Joaquín Maya Musika Eskolak Arreta Digitalaren Plana aurkeztu du irakaskuntza bermatzeko, pandemiak sor ditzakeen murrizketak egon arren

Joaquín Maya Musika Eskolak Arreta Digitalaren Plana aurkeztu du irakaskuntza bermatzeko, pandemiak sor ditzakeen murrizketak egon arren
Derrigorrezkoa denez 21:00etatik aurrera eskolarik ez ematea, hasi dira irakasgai batzuk online ematen Eskolatik

 

Joaquín Maya Musika Eskola Berezia irailean hasi zen berriz ere aurrez aurreko eskolekin, pandemiaren ondorioz konfinamenduaren hasieran eskolak eten ondoren, eta orain Arreta Digitalaren Plana prestatu du, non jasotzen baita nola erantzunen zaion egoerari eskolak emateko hurrengo hilabeteotan eman daitezkeen murrizketak edozein direla ere. Duela aste batzuk Nafarroako Gobernuak dekretatu zuen debekatuta zegoela ikastetxe ez-arautuak zabalik mantentzea iluntzeko bederatzietatik aurrera, eta horrek jada hainbat neurri martxan jartzea eragin du. Esaterako, ordu horretatik aurrerako hainbat eskola online ematen ari dira orain Eskolatik bertatik.

Joaquín Maya Musika Eskola Bereziak egin duen Arreta Digitalaren Planak ezartzen du agintariek ikastetxeak ixteko agintzen badute, aurrez aurreko irakaskuntza bertan behera geratuko dela. Eskolako egutegiak indarrean jarraituko du eta ez da eskolarik online emanen ezta bideorik edo bestelako materialik bidaliko/zuzenduko ere ezarritako egun eta eskola ordutegitik kanpo. Osasun- eta hezkuntza-agintariek ezarriko balute irakasleek bere lana ikastetxean egin dezaketela, planak ezarri du jada aurrez aurrekoa ez den hezkuntza nola gauzatuko den. Eskolak aurrez aurreko irakaskuntza segurua eskaintzeko beharrezkoak ziren desinfekio-, babes- eta seinaleztapen-elementu guztiak izan zitzan inbertsioak egin ziren bezala, orain, onlineko eskolak musika-eskolako ikasgeletatik eman ahal izateko, ekipo guztiak webkamez hornitu dira.

Musika Eskola irakaskuntza ez-arautuzko ikastetxea da. Horregatik, Nafarroako Gobernuak halako zentroek beranduenez 21:00etan itxi behar zutela agindu zuenean, Plana martxan jarri zen gaueko hamarrak arte luzatzen diren eskolei erantzuna emateko. Aurreikusitako neurrien arabera, egoera honetan ikasleak beste ordutegietara aldatzen saiatuko dira, betiere taldekako jardueren ratioa betetzen bada eta/edo dagokion espezialitateko instrumentuko irakasleak aurrez aurreko eskola-ordu librerik badu ukitutako ikasleei eskolak emateko. Aldaketa posible ez den kasuetan, arreta ez presentziala eginen da. Hala gertatzen ari da instrumentuko eta Musika-hizkuntzako zenbait eskolatan: duela aste batzuetatik hona eskolak telematikoki ematen ari dira Eskolatik bertatik.

Planak eskola-mota bakoitzerako baldintza zehatzak ezartzen ditu

Aurrez aurreko irakaskuntza eman ezin den kasuetan, instrumentuko banakako eskolak eta Musika-hizkuntzako taldekako eskolak online emanen dira, egokitzen zaien Musika Eskolako ikasgelatik. Onlineko eskoletara batzeko esteka aurrez bidaliko zaie ikasleei. Eskola eguna, ordua eta iraupena ikasturte hasieran ezarritakoak izanen dira, aldaketarik gabe.
Musika-hizkuntzako eskoletan bitan banatutako taldeak mantenduko dira, beraz astero ordu beteko online eskola bat egonen da. Irakasgai bakoitzeko ikasleek ikasturtearen hasieratik abian jarri zuten lenguajemusical.net web-plataforma erabiltzen jarraituko dute. Onlineko eskolak derrigorrezkoak izanen dira eta Eskolako Barne-funtzionamendurako Araudiak ezarritako hutsegiteen erregimena aplikatuko da. Ikastetxetik irakasleen puntualtasuna bermatuko da onlineko eskolaren hasieran zein bukaeran, eta ikasleei ere puntualtasuna eskatuko zaie: eskola hasi baino lehenago konexioa ezarri beharko dute, jarritako orduan hasteko.

Koruko eskoletako banakako lana egiteko bideoak, audioak, estekak eta dokumentuak emanen zaizkie onlineko plataforma baten bidez. Onlineko hitzorduak egiteko aukera aztertuko da sinkronizaziorik behar ez duten jardueretarako. Instrumentu-taldeen eta ganbera-musikaren kasuan, onlineko eskolak emanen dira irakasleen ikasgeletatik, eta edukiak egoera berrira egokituko dira. Ikastaro monografikoak konexio telematikoa duen plataforma baten bidez emanen dira.

Zein egoeratan emanen dituzte irakasleek eskolak haien etxeetatik

Irakasleek konfinatuta egon behar duten kasuetan, edo agintariek ezin direla eskolara joan irakastera ezartzen badute, eskolak online emanen dira irakasleen etxeetatik bertatik. Irakasleek, Eskolako Idazkariak erregistratu ondoren, telelanerako gailuak, soinu-txartela, mikrofonoa, partiturak eta Musika Eskolako bestelako materiala erabili ahalko dituzte telelanean aritzeko. Eskolako Zuzendaritza-taldeak material hori irakasleei helarazteko mekanismoak bilatuko ditu, zentrora bila joan ezin badaitezke. 

Hala balitz, ikasleei aurrez aurreko irakaskuntzatik onlineko irakaskuntzara igarotzeko jakinaraziko zaie. Eskola eguna, ordua eta iraupena ikasturte hasieran ezarritakoak izanen dira. Onlineko eskola baten aurretik edo ondoren aurrez aurreko eskola daukaten ikasleei ere arreta bermatuko zaie.

Musika Eskola prest, ikasturtearen hasieratik pandemiari aurre egiteko

Nafarroako osasun- eta hezkuntza-agintariek erabaki zuten 2020-2021eko ikasturtea ‘2. egoeran’ hastea, ikastetxeetan aurrez aurreko arreta eskainiz eta ‘1. egoerako’ ordutegiak baldintza berrietara egokituz. Hala ere, Joaquín Maya Musika Eskolak ikasturtearen hasieratik taldekako eskolak Araubide bereziko irakaskuntzarako ‘3. egoeran’ eskatutakoaren arabera antolatu ditu, zeinak zehazten baitu zentroak antolatuko direla ikasleek dagozkien asteko eskolen %50 gutxienez aurrez aurre jasotzeko, ikasturtearen hasieran esleitutako ordutegia eta taldea errespetatuz. Horrela, Hizkuntza eta Harmoniako irakasgaien ratioa egokitu egin da ikasgeletan dagoen espazioaren arabera urruntze neurriak betetzeko, eta ikasleak aurrez aurreko saioen erdira doaz. Derrigorrezkoak diren gainontzeko irakasgaien kasuan, Eskolak espazio nahikoak ditu Kontingentzia Planean ezarritako urruntze- eta beste osasun-neurriak betetzeko.

¿Te ha sido útil esta página?