Ilan Wolff (Nahariya, 1955) jatorri israeldarreko argazkilari esperimentala, XXI. mende bete-betean Aristotelesek edo Leonardo Da Vincik jada ezagutzen zuten teknikarekin, Kamera Ilunarekin, argazkiak sortzeko teknikan espezializatu da, eta Ziudadelan dugu argazkilaritzaren hizkuntzaren soiltasun zaharrean oinarritzen den erakusketan. Erakusketak kamera estenopeikoaren eta fotogramen tekniken bidez sortutako 100 iruditik gora jasotzen ditu aurkezpenaren prentsaurrekoan azaldu bezala, zeinetan Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta Xosé Garrido erakusketaren komisarioak ere parte hartu baitute: azken honek erakusketarekin batera datorren testua idatzi du.
Erakusketa Ziudadelako Mistoen eraikineko beheko solairuan egonen da ikusgai, maiatzaren 9ra arte. Bisita-ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era, eta igandeetan eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. 1984. eta 2008. urteen bitartean zuri-beltzean egindako irudi bitxiak eskaintzen dizkigu, zeinetan espazio ezagunak agertzen baitira, besteak beste, Jerusalem, Negeveko basamortua, Paris, Hamburgo, Donostia, New York eta Oviedo. Horrez gain, ilunabarren, su-, aire- eta ur-elementuen, eta landareen argazkiek osatzen dute.
Egileak teknika zaharrei buruz egindako ikerketak, prozedura-metodoak eta bere obra osoa ere hausnarketa sakona dira argazkigintzak historiarekin, teknologiarekin, norbanakoarekin eta esku hartzen duen espazio sozialarekin dituen harremanei buruz.
Egileak berak sortutako kamerak
Ilan Wolffek, Xosé Garridok erakusketaren aurkezpenean azaldu bezala, kamera estenopeikoak –‘pinhole’ bere ingeleseko izenez ere ezagunak– erabiltzen ditu bere lanaren oinarri gisa. Berak egindako kamerak dira, kutxa, zilindro, lata zahar, ontzi itxi zein bere interes eta beharretara aldatu eta egokitzen dituen kamera konbentzionalekin eginak. Lenterik gabekoak eta behar bezala zulatuta, argazki-papera, edo berak emultsionatutako papera sartzen du, batzuetan tolestuta eta forma ezberdinetara egokituta, irudi distortsionatu eta deformatuak lortzeko, betiere erregistro soiletik haratago doan ikusgarritasun batekin. Bere furgoneta eta gela arruntak ere erabili ohi ditu formatu handiagoko irudiak sortzeko.
Argazkilaritzaren jatorriak eta oinarrizko printzipioak berriz ere ikertuz Wolffek esperimentatzeko beste bide bat aurkitu zuen William H. Talbot eta Anna Atkinsen fotogrametan. Horietan objektuen silueta lortzen zen, argazki-emultsioan zuzenean jarri eta argitan jartzen zirenean, inolako kamerarik erabili gabe. Wollfek bi prozedurak uztartzen ditu, kamera estenopeikoa eta fotograma, egileak berak estrenograma izenez bataiatu dituenak sortuz. Horrek aukera ematen dio proiektatutako irudiekin elkarreragiteko, bai negatiboaren gainean kokatutako objektuekin, bai bere silueta propioaren bidez edo beste gorputz batzuenaren bidez, proiekzioaren tartean jarrita.
Bere lana esperimentazioan oinarritzen duen egilea
Xosé Garridok azaltzen duen bezala, Ilan Wolffek “kamerarik gabeko” beste teknika batzuekin saiakuntzak egin ditu, eta horrek argazkilari berritzaile gisa kokatu du horrelako prozeduren erabileran. Deigarrienetako bat ilargigramaren teknika da, hau gauez eta aire zabalean lan egitean datza, eta ilargi betearen argia da paper emultsionatua belatzeko gai den energia iturri bakarra.
Bere azken lanetan ohikoak diren beste teknika batzuk honako hauek dira: kalorigrama –argia ez dago prozesuan inplikatuta eta beroa da, kasu honetan, paper-fotosentikorrean irudia agertzeko energia-iturri bakarra–, naturogramak – zuhaitz-hosto, landare, lore, fruitu, hondar eta intsektuak emultsioarekin denbora luzez kontaktuan jarrita egiten dira eta ondoren errebelatua manipulatzen da eskuekin eta hainbat objekturekin: zoru-garbigailuak, eskuilak, orraziak, belakiak, etab.) ematen dituen hainbat kimikorekin–, eta pinogramak –kamera ilunaren eta fotogramen beste konbinazio konplexu eta neketsu bat–.
Bere jardun artistikoa hertsiki lotuta dago bere metodo eta esperimentuen hedapenarekin. 1993tik, Ilan Wolffek lantegiak ematen ditu mundu osoko eskola, unibertsitate, museo eta arte-zentroetan, Aline Rutily Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aholkulari artistiko eta artearen pedagogiari buruzko hainbat libururen egilearekin garatutako kontzeptu didaktiko batean oinarrituta.