‘Jasangarritasuna lantzen elkarrekin’ ekimenak ikastetxeei bizipenezko jarduerak eskaintzen dizkie ikasleak beren ingurunera hurbildu eta hura balioetsi eta errespetatzen ikas dezaten

‘Jasangarritasuna lantzen elkarrekin’ ekimenak ikastetxeei bizipenezko jarduerak eskaintzen dizkie ikasleak beren ingurunera hurbildu eta hura balioetsi eta errespetatzen ikas dezaten
Udalak hainbat jarduera proposatzen ditu Ingurumen Hezkuntzako Museoan eta berdeguneetan, ikastetxeetan lantzeko material ibiltariak eta onlineko baliabideak

 

 

Iruñeko Udalak epea ireki du ikastetxeek ‘Jasangarritasuna lantzen elkarrekin’ programan izena eman dezaten. Programak bizipenezko esperientziak eskainiko ditu ikasleak beren ingurunearen errealitatera hurbiltzeko, ingurunea ezagutu eta disfrutatu dezaten, balioetsi eta harekin begirunezko eta errespetuzko harremana eduki dezaten.

Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak bultzatuta, hainbat jarduera eskainiko ditu, online, Ingurumen Hezkuntzako Museoan, haren ingurunean eta ikastetxeen ondoan dauden hainbat berdegunetan, hezkuntza etapa guzientzat. Horrela, proposamenak egonen dira Haur Hezkuntzatik Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateraino, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako hiru zikloetatik igarota eta dibertsitate funtzionaleko taldeak barne hartuz. Programazio osoa Ingurumen Hezkuntzako webgunean kontsultatu daiteke.

Ikastetxeek euren eskura dituzte jasangarritasuna lantzeko beste hainbat udal-baliabide, hala nola, ‘Maleta ibiltariak’, ‘Zinema eta ingurumeneko Nazioarteko Ecozine Jaialdiaren Gazte-atala’ eta ‘Museoa zeureganatu’, zeinak ikastetxeek egiten dituzten lanak Udal-baliabide horretan erakusteko aukera ematen baitu. Era berean, ikastetxeek Ingurumen Hezkuntzako Museoko erakusketa iraunkorra eta aldi baterakoak bisitatzeko aukera dute. Jasangarritasunaren inguruko prestakuntza hori guztia Iruñeko Udalaren ‘Go Green Iruña’ estrategiaren barruan kokatzen da, zeinak barne hartzen baititu klima-aldaketaren aurkako ekimenak.

Iruñeko zein kanpoko ikastetxeendako

Jarduera guztiak doakoak dira, eta dagokion hezkuntza-zikloari egokituta daude. Gaztelaniaz eta euskaraz gauzatzen ahalko dira. Onlineko jarduerak, material ibiltariak eta Ingurumen Hezkuntzako Museoan egiten diren gidatutako jarduerak Iruñetik kanpoko ikastetxeei ere zuzenduta daude. Parte hartzeko aldez aurretik erreserba egin behar da, onlineko proposamenetan salbu.

Izen-emateak Ingurumen Hezkuntzako Lantaldearen 948 420 984 telefonoan egin daitezke. Gomendagarria da aldez aurretik harremanetan jartzea jarduera talde bakoitzaren interes eta beharretara eta unean uneko osasun egoerara egokitzeko.

Biodibertsitatea, kontsumoa, hondakinak, aztarna ekologikoa, zarata, klima-aldaketa...

Onlineko jarduerak jasangarritasunari lotuta daude eta ikastetxean edo etxean egin daitezke. Esaterako, Haur Hezkuntzan ibaia eta kutsadura lantzen dira eta Lehen Hezkuntzako hiru zikloetako bakoitzari proposamen ezberdin bat eskaintzen zaio: lehenengoari biodibertsitatea, kontsumoa eta hondakinak ardatz dituen proposamena, bigarrenari elikadura osasungarria eta jasangarriari buruzkoa, eta hirugarrenari zarata edo kontsumoari lotutakoa. Maila bakoitzari egokituta, Bigarren Hezkuntzatik Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateraino, proposamenak zinema, kontsumoa eta hondakinak uztartzen ditu.

Ingurumen Hezkuntzako Museoan eta kanpoaldean egiten diren jarduerak inguruneko hainbat esparruri buruzkoak dira. Hainbat gai lantzen dira, hala nola, biodibertsitatea, hondakinak, kontsumoa eta klima-aldaketa. Astearte eta ostegunetan egiten dira, goizez, ikasturte osoan zehar. Jarduerak parte-hartzaileen adinetara egokitzen dira, adibidez, Lehen Hezkuntzako ikasleei esploratzaile txiki bihurtzea proposatzen zaie; Bigarren Hezkuntzan, berriz, ikasleak aztarna ekologikoaz eta ehun-kontsumoaz jabetzen dira.

Ikastetxeen ondoko berdeguneetan zenbait jarduera gidatu egiteko aukera ere badago, naturarekiko loturak sendotzea eta eguneroko bizitzan ondoan dauden berdeguneak ezagutzea xede hartuta. Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago, eta goizez eginen da, astelehenetik ostegunera.

¿Te ha sido útil esta página?