Javier Poveda artista iruindarrak Ziudadelako Labean aurkeztu du haritzaren zur polikromatuan egindako lana, enborretik bertatik sortua

Javier Poveda artista iruindarrak Ziudadelako Labean aurkeztu du haritzaren zur polikromatuan egindako lana, enborretik bertatik sortua
Cornelius erakusketa Laberako berariaz sortua da, eta martxoaren 18ra arte, igandearekin, egongo da ikusgai
Fitxategi

Zur polikromatua, irudiak, espazioa, hutsunea, itzalguneak... Javier Poveda artista iruindarrak Ziudadelako Labean paratu du ikusgai Cornelius, haritzaren zur polikromatuan egindako lan bat, zeina argi-joko baten bitartez aurkezten baita. Formatu txikiko eszena bat da, non egileak espazioa eta forma ikertzen baititu zuraren bidez. Erakusketa gaurtik hasi eta martxoaren 18ra bitarte egongo da ikusgai.

Kultura eta Hezkuntzako zuzendari Maitena Muruzabalek eta Javier Povedak berak aurkeztu dute, gaur goizean, Ziudadelako Labeko zirkulu-formako espazio horretarako berariaz sortutako erakusketa. Ikusgai jarri den pieza zurarekin egindako lan-ildo baten barruan egindakoa da; izan ere, horren bi serie, Haritza 1 eta Haritza 2, 2017ko azaroan egon ziren ikusgai Iruñeko Arte Eskolako erakusketa-aretoan.

Haren lanetan Povedak ikasitako zaintzatik eta errespetutik abiatuta lantzen du materiala (zura), azken batean bukatutako obrari protagonismo estetikoa emanez. Hortik datoz zuraren jatorri den zuhaitzari, haritzari, egindako erreferentziak eta baita zura zizelkatzeko erabiltzen duen tresnan grabatuta agertzen den izenari ere, Cornelius. Sormen-prozesuari dagokionez, egileak garbikuntza ariketa bat bezala ulertzen du. Enborretik bertatik sortzen joaten dira piezak, ia zirriborratu eta aurrez pentsatu gabe. Hortaz, funtsean, intuiziotik eta materialak iradokitzen duenetik sortzen dira, ahal den neurrian buruko zarata sartzea ekidinez. Materialaren gaineko esku-hartzea ahalik eta txikiena da harik eta obra amaitutzat jo arte.

Haren obren aurrean, zarata eta apaindurarik gabeko agertokietan daude ikusleak. Pieza horien isiltasunaren bidez mezua modu sotilago batean igortzen da, frekuentzia baxuago batean, enborrek zedarritzen eta mugatzen dituzten agertokiek eta figuren artean dauden hutsuneek intentsitatea modulatzen dutelarik. Itxuraz garrantzirik ez duten une bat harrapatzen dute eskulturek, non denboraren benetako gabezia nabaritzen baita. Beste eszena batzuetan, aldiz, espazioa, hutsunea eta itzala agertzen dira baliabide gisa, gertatu zen horri buruz eta berehala heltzear dagoenari buruz hitz egiteko.

Javier Poveda (Iruña, 1982) Arte Eskolan ikasi zuen eskulturagintza. Artisau-lanetan hainbat denbora aritu ostean, eta batez ere, azken etapan, instrumentuak zaharberritzen, eskulturarekin hastea erabaki zuen, bere luthier tresnak erabilita eta zura xehetasunez lantzeko ezagutzak baliatuta. Haritza serieetan espazioa eta forma ikertzen ditu, zur mota bakoitzaren ezaugarriei eta propietateei lotuta.

¿Te ha sido útil esta página?