Javier Poveda artista iruindarrak haritzaren tinkotasuna eta bertikaltasuna eraman ditu Ziudadelako Labera, argilunen, kolorearen eta iluntasunaren arteko joko batean

Javier Poveda artista iruindarrak haritzaren tinkotasuna eta bertikaltasuna eraman ditu Ziudadelako Labera, argilunen, kolorearen eta iluntasunaren arteko joko batean
Ekainaren 30era arte egonen da ikusgai ‘Lau forma’ erakusketa eta haritz zerratuzko enborrez hornitu da

foto

Eroritako zuhaitza berriro altxatzea, bizitzaz, argiz eta handitasunez hornitzea. Javier Poveda artista iruindarraren ‘Lau forma’ erakusketak kontzeptu horiekin guztiekin jokatzen du Ziudadelako Labea gisako espazio batean, non argiak funtsezko zeregina baitu. Egileak berak, Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariarekin batera, aurkeztu du erakusketa, eta ekainaren 30era arte egonen da ikusgai. 

“Lau forma” erakusketan, Povedak industria-prozesu batean soberan zeuden zerratutako haritz-enborrak erabiltzen ditu. Artistak berak azaldu duenez, haien gogortasunagatik zerrak zauritu ezin izan zituen moztutako zuhaitzen erdiko eraztunak dira. Pilatuta, urtetan egurats zabalean, pieza horiek aldatu, eboluzionatu eta zahartu egin dira, eta jatorrizkoarekin zerikusi gutxi edo batere ez duen itxura hartu dute. Iruñeko artista honen apustua da berriz ere bizia ematea. Eta, horretarako, funtsezkoa da jatorrizko posiziora itzultzea. Bertikalki jarrita dauden piezek Ziudadelako Labea bestelako espazio bihurtzen dute, non enbor horiei protagonismoa ematen dieten forma, kolore, itzal eta argien arteko joko bat sortzen baita.

Enborrek multzo bat osatzen dute eta materia irudi bihurtzen da, eta aldi berean, astuna dena arin bilakatzen da eta pinturak pintura izan nahi du. Izan ere, enborrak, denboraren joanagatik ilundu direnak, margotu egin dira, egurketariek motzondoak markatzeko erabiltzen dituzten koloreen itxura eginez. Hala, instalazio osoa zuraren, iluntasunaren, beltzaren, ikatzaren, kolorearen eta agerpenaren/ezkutatzearen nahasketa bat da, eta argien jokoari esker, bisitariari gurtza-leku bat edo etxola bat iradokitzen dio.

Egurra, Povedaren nortasunaren adierazgarri
Javier Poveda artistak (Iruñea, 1982) urteak daramatza zurak elementu artistiko gisa dituen aukerak aztertzen eta esperimentatzen. Iruñeko Arte Eskolan ikasi eta musika-tresnak zaharberritzen buru-belarri aritu ondoren, eskulturaren munduan murgildu zen bete-betean. 

2017an Arte Eskolan egin zuen lehen erakusketak Haritza izena zuen: asmo-adierazpen bat, urtez urte bere arte-bilakaera markatzen joan dena. Urtebete geroago, 2018an, Ziudadelako Labean Cornelius haritz polikromatuzko zurari buruzko lana aurkeztu zuen. Obra horretan, argiak funtsezko zeregina izaten hasi zen artistaren lanean. 

¿Te ha sido útil esta página?