Joaquín Maya Musika Eskola instrumentuak biltzen ari da Siriako haurrei bidaltzeko, Mugarik gabeko Musikarien kanpaina solidarioaren barnean

Joaquín Maya Musika Eskola instrumentuak biltzen ari da Siriako haurrei bidaltzeko, Mugarik gabeko Musikarien kanpaina solidarioaren barnean
Urtarrilaren 29ra arte dago epea instrumentuak, hariak, arkuak, ahokoak eta beste elementuak entregatzeko, gero kausa on baterako berrerabili daitezen
Escuela de Música

Joaquín Maya Musika Eskolak aurten ere bat egin du Mugarik gabeko Musikarien ekimenarekin. Horren bidez musika-instrumentuak bildu nahi dira etengabeko gerran dagoen Siriara bidaltzeko eta bertako errefuxiatuen kanpamentuetako haurrek eta gerran dauden hainbat herrietako biztanleek erabili ditzaten. Interesdunak eskolarekin harremanetan jar daitezke dirección.escuelamusica@pamplona.es posta elektronikoaren bidez, hartara ezartzeko nola entregatu materiala, zentroak sarrera mugatua baitu koronabirusaren pandemia dela-eta.

Instrumentuak eta abar jasotzeko epea urtarrilaren 29ra arte zabalik da. Ekimenean parte hartzeko gonbitea ez da bakarrik Musika Eskolako hezkuntza-komunitatera mugatzen; aitzitik, herritar guztiei zabaldu nahi zaie, ahal den musika tresna kopuru handiena jasotzeko. Instrumentuak, hariak, arkuak, ahokoak eta abar entregatu daitezke, erabili zein ez, eta Siriara eramanen dira ekimen honetan ere parte hartzen duten beste musika eskola batzuetan jasotzen den materialarekin batera.

2014-2015eko ikasturtean Joaquín Maya Musika Eskolak ekintza solidarioko programa bati ekin zion, ikasleak musikarekin lotutako lankidetza-proiektuen bidez sentsibilizatzeko helburuarekin. Asmoa beste musika-ikasle batzuen eguneroko bizitzara hurbiltzea da; eskolako ikasleek bezala haiek ere musika-prestakuntza jasotzeko ilusioa dute, baina ikasketak egoera zailagoan egiten dituzte.

2017an Musika Eskolak jada parte hartu zuen Mugarik gabeko Musikarien ekimen honetan bertan, Siriarako instrumentuak jasoz. 2019an, eskolak antolatzen duen Hamabostaldi Solidarioaren barruan, instrumentuak eta bestelako materialak jaso ziren Ugandara bidaltzeko, Afrikako herrialde horretan musika-hezkuntzaren bidez gizartea eraldatzeko Vura Music proiektuaren barruan.

 

¿Te ha sido útil esta página?