Joaquín Maya Musika Eskolak hasiera emanen dio gaur ikasturteari, espazio seguruak eskaintzeko hainbat neurri higieniko hartuta

Joaquín Maya Musika Eskolak hasiera emanen dio gaur ikasturteari, espazio seguruak eskaintzeko hainbat neurri higieniko hartuta
Kontingentzia Plan bat egin da eta instalazioak egokitu dira beharrezko segurtasun-distantziak bermatze aldera

900 ikaslek baino gehiagok hasiera emanen diote gaur desberdina izanen den ikasturte bati Joaquín Maya Musika Eskolan. Birusaren hedapena saihesteko Kontingenzia Planari eta azken asteotan urruntze soziala betetzen dela bermatzeko egin den lanari –ikasgelak, pasabideak eta eremu komunak egokitu dira– irakasleek eginen duten harrera-lana gehituko zaie. Izan ere, lehen egunetan zehar ikasleak gidatu eta lagundu eginen dituzte Eskolak martxan jarritako segurtasun-neurriak haiei lehen eskutik azaltzeko eta eguneroko funtzionamendu berrian gidatzeko.

Joaquín Maya Musika Eskola instrumentu-ikasgela guztietan bereizketa bat markatu da irakaslearen eta ikasleen eremuaren artean, eta puntu bat finkatu da zeinetik ikasleak bere instrumentua jotzen ahalko baitu. Modu horretan distantzia-neurriak betetzea bermatuko da. Ikasgela bakoitzean, halaber, gel banagailu bat eta desinfektatzailea eta papera egonen dira, irakasleak eskola bitartean erabiltzen diren elementu guztiak garbitu ahal izateko. Eskolen artean ikasgelak aireztatuko dira eta bakarrik irakasleek eta zentroko langileek manipulatu ahal izanen dituzte ate, leiho eta argi-etengailuak. 

Segurtasun neurriak eskolako eremu guztietan

Zentroko erabiltzaileek maskara jantzita eraman beharko dute eraikinean dauden bitartean (legeak ezarritako salbuespenezko kasuak salbu eta haize-instrumentuetako ikasleak salbu, zeinen jokabidea Planean jasota baitago) eta gel hidroalkoholikozko banagailu automatikoa jarriko da sarreran, ikasle guztiek heltzean erabil dezaten. 
Eskolako espazio guztietan jada igotzeko zein jaisteko ibilbideak markatuta daude, baita edukiera mugak itxaron-aldeetan ere. Oharrak jarri dira, halaber, gurasoek debeku dutela eraikinean sartzea jakinarazteko eta higiene-gomendioak gogorarazteko, esku-garbiketa kasu.

Erabilera partekatuko edo maileguko instrumentuak desinfektatzea

Kontingentzia planaren arabera debekatuta dago taldekako eskoletan materiala partekatzea, eta kontzertuak eta entzunaldiak etenda egonen dira osasun-baldintzek ahalbidetu arte. Eskolako erabilera partekatuko instrumentuen kasuan, pianoak eskolen artean desinfektatuko dira eta kontrabaxu, perkusio, bateria eta baxu elektrikoaren kasuan, ezinen dira partekatu ez arku ez baketak. Mikrofonoak erabili eta botatzeko plastikoekin babestuko dira, eta erabilera bakoitzaren ondoren aldatuko da. Mailegu-zerbitzua mantenduko da, baina orain instrumentuak 24 orduz erretiratuko dira itzuli ondoren eta berriz mailegatu aurretik.

Ikasketa-kabinak erabilgarri egonen dira, baina berariazko funtzionamendu-sistema batekin. Ikasle ohiek goizeko ordutegian soilik erabiltzen ahalko dituzte eta eskola-jarduera bitartean matrikulatutako ikasleek bakarrik eskolen arteko denbora librean erabiltzen ahalko dituzte, baldin eta ez badute ikasketa-instrumenturik. 

Ikasturte hasiera mailakatua, gaur arratsaldetik aurrera

Joaquín Maya Musika Eskolak gaur arratsaldean emanen dio hasiera 2020-2021eko ikasturteari, Musika-hizkuntza eta Koruko eskolekin, bigarren zikloko Instrumentuez gain. Irailaren 25etik aurrera lehen zikloko Instrumentuak hasiko dira, eta jada urrian, bigarren zikloko Taldeak. Lehen zikloko Taldeak beranduago abiatuko dira, eta kanpoko ikasleak banda eta orkestra ezberdinetan ere aurrerago hasiko dira. Kontzertuak eta entzunaldiak, momentuz, etenda daude.

Aurten 118 ikasle gehituko zaizkie iaz jada Joaquín Maya Udal Musika Eskolan ikasten ari ziren 790 ikasleei, horrek eskaintzen dituen ikasgai multzo zein taldeetan. Musika irakaskuntza arautu gabeko irakaskuntza ofizialtzat hartzen da. Eskolak dudasplanescuelamusica@pamplona.es helbide elektronikoa gaitu du guraso eta ikasleei arreta emateko.