-krisi egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zuen dekretuak ezarritako neurriak aintzat hartuta, Joaquín Maya musika-eskolan ikasle berriendako behin-behineko izen-emateak atzeratu egin dira, besterik jakinarazi arte.