Jatorrizko lanak aurkez daitezke jada 2020ko Sanferminetako Kartel Lehiaketara

Jatorrizko lanak aurkez daitezke jada 2020ko Sanferminetako Kartel Lehiaketara
Prozedura on line egin behar da www.pamplonaescultura.es webgunean, eta eskuragarri dago gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez
Cartel san Fermín

 

Iruñeko Udalak 2020ko Sanferminetako Kartel Lehiaketara jatorrizko lanak aurkezteko epea ireki du. www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez interesdunek aurkezpen-prozedurari hasiera eman diezaiokete, zeina erabat on line izanen baita edizio honetan. Horretarako, webgunearen atariko banneretik sartu eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eskura daitekeen formulario bat erabili beharko dute, eta horri jatorrizko kartelaren diseinua.erantsi, bereizmen txikiko jpg fitxategian. Epea apirilaren 1ean amaituko da.
 

Udalak erregistro-sistema bat abiatu zuen lehiaketan parte hartzeko epea irekitzen zenean interesdunei posta elektroniko bidez abisua helarazteko. Deialdia NAOn argitaratu zenean, joan den astelehenean, 278 interesduni jakinarazi zitzaien. Berritasun gisa, aurten, Iruñeko Udalak lehiaketan parte hartzeko gonbita eginen die Arte eta Diseinu eskolei, Espainia osoko Arte Ederretako fakultateei eta diseinatzaileen hainbat elkarteri. Iaz lehiaketan 277 kartel aurkeztu ziren, % 45,4 Iruñetik zetozen, eta kopuru hori % 58,4ra heltzen zen Nafarroan eginikoak zenbatuz gero. Iaz emandako boto kopurua kontuan hartuta –10.629 boto eman ziren, 12 urtetako kopururik handiena– herritarren lehiaketarekiko interesa mantendu egiten da, nahiz eta 2014 urtetik aurrera aurkeztutako jatorrizko lanen kopuruak behera egin duen apurka-apurka.
 

Aurreko urteetan bezala, egile bakoitzak kartel bakarra aurkeztu ahal izanen du, betiere jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa. Irabazlearendako saria 3.600 eurotan mantentzen da, eta berariaz jasotzen da ezin izanen dela, inolaz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den lehiaketa amaitu arte.
 

Lehiaketaren egutegia

Parte hartzeko epea itxi eta gero, epaimahai tekniko batek aurkeztutako kartel guztien artean 20 obra hautatuko ditu, 2016. urteaz geroztik egin izan den modu berean. Lehen hautaketa apirilaren 7an eginen da. Obra horiek izanen dira jpg. fitxategitik kartel fisikora pasako direnak –Udalak bere gain hartuko du kartel horien ekoizpen-kostua, gehienez ere kartel bakoitzeko100 eurora bitarte– eta gero herritarrei erakutsiko zaizkie.
 

Bigarren hautaketa batean epaimahaiak zortzi kartel finalistak aukeratuko ditu, eta herritarrek botoa eman ahal izanen dute, gutxienez 10 eguneko epean zehar. Internet bidezko botoa, telefono-deia eta Civivox sareko zentroetan paratutako hautetsontzietan boto-papera sartzea izan dira botua emateko ohiko bideak.  Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendaria, diseinu grafiko, komunikazio, edo arte plastikoen esparruko bost profesional eta Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria. Idazkaria Alorreko langile bat izanen da.
 

Kartela: elementuak, egitura, lema...

Aurten, berriz ere, egile edo kolektibo artistiko bakoitzak kartel bakarra aurkezten ahalko du, eta horrek jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa izan beharko du. Ezin izanen dute parte hartu aurreko edizioetan finalista geratu diren obrek; oinarriek zehazten dutenaren arabera halakotzat jotzen da aurreko edizioetan hautatutako hogei obretako edozein (horiek ezagutza publikokoak baitira). Kartelaren neurriek 820 x 1171 pixel izan behar dute,  72 pixel/hazbeteko erresoluzioa eta gehienez ere2 MB.
 

Ohi bezala, kartelaren konfigurazioak bertikala izan behar du, eta 1000 mm x 700 mm-ko formatuan aurkeztua. Jatorrizko lanak honako testua eduki behar du: “Pamplona / Iruña. San Fermín 2020. 6 al 14 de julio /Uztailaren 6tik 14ra”.
 

Izena emateko on line gunean, hasierako formularioa bete eta jatorrizko lana igotzeaz gain, kartela labur deskribatzeko aukera dago, gehienez ere 200 karaktere erabiliz, eta teorikoki azaltzen ahalko dira hala kontzeptua nola haren osagaiak (konposizioa, koloreak, tipografia eta sinbologia). Formularioan, halaber, identifikazio-datuak, jatorria eta abar eman behar dira, bai eta parte-hartzailearen curriculum profesionala laburki aurkeztu ere (gehienez 800 karaktere).
 

Izena eman eta lehiaketa bukatu ondoren

Izena emateko epea zabalik egonen da apirilaren 1eko 14:00ak arte. Eskatutako informazio guztia sartu eta gero izen-ematea mezu elektronikoen bidez osatuko da. Lehenengo unean sistemak automatikoki igorriko dio interesdunari formularioaren datuen laburpena, hark digitalki baliozkotu dezan (bigarren urratsa), eta, horrela, haren parte-hartzea berresteko (mezu horretan aurrez aurkeztutako kartelaren lema, identifikazio-agiria eta lehiaketan erreferentziazko izanen duen plika-zenbakia agertuko dira). Azken jakinarazpen hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.
 

On line prozedura hau berria da lehiaketan, baita oinarrietan jasotako zenbait aurreikuspen ere, adibidez, Udalak beretzat gordetzea aurkeztutako jatorrizkoetako akats ortotipografikoak zuzentzeko aukera. Iruñeko Udalak, saria ordainduta, jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak beretako bakarrik eskuratuko ditu legeak ezarritako epearen barruan. Oinarrietan ere jasotzen da saritu ez diren jatorrizko lanak suntsitu edo berreskuratzeko aurreikuspena, eta partaideen datuen trataera, Datuak Babesteko Legearekin bat.