Jesús eta María aterpetxeak ostatu emanen die erromesei uztailaren 1etik aurrera, aurrez erreserba eginda Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteko aterpetxe seguruen sarean

Jesús eta María aterpetxeak ostatu emanen die erromesei uztailaren 1etik aurrera, aurrez erreserba eginda Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteko aterpetxe seguruen sarean
Herritarren Aferen Batzordeak bisita egin du alarma-egoera bitartean etxerik gabeko 74 laguni ostatu eman dien espaziora, non guztira 2.248 ostatu-gau egin baitituzte

visita albergue jesus maría

Jesús eta María turista eta erromesen aterpetxea bihartik aurrera (uztailak 1, asteazkena) berriz zabalik egonen da, osasun-krisiaren ostean. Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteko aterpetxe seguruen sarean sartuta zabalduko ditu ateak, zeinak Nafarroatik Santiagorainoko ibilbidea egitea ahalbidetzen baitu. Iruñearen kasuan, espazioa egoera berrira egokitu da, eta orain aurrez ohea erreserbatu behar da, nahitaez, 948222644 telefonora deituta. Gainera, edukiera murriztu da, garbiketa-neurriak indartu dira, eta sukaldearen erabilera eten, besteak beste.
 

Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak eman ditu azalpen horiek gaur goizean, Lehendakaritza Batzordeak bertara egindako bisitan. Udal baliabide hori etxerik gabeko lagunei ostatu emateko zentro bihurtu zen alarma-egoera bitartean, Trinitariosekoa beteta baitzegoen. 40 pertsonendako lekuarekin, guztira 74 lagun ezberdinei ostatu eman die, 2.248 ostatu-gaurekin. Bisitan aterpetxea kudeatzen duen Aspace Navarra para el Empleo fundazioko ordezkariak ere izan dira: Blanca Elizalde, enplegu zuzendaria, eta Mari Carmen Urtea, Iruñeko unitate operatiboaren zuzendaria.
 

Eliza ohi batean kokatua
 

Jesús eta María aterpetxea Compañía kaleko 4. zenbakiko beheko solairuan dago, desakralizatutako eliza ohi batean, eta Donejakue bidea egiten duten erromesei eta turista zein bisitariei ostatu emateko birgaitu zen. 2007ko abuztuan inauguratu zen. 112 leku ditu eta erabiltzaileen eskura hainbat zerbitzu jartzen ditu: garbigailu eta lehorgailua, bitrozeramika, mikrouhin-labea, labea, hozkailua, ile-lehorgailua, esekitokia, egongela, liburutegia eta bizikletetarako aparkalekua.
 

Antolamenduaz bezainbatean, kultu-espazio osoa zegoen bezala utzi da. Alboetako nabeen zutabeen artean zurezko modulu batzuk jarri dira, bi mailatan, eta hor logelak daude. Hori horrela, logelak eta egongela ez dira bi gela independente, baizik eta gela komun handi bat. Erdiko nabea libre dago, erabilera anitzerako gune gisa: erakusketak zein kontzertuak egiteko erabiltzen da, besteak beste. Kudeaketaz Enplegurako zentro bereziak eta Gizarteratze eta laneratze zentroak arduratzen dira.
 

Edukiera % 50era murriztua
 

Bihartik aurrera edukiera % 50era murriztuta egonen da segurtasun-tartea bermatzeko. Hainbat osasun-neurri aplikatuko dira: turismorako aterpetxeendako Turismo Kalitatearen Institutuak ezarritako protokoloan jasotakoak, Donejakue Bideko Udalerrien Elkartearen gomendioak eta ASPACEren prebentzio-zerbitzukoak. Aspacek egindako planean, adibidez, gela bakoitzean gehienez egon daitekeen jende kopurua jasotzen da, sartzeko neurriak zeintzuk diren, elementu komun guztiak desinfektatzea, garbiketa-plana eta ostatu hartzen duten lagun guztientzako nahitaezko errutinak, besteak beste.
 

Iaz 20.564 lagunek hartu zuten ostatu aterpetxean. Horietatik % 78 beste herrialde batzuetakoak ziren (16.031), eta % 22, nazionalak (4.533). 80 nazionalitate baino gehiagotako lagunak igaro ziren aterpetxetik, eta guztien artean hegokorearrak nabarmendu ziren (3.278 lagun), espainiarren atzetik bigarren kolektibo nazional ugariena izan baitzen.



¿Te ha sido útil esta página?