Javier Arbizu, Concha Martínez Barreto eta Julie Chaffort izanen dira protagonistak aurtengo Mapamunditarrak. 2019 / Ispilua erakusketetan, Ziudadelan

Javier Arbizu, Concha Martínez Barreto eta Julie Chaffort izanen dira protagonistak aurtengo Mapamunditarrak. 2019 / Ispilua erakusketetan, Ziudadelan
Mapamunditarrak ekimenean, bost erakusketa, zinema independenteko zikloa –Iturramako Civivoxean–, post-argazkilaritzako lantegi bat eta hezkuntza-programa izanen dira
Exposición Mapamundistas



Javier Arbizu, Concha Martínez Barreto eta Julie Chaffort izanen dira protagonistak aurtengo Mapamunditarrak. 2019 / Ispilua erakusketetan, Ziudadelan, aurten irailaren 26tik urriaren 27ra gauzatuko den programan, Iruñean eta Atarrabian. El espejo/ Ispilua izenburua duen 13. edizio honetan, Andrei Tarkovskiren Zerkalo (Ispilua) filma aukeratu da aipamen moduan eta ispiluaren metafora hartu da maileguan barnera begiratzeko ariketa bat proposatzeko. Horrela, Geldirik izena zuen 2018ko edizioa, geldialdiaren eta “ez egitearen” hamaika moduei buruz aritu zena, osatzera dator aurtengoa. Xehetasun guztiak Kulturako eta Berdintasuneko Alorreko zuzendari Jorge Urdanozek eta erakusketaren komisario Alexandra Baurések azaldu dute gaur prentsaurrekoan, Julie Chaffortekin batera.

Ziudadelan izanen diren bakarkako hiru erakusketa horietaz gain, ‘Mapamunditarrak 2019/ Ispilua’ programak beste bi erakusketa ekartzen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Atarrabiako Pilategian, Andrés Galeano eta Roger Omarren eskutik. Eta hori guztia osatzeko zinema independenteko ziklo bat izanen da Iturramako Civivoxean urriaren 1etik aurrera, post-argazkilaritzako lantegi bat Nafarroako Museoan eta haur, gazte eta helduei zuzendutako hezkuntza-programa bat Ziudadelako Mistoen eraikineko 1. solairuan.

Labean eta Mistoen eraikinean
Javier Arbizu eskultore nafarrak obra bat sortu du, in situ, Ziudadelako Labeko espazio berezi horretan. Izenburuak, Severo, eskultura greziarraren estilo soilari eta erromatar enperadoreen dinastiari egiten die erreferentzia. Lehenengoa, eskulturaren krisi-garai batean, aldi goren baten hasiera ekarri zuena, eta bigarrena, gainbeheran ziren enperadoreena, inperioaren berehalako erorialdia adierazten duena. Giza anatomiaren puskak, bismutoan eginak –hau da, unibertsoan deseginen den azken metala–, eskaiola, erretxina eta burdinazko beste pieza batzuekin solasean ari dira, lurrean sakabanaturik eta argi fluoreszente batek blaituta, hala iraganeko zibilizazioei nola gaur egunari buruz ari den osotasun urratu bat osatuz.

Mistoen Eraikineko lehenengo nabean (1. solairua), Concha Martínez Barretok zenbait lan jarri ditu ikusgai, denboraren joanari buruz arakatuz. Esate baterako, Izenak berriz marrazten ditu bere familia-albumeko argazkiak, bera jaio aurrekoak. Luze jotzen duen prozesu honetaz, aurpegi ezezagunen misterioan barneratzen saiatzen da. Iragana arakatu nahian ere, zazpi urteko haur bat gonbidatzen du Munduaren jatorria azal dezan, aurkitutako dinosauro-hezur bitxi batzuk abiapuntu. Bideo-pieza hau Biografia diapositiben sailarekin solasean dago, zeinean gurdien gainean dauden neska-mutilen argazkiak jasotzen dira. Zirkulua ixteko, Yo estuve aquí neoi-argia dugu, berriz ere autobiografiara bidaltzen duena, guztion artean partekatutako autobiografia.

Bigarren nabean, Julie Chaffort zinemagileak lau bideo-pieza aurkezten ditu. Hiru hauetan ura da nagusi: De l’autre côté (Beste aldean); Les montagnes noires (Mendi beltzak); La barque silencieuse (Txalupa isila). Pertsonaiak laku baten uretatik irrist egiten dute, edo ibai batean sartuta daude, halako moduz non haien irudia eta ahotsa gainazalean islatzen diren. Laugarren piezan, Hunt (Ehiza) izenekoa, iratze-hostoz jantzitako izaki bat baso mardularen erdian mugitzen da. Baso bilakatutako gizaki horren irudia da Mapamundistas 2019-ren sakelako katalogoaren portada, pertsonen dimentsio basatienaren metafora gisa. Biharko, ostegunarekin, artistarekiko topaketa aurreikusi da, 19:00etarako, Ziudadelan.

Zinema independentea lau asteartez, urriaren 1etik aurrera
Bestalde, zinema-zikloan, astearteetan 19:30ean Iturramako Civivoxean eginen dena, lau film luze izanen dira, eta horietan pertsonek bere inguruarekin –beste gizakiekin eta lekuekin– ehuntzen dituzten sareak lantzen dira. Hona hemen: Zerrumpeltz Herz (Txorien kontzilioa), Timm Kröger-ena; La jalousie (Jelosia), Philippe Garrel-ena; Wallay, Berni Goldblat-ena, eta Louise en hiver (Louise neguan), Jean-François Laguionie-rena.

Azkenik, Mapamunditarrak 2019k bisita gidatuak eskaintzen ditu Ziudadelako hiru erakusketetan, eta goizeko zinema-saioak Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikastetxeetako taldeentzat. Jarduerak doan dira, baina aldez aurretik plazaren erreserba egin behar da. Leku kopurua mugatua da. Ikastetxe interesdunek helbide honetara idatzi behar dute:  info@mapamundistas.com.

MAPAMUNDITARRAK. 2019 ekimenak honako hauen finantziazioa du: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua (Ideia dirulaguntzen deialdia), Uharte Zentroa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Museoa eta Institut Français. Gainera, honako hauen laguntza ere bai: La Caixa, Camplus, Antigüedades Miqueliez, Fragment eta Tokio jatetxea. Programa osorik ikus daiteke hemen: www.mapamundistas.com.
 

¿Te ha sido útil esta página?