Jende eta ostalaritza-establezimendu gehien-gehienek uztailaren 6tik 14ra izan duten jarrera eredugarria azpimarratu du Iruñeko alkateak

Jende eta ostalaritza-establezimendu gehien-gehienek uztailaren 6tik 14ra izan duten jarrera eredugarria azpimarratu du Iruñeko alkateak
Festarik egon ez arren, uztailaren 6an eta 7an Iruñeari buruzko informazioa eman zen: guztira 2.490 albiste, 6 ordu irratian eta telebistan eta 33.400 txio

montaje medios

“Gure hiriaz harro sentitzeko arrazoiak ditugu”. Horrela laburbildu du Enrique Maya Iruñeko alkateak Iruñean uztailaren 6tik 14ra bitarte bizitakoa. Normalean, egun horietan sanferminak ospatzen dira, baina aurten covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz bertan behera gelditu dira. “Iruñeak proba gainditu du, nota altuarekin gainditu ere” nabarmendu du, eta herritar eta ostalaritza-establezimendu gehien-gehienak arduratsuak izan direla eta ez direla gorabehera aipagarririk gertatu.
 

Zentzu berean, aste honek Iruñeko osasun-egoeran “ez duela aparteko ondoriorik eragin” adierazi du, antzeman diren gaixotasunaren agerraldiak beste hiri batzuetakoekin bat baitatoz. Hortaz, gogoratu du “ezin diogula erne egoteari utzi” eta behar diren ardurazko neurriak hartu behar ditugula.
 

Festak bertan behera gelditu arren, uztailaren 6an eta 7an Iruñeari buruzko informazioa eman zen: guztira 2.490 albiste, 6 ordu irratian eta telebistan eta 33.400 txio. #BizikoDitugu kanpainak, egunotan arduratsu jokatzeari buruzko garrantziaz kontzientziatu eta ongi pasatzeko onlineproposamen seguruak eskaini dituenak, 830.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu GIFen atalean.
 

Uztailaren 6an, 12:00etan, Udaletxe plazako edukiera bete zen, baina Gazteluko plazakoa ez
 

Udaltzaingoak dispositibo berezia abiatu zuen, Foruzaingoarekin eta Polizia Nazionalarekin batera, uztailaren 6an eta 7an, nagusiki edukierak kontrolatzea ardatz hartuta. Udaletxean ezarritako Aginte-postu Aurreratu batek koordinatu zuen. Helburua balizko kutsatzeei bide eman ziezaieketen jende-pilaketak ekiditea zen, eta osasun-segurtasuna bermatzea. 200 poliziek baino gehiagok osatu zuten polizia-operatiboa eta, beste zeregin batzuen artean, Udaletxe plazara, Gazteluko plazara eta Alde Zaharreko 6 eremutara sartzeko guneak kontrolatu zituzten. Bertara sartzen ziren lagunak zenbatzeaz gain, guztiek segurtasun-maskarak jantzita zeramatzatela konprobatu zen.
 

Udaletxe plaza 11:40etik aurrera itxita geratu zen oinezkoendako, egungo osasun-neurriekin bateragarria den gehieneko edukierara heldu baitzen: 480 lagun. Aitzitik, Gazteluko plazan gehienez ere 3.600 lagunendako lekua egonik, 925 pertsona besterik ez ziren bildu. Navarrería, Calderería, Estafeta, San Nikolas, Comedias eta Jarautako eremuetan jendetza gehien uztailaren 6an eta 7an egon zen, eta 10 eta 11ko (ostiral eta larunbat) arratsaldeetako azken orduetan. Unean-unean zenbait gune itxi ziren oinezkoendako, gorabeherarik gabe. Polizia-operatiboaren balorazioak herritarren jokabidea nabarmendu du, oro har elkarlanerako prest.
 

Taberna bakar batek jaso du salaketa edukiera gainditzeagatik, eta beira bilketa ohikoaren zazpiren bat izan da
 

Halaber, ostalaritza-establezimenduek edukiera zorrotz betetzea azpimarratu zen. Lokal bakar batek jaso du salaketa gehieneko edukiera gainditzeagatik: San Gregorio kalean dago eta barruan 197 lagun zenbatu ziren, gehienez ere 101 egon zitezkeenean. Horrez gain, beste 3 establezimendu salatu zituzten ordutegia ez betetzeagatik –aurten ez zen ordutegia luzatu festak etenda baitzeuden–; 2, edariak kanpora ateratzen uzteagatik, eta 1, musikak eragindako eragozpenengatik.
 

Egunotan egindako beste salaketa batzuk gazteen 9 etxaberi zuzendu zaizkie: 3 etxabe salatu dituzte lizentziarik ez izateagatik; beste 3, ordutegia ez betetzeagatik; 2, edukiera gainditzeagatik eta auzotarrei eragozpenak eragiteagatik, eta beste bat ordutegia ez betetzeagatik eta eragozpenak eragiteagatik ere.
 

Bestalde, zuhurtziaz, zaborra biltzeko zerbitzuak arinki handitu ziren, hiria garbi mantentze aldera. Emandako datuen arabera, iazko sanferminetan tabernetan zabor-mota honetako 150.000 kiloak gainditu ziren. Aurten, uztailaren 6tik 13ra 22.000 kilo eskas bildu ziren; hots, egun horietan ohikoa den bolumenaren zazpiren bat bakarrik.
 

Bideoak 3.300 aldiz partekatu ziren, eta 3 milioi lagun baino gehiagorengana heldu
 

2020ko sanferminen etenaldia #BizikoDitugu kanpainak markatu du, zeinak herritarrei dei egin baitie arduraz joka dezaten eta ospakizunak datorren urterako utz ditzaten. Zapi-formako eskuorriak banatu dira postontzietan, segurtasun-neurriak mantentzeko aholkuekin, eta diseinu bereko kartelak banatu zaizkie Iruñeko denda eta establezimenduei.
 

Horrez gain, kanpainaren barruan sei bideo egin dira –horietako hiru herritarrak kontzientziatzeko; bat nazioarteko mezu batekin sanferminen ez-ospakizunari buruz; beste bat, entzierroaren soinuekin, eta azken bat GIFak erabiltzen irakasteko–, eta ikus-entzunezko materialak, egunak iragan ahala biral bihurtu direnak –3.300 alditan baino gehiagotan partekatu dira–. Udalaren sareetako profiletan egindako ikustaldiak aintzat hartuz gero, eta partekatu dutenen hormetan egindakoak, guztizko inpaktuek hiru milioiak gainditu dituzte.
 

Harrera onenetarikoa izan duen ekimen birtualetako bat sanferminekin lotutako irudi animatuen argitalpena izan da, horiek argazki-muntaketa zein ilustrazioetan erabili ahal izateko. GIF berri horiek egunotan 830.000 ikustaldiak gainditu dituzte, eta gehien erabili direnak txupinazoa eta entzierroa islatzen dituztenak izan dira. Kopuru horiek aintzat hartuta, Udalak horiek online uztea erabaki du, aurrerago ere erabilgarri egon daitezen.
 

Nazioarteko online komunikabide digitalen % 25ek azalean argitaratu zituzten “ez-sanferminak”
 

Uztailaren 6an eta 7an Iruñeari buruzko ia 2.500 albiste argitaratu ziren munduan, nazioarteko komunikabide digitaletan eta nazioko, erkidegoko zein tokiko idatzizko prentsan. Bi egun horietako kronikak Espainian ikus-entzunezko edukien 6 ordu metatuak gainditu zituen, bai albistegietan bai herrialdeko irrati- eta telebista-kateetako saioetan.
 

Iruñeko festen ez-hasiera, zalantzarik gabe, erreferente-informatibo bihurtu zen, eta nazioarteko albiste-agentzia nagusiek “errebotatu” zuten –REUTERS, ANSA, EFE edo Associated Press– eta hainbat komunikabidetako onlineko goiburuetan errepikatu zen –The Guardian, The NY Times edo USA Today–. Munduan barna (Espainia kanpo), eremu anglosaxoietan argitaratu ziren albiste digital guztien % 71. Horiek dira Seguimedia enpresa espezializatuari enkargatutako ikerketaren aurretiazko ondorioetako batzuk.
 

Nazioarteko online komunikabide digitalen laurden batek ez-sanferminak azal eta hasiera-orrietara eraman zituzten. Aztertutako edukien % 10-12an herritarrak kontzientziatzeko #BizikoDitugu kanpainaren elementuak txertatu ziren. Diskurtso instituzional honek ilusioa zuen oinarri, baina uztailaren 6tik 14ra Nafarroako hiriburuan egonen zirenen zuhurtzian eta ardura pertsonalean ainguratuta zegoen.
 

Sanferminekin eta #BizikoDitugu kanpainarekin lotutako 33.400 txio
 

Sare sozialetan, uztailaren 6tik 7ra, 33.400 txio baino gehiago argitaratu ziren sanferminekin eta #BizikoDitugu kanpainarekin lotuta, eta horren irismen potentziala 182 milioi erabiltzailetik gorakoa izan zen. Argitalpenak ia 24.800 kontu bakarrek egin zituzten, eta 371 milioi inpaktu potentzialetan kokatzen dira. Iruñeko Tweet Binder enpresaren ikerketaren arabera, txio horietan gehien erabili zen traola #LosVivieremos izan zen (4.073 txio); horren ondotik, ohikoa den #sanfermin (2.993), eta #sanfermines2021 etiketa (2.390), zeinak gogoratzen baitzuen 2020 honetan ez zela festarik ospatuko.
 

Alkateak egindako lana eskertu die Udaltzaingoari eta polizia kidego guztiei; osasun-langileei; komunikabideei; erakundeei eta udal-taldeei; ostalariei, behar ziren osasun-neurriak mantentzeagatik, eta egun hauetan itxita egon diren peña eta lokalei, arduraz jokatzeagatik. Azkenik arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko deia egin du, birusa oraindik ere hor dagoela eta segurtasun-neurriak muturreraino eraman behar direla gogoratuta. Une honetan, Nafarroan, 7 agerraldi aktibo daude; horietako 3, Iruñean.

¿Te ha sido útil esta página?